Eduki publikatzailea

‘Zona Hospitalaria’ aldizkariak polenaren arriskuei eta LIFE-IP NAdapta-CCk egiten duen monitorizazioaren garrantziari buruzko artikulua argitaratu du

Europako proiektu integratuak bi kaptadore osagarri gehitu ditu Atlantikoko (Doneztebe) eta Mediterraneoko (Tutera) zona klimatikoetan.

19-06-2023


‘Zona Hospitalaria’ aldizkari digitalak, bere azken argitalpenean [101. alea], polenak osasunerako dituen arriskuei buruzko artikulu bat aurkeztu du. Udaberrian zehar, Europako biztanleriaren ia % 40k doministikuak, dindirria edo azkura bezalako sintomak pairatzen ditu begietan, eta horiek hainbat gaixotasun sor ditzakete: errinitisa, konjuntibitisa eta/edo asma.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuak, C5.6 ekintzaren bidez, Nafarroako polenaren osaera eta polinizazio aldien aldaketaren zaintza egiten du, klima-aldaketak aldagai horietan duten eragina ezagutzeko. Foru Komunitateak hiru klima desberdin ditu, polen-banaketa bereiziarekin; beraz, monitorizazio aktiboa mantentzeak osasun-arazoak prebenitzen laguntzen du. Datu-bilketa hobetzeko asmoz, proiektuak laginak bildu, ezaugarritu eta kuantifikatzen dituzten bi kaptadore berri ezarri ditu.

Bildutako datuak astero argitaratzen dira, astebeteko iragarpenarekin batera (martxotik ekainera bitartean), biztanleria kalteberari informazioa emateko helburuarekin. Informazio hori guztia gaztelaniaz eta euskaraz jaso dezakete interesdunek, bai posta elektronikoz, bai telefono mugikorrean SMS mezua jasoz. Abisuen hartzaileen zerrendan sartzeko eskatu dezakete 948 012 012 (tarifa laua duten erabiltzaileak) edo 012 (deiaren kostua: 0'34 euro, iraupena edozein dela ere) telefonoetara deituz, edo eskaerarekin batera mezu elektroniko bat bidaliz navarra@navarra.es helbide elektronikora. Bestalde, Iruñean bizi direnek Iruñeko Udaleko 010 Zerbitzuan edo 010@pamplona.es helbide elektronikoan eska dezakete.