Eduki publikatzailea

Estellerriko Mendiko udalerriek lehen sektoreak eta energia berriztagarriek klima-aldaketara egokitzeko eta arintzeko neurri gisa duten garrantzia aldarrikatu dute

Alkateen Itunaren eskutik LIFE-IP NAdapta-CCk antolatutako tailer batean, abeltzaintzak suteen kudeaketan eta baso-kudeaketa egokituan duen zeregina nabarmendu zuten, baita Administrazioa energia berriztagarrien erabilerari dagokionez eredu izatearen garrantzia ere.

28-01-2022


Estellerriko Mendiko hainbat udalek bat egin zuten LIFE-IP NAdapta-CCk Alkateen Itunaren eskutik antolatutako tailerrekin, tokiko izaera duten Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planak (KEIEP) sortzen aurrera egiteko helburuarekin; besteak beste, Ameskoabarrena, Iguzkitza eta Gesalatz izan ziren bertan.

 

Herri horietako klima-aldaketara egokitzeko, hura arintzeko eta energia-pobreziari buruz gehien aztertu ziren neurrien artean, baso-kudeaketa ikuspegi klimatikotik txertatzea nabarmendu zen, bai eta basoko suteak prebenitzeko basalandarismoa, abeltzaintza-sektorea duten herrietan, larreak eta herri-lurrak zaintzeko. Nekazaritzari dagokionez, tokiko produktu ekologikoaren alde egin zuten, pestizidarik gabekoa.

 

Energia berriztagarriak ere izan ziren tailerraren ardatz. Ildo horretan, bat etorri ziren Administrazioa eredu izan behar dela aipatuz, ahal den neurrian instalazio publikoak egokituz. Udalerri horietan, etxebizitza gehienek gasolioa erabiltzen dute berokuntzarako, eta zailtasunak izaten dituzte erregai hori ordezteko. Horregatik, oso garrantzitsutzat jo zituzten energia berriztagarrien instalazioak, energia-komunitateak sortzea, eta, horretarako, aholkularitza eskatzen dute, hala nola eskualde-mailako klima-ekintzako politikak koordinatuko dituen pertsona bat; edo lankidetza publiko-pribatura jotzea ekintza horiek abian jartzeko. Era berean, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua egiten dute, baita bizilagunek eta turismo-sektoreak erabiltzeko karga-puntuen igoeraren aldekoa ere.

 

Komunitateko konpostajea, udalerri batzuetan jada egiten dena, landu beharreko beste gai bat izan zen. Hondakinen murrizketa sustatzearen alde egin zen, hondakinen bereizketa eta berrerabilera sustatzen jarraitzearen alde, eta, horretarako, kontzientziazioa eta herritarren pentsamoldea aldatzea beharrezkoa da.  

 

Azkenik, uraren kudeaketari dagokionez, bertaratuak bat etorri ziren klima-aldaketa hirigintza-planteamenduetan integratzearen garrantziari buruz; larrialdietako eta babes zibileko protokoloak sortu eta hobetzeari buruz; uholdeen aurreko arriskuak identifikatu eta mapatzeari buruz; ibaiertzak leheneratzeari buruz; eta ihesak konpontzeko hornidura-sistemaren egoerari buruzko azterlan bat egiteari buruz.