Eduki publikatzailea

ISPLNk klima aldaketari eta osasunari buruzko tailerra antolatu du tokiko erakundeentzat

Tailerra Nasuvinsa-Lursarearekin batera antolatu da LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren baitan

29-04-2024


Joan den apirilaren 24an, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak "Toki entitateak klima aldaketaren aurrean osasuna egokitzeko, babesteko eta sustatzeko funtsezko eragile gisa" tailerra hartu zuen egoitza nagusian. Saioaren helburua ISPLNk klima-aldaketaren arloan egin dituen lan nagusiak ezagutzera ematea eta toki-erakundeek horri aurre egiteko izan dezaketen zeregina indartzea izan da. Edukia hiru bloke nagusitan egituratu da: muturreko tenperaturak, airearen kalitatea eta gaixotasunen bektoreak. Hitzaldiak ISPLNko eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko teknikariek eman dituzte.

ISPLNk bi mezu nagusi helarazi nahi izan ditu. Alde batetik, funtsezkoa da osasunaren ikuspegia txertatzea klima-aldaketak eragindako inpaktuak aztertzerakoan. Osasunaren arloko egokitzapena ezin da soilik planteatu osasun-zaintza hobeari eta norbanakoen ohiturak aldatzeari dagokienez. Ikuspegi zabalagoa izan behar du, komunitarioa; ikastetxeak eta lan-zentroak egokitzea, babesleku klimatikoak sortzea, hiri osasungarriak planifikatzea, mugikortasun jasangarria eta abar erraztuko duten egiturazko aldaketen bidez.

Bestalde, tokian-tokian klima-aldaketaren aurrean lan egitea funtsezkoa da, aldaketa horren ondorioak nabarmenagoak izango baitira. Hemen hedatzen dira lurraldetik eta herritarrengandik hurbilen dauden politikak. Beraz, tokiko gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, osasunaz gain, hezkuntza-, gizarte-ongizate-, garraio-, ingurumen-, kultura-, hirigintza-, etxebizitza-, kirol-, segurtasun- eta abar-politiken bidez.

Neurri horiek guztiak behar bezala aplikatzeko, ahalegin partekatu eta koordinatua egin behar da Nafarroako Gobernuaren eta toki administrazioen artean, eta herritarren lankidetza ere oso garrantzitsua da.

Ikerketek erakusten dute gure osasunaren % 75, gutxi gorabehera, gure bizitza garatzen dugun ingurunearen mende dagoela; hau da, bizimoduen, eraikitako ingurunearen, ingurune naturalaren eta gizarte-harremanen konbinazioa da. Horrek esan nahi du osasun kolektiboa, neurri handi batean, osasun-sektoretik kanpoko politikek zehazten dutela.
Horregatik, garrantzitsua da politikak egiteko prozesuetan osasun-arloko gogoetak sartzea, eta lehentasuna ematea osasuna eta bizitza osasungarria sustatzeari hiri-plangintzari eta eraikitako inguruneari, parkeei eta jolas-instalazioei, mugikortasunari eta garraioari, lehen haurtzaroari eta hezkuntzari, iraupen luzeko zainketei eta beste sektore askori buruz erabakitzeko orduan.