Eduki publikatzailea

Klimaren eta Energiaren aldeko Ekintza Planean gauzatutako 7 udal-jarduera aurkeztu ditu Nafarroak

Alkatetzen Itunaren II. Jardunaldian aurkeztu ditu, Tafallan, eta bertan izan dira 41 toki-erakunde, klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko mundu-mailako ekimenarekin bat eginda daudenak.

21-11-2024


Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planen (PACES) esparruan toki-erakundeek gauzatutako 7 udal-jarduera aurkeztu ditu Nafarroak ostegun honetan. Besteak beste, honako hauek izan dira: energia hidraulikoa eta tokiko kontsumorako eguzki-energia sortzea Huarte Arakilen, tokiko produktuak merkaturatzeko zirkuitu laburren sare bat martxan jartzea Zangozako Merindadean edo klima-babesleku bat sortzea Arboniesen  (Erromantzatua).

Ostegun honetan Tafallan egin den 2024ko Klimaren aldeko Alkatetza Jardunaldian eman dira ezagutzera eta Nafarroako 41 udaletako ordezkariek hartu dute parte. Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa-Lursareak antolatutako topaketaren helburu nagusia, LIFE-IP NAdapta-CC Europako proiektuaren esparruan, toki-erakundeen artean aurrerapenak, irtenbideak eta esperientziak partekatzea izan da, bai eta sareko lanaren bidez tokiko ekintza klimatikoa indartzea ere.

Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiak jardunaldiaren irekieran adierazi duenez, “klima-aldaketaren aurkako borroka maila guztietan egin behar da, eta tokiko eremua ere ezinbestekoa da klima-krisia geldiarazteko eta 2015eko Parisko Akordioaren helburuak betetzeko. Toki-erakundeen zeregina funtsezkoa da klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko jarduera zehatzak gauzatzeko eta, ildo horretan, oso eraginkorra izan da Ingurumen Sailak eta Nasuvinsa-Lursareak klima-ekintzako planak egiteko koordinaziorako eta laguntzarako LIFE-IP Nadapta-CC proiektuaren esparruan egindako lana”.

Bretañak adibide zehatz bat eman du: “Nafarroako 48 udalerrik dagoeneko badute uholdeei aurre egiteko beraien larrialdi-plan berezia, aurrerapen handia prebentzioaren aldetik, eta toki-erakundeak zoriontzea merezi du; izan ere, duela hamarkada bat, lau edo bost udalerrik baino ez zituzten plan horiek”.

Jardunaldian hainbat erakundek ere parte hartu dute, hala nola Alkatetzen Itunaren Europako Bulegoak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF), Erdialdeko Garapen Partzuergoak, Iraunkortasunerako Toki Erakundeen Nafarroako Sareak (NELS Sarea), Cederna-Garalurrek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN), ekimen honi atxikitako udal eta kontzejuen ordezkariek eta NASUVINSAren Lursarea unitate teknikoak, LIFE-IP NAdapta-CCren ekintza honen lan teknikoak garatzen baititu Nafarroako Gobernuko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiarentzat.

Jarduera zehatzak

Nasuvinsa sozietate publikoak Nafarroako hainbat udalerritan garatu diren Ekintza Planak (PACES) nabarmendu ditu, baita plan horiek barne hartzen dituzten ekintzak ere, tokiko ekintza klimatikoaren jardunbide egokien adibide gisa, beste udal batzuetan inspiratzaileak eta errepikagarriak izan daitezkeenak.

Ondoren, bideo formatuan, protagonistek aurkeztu dituzten arrakasta-kasu horietako zazpi ikusi dira. Horrela, Tania Rodríguez Cederna-Garalurreko teknikariak Zangozako  Merindadeko 'Jakiak ehuntzen' proiektua aurkeztu du. Proiektu horren helburua tokiko produktuak merkaturatzeko zirkuitu laburrak sortzea da, lurralde berean ekoizten dena kontsumitzeko eta Zangozako Merindadeko 57 udalerritako ekoizleak, saltokiak eta kontsumitzaileak batu ditu. Daniel eta Nina Carasso Fundazioaren finantzazioarekin, «Elikadura-Sistema Lurralderatu Elektrikoen» proiektuetarako deialdiaren bidez, sare logistiko bat diseinatu eta abian jarri da, tokiko produktuen banaketa hobetzeko eta inguruko saltoki txikietarako, jatetxeetarako, turismo-establezimenduetarako eta abarretarako sarbidea errazteko. Lantaldeak eta jarraipen-batzorde bat sortu dira. Horrelako jarduerek lotura handia dute klima-aldaketarekin, energia aurrezten eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen dutelako, eta biztanleria lurraldearekin lotzen laguntzen dutelako. Beraz, lurraldeari eusten eta kudeatzen laguntzen dute, klima-aldaketara egokitzen lagunduz.

