Eduki publikatzailea

TEDERek ‘Pobrezia energetikoa: lankidetza horri aurre egiteko tresna gisa’ izeneko tailerra eman du, NASUVINSAk antolatuta, LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan

Alkatetzen Itunaren ekimenaren testuinguruan gai honi buruzko lehen prestakuntza-tailerra da eta Lizarraldean arlo horretan garatutako lan-eredua ezagutaraztea izan zen helburua.

16-11-2023


Joan den azaroaren 9an, ‘Pobrezia energetikoa: lankidetza horri aurre egiteko tresna gisa’ izeneko tailerra egin zen. TEDER elkarteak eman zuen eta NASUVINSA-Lursareak antolatu zuen LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan. Bertan, toki entitateek pobrezia mota horri aurre egiteko izan dezaketen papera jorratu zen. Prestakuntza udaletako eta oinarrizko gizarte-zerbitzuetako teknikarientzat izan zen, eta aurrez aurreko formatuan eman zen Nasuvinsako Bulego Nagusietan.

 

Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planen (PACES) testuinguruan egin zen prestakuntza. Plan horietan klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko ekintzak sartzen dira, baita pobrezia energetikoarekin lotutakoak ere. Tailerraren helburua Lizarraldean arlo honetan garatutako lan eredua ezagutaraztea izan zen.

 

 Mikel Muñoz TEDER Elkarteko InfoEnergia zerbitzuko teknikariak lurraldeko erakundeen arteko lankidetzaren eta aliantzen garrantzia azpimarratu zuen, “neurri zuzentzaile eta urgenteak aplikatu behar zaizkien kolektiboak modu eraginkorragoan identifikatzeko”. Gainera, gaineratu zuen “identifikazio aktibo eta prebentibo hori funtsezkoa dela ahultasun-egoeran dagoen jendeari laguntzeko”.

 

Era berean, tailerrak atal praktiko bat izan zuen, non bertaratutakoek argiaren eta gasaren fakturen oinarrizko gaiak identifikatzen ikasi ahal izan zuten, baita elektrizitatearen bonu soziala izapidetzeko prozedura ere, eta hainbat tresna erabilgarri ezagutu ahal izan zituzten, baita adibide praktikoen eta TEDERen esperientziaren bidez aholkuak jaso ere.

 

TEDERen Infoenergia puntua

 

Doako zerbitzu horren bidez, TEDERek aholkularitza energetikoa ematen die Lizarraldean lan egiten duten tokiko erakundeei, negozio txikiei eta herritarrei. Horrez gain, instalazioak hobetzeko, energia-birgaitzeak eta energia-auditoretzak bultzatzeko, edo energia berriztagarriak instalatzeko eta elektrizitatearen bonu soziala lortzeko dauden laguntzei buruzko informazioa ere eskaintzen dute.

 

Klimarako eta Energía Iraunkorrerako Ekintza Planak– PACES

 

Nafarroako 207 udalerri daude Alkatetzen Itunari atxikita, eta 154k dute BAKEa. Tokiko plan horiek klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak jasotzen dituzte, baita pobrezia energetikoa ere. Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektuak finantzatzen ditu Nasuvinsa-Lursareak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin koordinatuta garatutako ekintza horiek.

 

 

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko informazio guztia jakin nahi baduzu, albisteen hileroko buletinean harpidetu zaitezke formulario hau betez.