Eduki publikatzailea

Klima-aldaketak araztegietan dituen ondorioak alerta-sistemen bidez nola arindu aztertu da jardunaldi batzuetan

13-12-2018



Europako hegoaldean, klima-aldaketak uholde, lehorte eta emari zirkulatzaileen murrizketa ekarriko du. Beraz, ur-masak kutsadurarekiko eta isurketekiko sentikorragoak izanen dira, eta araztegiek aurre eginen diote egoera horri sistema aurreratuagoekin eta teknologia berrien ezarpenarekin.

LIFE NAdapta proiektuaren bidez, "Hondakin-urak tratatzeko instalazioetan gerta daitezkeen ingurumen-larrialdien aurrean alerta goiztiarreko sistema bat garatzea" helburu duen ekintza bideratu da. Hori dela eta, NILSAk, Nafarroako Gobernuko hondakin-uraren saneamenduaz arduratzen den enpresa publikoak, erakunde bazkide gisa eta esperientzia, informazioa eta jardunbide egokiak trukatzeko espazio bat ezartzeko helburuarekin, jardunaldi batzuk antolatu ditu, proiektuaren esparruan, araztegietako alerta goiztiarreko eta kontroleko sistemei buruz, kontrolik gabeko isurketak, ur-uholdeak eta bestelako ezohiko gertakariak prebenitzeko.

Jardunaldiak 2018ko abenduaren 12an eta 13an egin ziren, Baluarten, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuko Toki Administrazioko zuzendari nagusi Xabier Lasak inauguratu zituen, adituen panel batekin.

Landutako gaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bizkaian eta Sevillan karga industrial handia duten araztegien prebentzio-kontrolean izandako arrakasta-kasuak; saneamendu-sistemen diseinuan eta eragiketan ezagutzan oinarritutako sistemen aplikazioa; jatorriko kontrol-estrategiak; erabakiak hartzen laguntzeko eta alerta goiztiarrerako sistemak, eta big data erabiltzea.

Hilaren 12an, 79 pertsona bertaratu ziren iturrien eta alerta goiztiarreko sistemen kontrolean izandako esperientziei buruzko lau aurkezpenetara. Hilaren 13an bost talde antolatu ziren (60 pertsona) eta emaitzak aurkeztu ziren. Ondoren, bertaratutakoek Tuterako hondakin-urak tratatzeko instalazioa bisitatu zuten. Bertaratutakoek oso positiboki baloratu zituzten egindako lantaldeak, antolaketa eta aurkezpenak.