Era berean, Txomin Huartek, Uharte Arakileko alkateak, Sakana bailarako udalerrian egindako ‘Energia hidraulikoa eta eguzki-energia tokiko kontsumorako sortzea’ ekimenaren berri eman du. Ekimen hori energia-arintzera eta autosufizientziara bideratuta dago. Uharte Arakil ahotik urez hornitzen duen Ganbeletako iturburuak indar handia du eta uralitazko hodiak etengabe hausten dira. Nafarroako Gobernuak finantzatutako proiektu horri esker, hodiak konpondu dira eta, aldi berean, horiek hobetzeko eta erabilera berri bat emateko dauden instalazioak baliatu dira: energia berriztagarria sortzea (hidraulikoa eta eguzkiarena, aldi berean). Instalazioak urtean 103.500 kw inguru sortzen ditu; hau da, Uharte Arakilen 35 etxebizitza kontsumi ditzaketenak. Zaila da horrelako instalazio batek izan dezakeen amortizazio- eta aurrezki-epea kalkulatzea, baina errendimendu osoz funtzionatuz gero, udal-kutxei urtean 20.000€ aurreztea ekar liezaiekeela kalkulatzen da, eta 90-100 tona CO2 aurreztea.

Era berean, Arboniés kontzejuko lehendakari Salomé Iribarrenek ‘Plazatik hariztira Ekintza Plana: klima-aldaketari egokitutako hirigintza' nabarmendu du. Plan horrek Nafarroako toki-erakunde txikienetan auzolana erabiltzeari balioa ematen dio, eta, kasu askotan, ekonomikoki bideragarriak ez diren proiektuak gauzatzea ahalbidetzen du. Kasu honetan, tenperatura altuetan topaleku freskagarriagoa sortu da, hau da, babesleku klimatikoa. Auzolanean espazioa diseinatu da, hormigoia apurtuz lorategi-eremuak sortu dira, iturri bat eraiki da, altzariak jarri dira eta pergolarekin itzalgune bat sortu da. Hori guztia herritarren parte-hartzearen bidez, hainbat arlotako profesionalekin diziplina artean lan eginez. Proiektu hau tokiko erakundeei emandako dirulaguntzari esker gauzatu da, 2023ko hirigintza-arloko ekintza berritzaileetan dokumentuak, proiektuak eta inbertsioak egiteko, 30.000 €-rekin.

Bestalde, Aitor Elexpuru Berako alkateak eta Teresa Ferrer ISPLNko Ingurumen Osasuneko Ataleko buruak gogoeta egiteko deia egin diete jardunaldian parte hartu duten toki entitateei, ‘Izurrite berriak: Tigre Eltxoa’ izeneko baterako lanaren azalpenarekin . Proiektu hau Berako udalerrian egin dute, gaixotasunak kutsatzen dituen bektore horren presentzia azken urteotan klima-aldaketarekin handitzearen ondorioz.

Azkenik, ‘Baso-suteak prebenitzeko eta horien aurrean babesteko ekintzei buruzko hiru bideo proiektatu dira: ‘Paisaia eta herri erresilienteak baso-suteen aurrean'. Hauek Silvestre Belzunegi Legardako alkateak, Roberto Martínez Esako alkateak eta Sabi Atipov Eguesibarko Udaleko zinegotziak azaldu dituzte.

Hiru udalerrietan hainbat lan egin dira, baina helburu berarekin: paisaia erresilienteak sortzea. Bereziki aipagarriak izan dira Legarda eta Esako kasuak, non 2022ko ekainean izandako suteetatik eratorritako neurriak ezarri diren, Nafarroan 15.000 hektarea baino gehiago kiskali zirelarik eta Foru Erkidegoko 50 udalerri baino gehiago arriskuan jarri zituztelarik. Eguesibarko kasuak paisaia babestu batean suteak prebenitzeko kudeaketa nabarmentzen du.

Erronkak

Goizean zehar, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunak Nafarroan dituen erronkak ere zehaztu nahi izan dira. Aitor García Galar Nasuvinsako Tokiko Iraunkortasuneko teknikariaren hitzetan, “itun horren inplementazioa bultzatzea da erronka horien helburua”. “Ahalegin handia egin da ekimen hau planifikatzeko. Orain paperetik errealitatera igaro behar da”, azpimarratu du. Hala ere, García Galarrek “klima-aldaketa arintzea eta horretara egokitzea ezinezkoa dela gizartea osatzen duten sektore eta eragile guztien inplikaziorik eta bultzadarik gabe” nabarmendu du. “Ez da posible izango ahalegin indibidualik eta kolektiborik gabe”.

Azkenik, Edurne Arkotxa NELS Sareko tokiko iraunkortasuneko teknikariak jardunaldiaren azken blokea aurkeztu du, Alkatetzen Itunaren esparruan lankidetza-ekintzak ezagutu eta diseinatzeko. Gune horretan, 2024an etxeetan eta kirol-instalazioetan uraren kontsumoa murrizteko egindako bi lankidetza-ekimen landu dira. Alde batetik, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dutxan ura aurrezteko egindako kanpaina, udalei eta esparru akademikoko, laneko eta kiroleko bestelako erakundeei zuzendua. Ekimen hau uda amaieran hasi zen, 24.000 hareazko erloju txikiak 36 udaletan banatuz, herritarrei dutxa bakoitzaren iraupena 4 minutura mugatzera eta ura eta energia alferrik ez xahutzera gonbidatzeko. Kanpaina hau Nafarroako gainerako gizartera zabaldu berri da. Eta, beste alde batetik, Agoitz, Irunberri eta Elo udal kirol instalazioetan ura aurrezteko sistemen azterlana, hiru udalerri horietako kirol instalazioetan oinarritutako proiektu pilotu bat, herritarrak gai horren inguruan sentsibilizatzea bilatzen duena.

Jardunaldia taldeen dinamika batekin amaitu da, ekimen berriak asmatzeko helburuarekin. Ekimen horiek, iaz egindako lehen jardunaldian planteatu zirenak eta 2024an zehar egin direnak bezala, 2025ean gauzatu ahal izango dira.

Berdesia proiektuari bisita

Jardunaldia Pinar de Ereta basora egindako bisita batekin hasi da. Bertan, Tafallako Udalak Berdesia proiektua aurkeztu du. Ekimen hau basoa garbitu, egokitu eta birmoldatzean datza, hainbat ibilbide tematikorekin. Ekintza hori Red Explora erakunde elkartuari esker egin da, 250 pertsona baino gehiagok parte hartu baitute auzolanean, eta Hiriko Boluntariotza, Intsumisoak, Garrasika Talde Feminista, Tasubinsa eta Kolasako gazteak lankidetzan aritu dira.

Proiektuaren helburuak azpiegitura berdeak sortzea eta konektatzea, aniztasuna sustatzea, espazio degradatuak berreskuratzea eta kontserbatzea, tokiko ekonomiari mesede egitea, ingurumena errespetatzen duten ohiturak sustatzea, klima-aldaketara egokitzea eta gizartean eta elkarteetan inplikatzea: komunitatea sortzea, dira.

Alkatetzen Ituna Nafarroan

Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Ituna mundu mailako ekimena da eta, horren bidez, tokiko gobernuak berotegi-efektuko gasak (BEG) murrizteko helburuekin bat datoz,  ikuspegi komuna hartuz klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko, bai eta pobrezia energetikoari aurre egiteko ere. 2050erako neutraltasun klimatikoa lortu nahi du, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak murriztuz, energia-eraginkortasuna hobetzeari eta energia-iturri berriztagarriak gehiago erabiltzeari esker. 2030ean isurketak %55 murriztea da helburua, eta 2050ean, gutxienez, %80 murriztea.

Helburu horrekin, 2019az geroztik, eta gaur egun, Nafarroako 210 udalerrik borondatez bat egin dute; horietatik 202k dagoeneko egin dute eta 170k osoko bilkuran onartu dute Ekintza Plana edo PACES. Helburua arintze-neurriak eta pobrezia energetikoa lantzea da, bai eta udalek klima-aldaketaren ondoriozko inpaktuen aurrean duten erresilientzia areagotzea ere, egokitzapen-neurriak hartuta. Horrela, bada, Nafarroako lurraldeko udalerrien berezitasuna kontuan hartuta, haien ezaugarri berezietara egokitutako plangintza klimatikoa diseinatu da, bai eta haien populazio-tamaina (kasu batzuetan txikia), baliabide tekniko eta ekonomikoen eskuragarritasun mugatua edo klima-aldaketaren ondoriozko arrisku espezifikoekiko esposizioa ere.

Puntu horretan, eta udalerriei tokiko ekintza klimatikoaren erronka horri aurre egiten laguntzeko, Nafarroako Gobernuak eta Nasuvinsa-Lursareak, LIFE-IP NADAPTA-CC, Plan4CET eta Life Pyrenees4Clima bezalako proiektu europarren esparruan, laguntza teknikoa eta laguntasuna bultzatu eta eskaini dute, udalerriak Itunari atxikitzeko eta dagozkien Ekintza Planak (PACES) egin eta ezartzeko.