Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCren OPEN DAYS 2023 ekimenak Nafarroako Pirinioetako basoen gainbeheran sakondu du

Hitzorduari esker, inguruko izei-masen eta basa-pinuen osasun-egoera ezagutu ahal izan zen. Aurkezten den erronkari buruz hausnartzeko ere balio izan zuen.

02-05-2023


LIFE-IP NAdapta-CCk apirilaren 21ean Erronkari Ibarreko Batzar Nagusian antolatutako 'Basoen gainbehera Nafarroako Pirinioetan' jardunaldiak Nafarroako Pirinioetako basoak bizitzen ari diren osasun egoeraren berri emateko balio izan zuen. Era berean, planteatzen den erronkari eta prozesu horien aurrean izan daitezkeen aukerei buruzko hausnarketa bat motibatzea bilatzen zen. Gainera, hainbat jatorritako baso-inguruneko adituen eta kudeatzaileen topagune izan da, esperientziak eta ezagutzak partekatzeko. Hitzordua Europako proiektu integratuaren OPEN DAYS 2023 programaren barruan kokatu da.

Jardunaldiaren lehen zatian hiru hitzaldi egin ziren. Horietan Nafarroan ikusitako gorabeherei eta Pirinioetan antzemandako kasuei buruz sakondu zen; eta Nafarroako Pirinioetan izei masak (Abies alba) eta pinu basatiak (Pinus sylvestris) jasaten ari diren osasun arazoak aztertu ziren.

Gorabeherak pinu basatian eta izeian

Xabier Santestebanek, Gestión Ambiental de Navarra – Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) sozietate publikoko Baso Osasuneko arduradunak, ekin zion jardunaldiari, eta adierazi zuen LIFE-IP Nadapta-CCk, Baso arloan, “klima-aldaketaren aurkako arriskuak eta urrakortasunak identifikatu nahi dituela, adibidez, ur-erabilgarritasuna murriztea. Hau da, ez duela euririk egiten edo ez duela egin beharko lukeen bezala egiten”. Eta, era berean, “arrisku horien aurrean egokitzeko estrategiak diseinatzea”, zehaztu zuen.

Ildo horretan, Santestebanek honakoa adierazi zuen: “AEMETen datuen arabera, 2022a serieko urterik lehorrena izan da Nafarroako 25 estaziotan, eta batez besteko temperatura 2ºC gainetik izan da serieetako erregistroetan”. 2023ko hasierari dagokionez, Pirinioetan eta Nafarroako ipar-mendebaldean, azpimarratu zuen «garai lehorra» izan zela.

Xabier Santestebanek adierazi zuen GAN-NIKen Nafarroako Baso Masen Ebaluazio Fitosanitarioko Sarearekin (REFINA) lan egiten dutela. “Sare horretan, gaur egun, osasuna ebaluatzeko 79 partzela daude, defoliazio-maila, zer kalte dituen, izurriterik, gaixotasunik edo onddorik duen ikusteko”. Gainera, “lurzati horietan beste eskualde batzuetatik etor daitezkeen izurriteen prospekzio aktiboa egiten” dela adierazi zuen, “zerbait berririk agertzen den ala ez jakiteko”.

Bestalde, muturreko fenomeno meteorologikoekin zerikusia duten baso-osasuneko gorabehera nagusiak azaldu zituen eta gertakari horien jatorria honako hauek direla aipatu zuen: “lehorteak, muturreko bero-aldiak, haizeteak eta ziklogenesia, elur-ekaitzak, txingorra edo izozte berantiarrak”.

Santestebanek adierazi zuen gorabeherak edo gainbeherak “ez dituela eragile bakar batek sortzen, eta faktore anitzeko jatorria duela: abiotikoa, onddoak, intsektuak, eta abar”.
 

Jarraian, Burgi eta Vidangoz (Erronkariko harana) eta Zaraitzu Ibarreko pinu basatien gainbeherak errepasatu zituen, eta adierazi zuen “ez dugula izurriterik antzeman”.

Mendiko basoak eta aldaketa globala

Jarraian, Pirinioetako Ekologia Institutuko Jesús Julio Camareroren txanda izan zen, eta basoek zer nolako estresa jasan dezaketen azaldu zuen. Hala, lau puntu bereizi zituen: “klima-aldaketa (lehorteak, bero-boladak), ziklo biogeokimikoetako aldaketak, espezieen banaketan izandako aldaketak eta lurraldearen erabileraren aldaketak. Lau puntu horiek aldaketa globala dira”.

Zentzu horretan, Camarerok adierazi zuen Pirinioetako Ekologia Institutuak lan handia egiten duela Pirinioetan, “informazio asko ematen digulako, eta aldaketa globalaren ispilu ona delako”.

Drendokronologiaren bidez (zurezko landareen hazkuntza-eraztunen datazioaz arduratzen den zientzia) “zuhaitzaren bizitza nolakoa izan den jakin dezakegu eta berreraiki, lehorteei edo bero-boladei edo intsektuen izurrite edo erasoei erantzun dien ikusiz”.

Testuinguruan kokatu zuen, eta adierazi zuen Nafarroako eta Aragoiko Pirinioetan 1980ko hamarkadaz geroztik izeiak gainbehera egin duela. "Lehorteak izeiaren gainbehera eragiten du, baina basoen artean alde handiak daude aldez aurreko erabilerarekin eta kudeaketarekin lotuta", gaineratu zuen.

Zein baso dira erresilienteenak?

Hirugarren esku-hartzea Jordi Vayredak egin zuen, Ikerketa Ekologikoaren eta Baso Aplikazioen Zentrokoak. Hasieran, basoak, landa-abandonua eta klima-aldaketa aztertuz, erresilienteenak diren basoetan sakondu zuen.

Gogora ekarri zuen azken 30 urteetan baso-azalera “% 52 handitu dela eta basoen aprobetxamenduak murriztu egin direla. Horren ondorioz, gero eta dentsitate handiagoa dute eta dagoen ur kantitate txikiagoa zuhaitz gehiagoren artean banatu behar da”. Gainera, azken hamarkadetan Espainian “hostozabalen gorakada gertatu da, koniferoen kaltetan”.

Vayredak azpimarratu nahi izan zuen “planetako baso bakar bat ere ez dagoela hilkortasunik pairatzetik salbuetsita muturreko gertaera klimatikoengatik”. Eta iragarri zuen “Nafarroako espezie nagusien (izeia, pinua eta pagoa) egokitasun klimatikoa nabarmen murriztuko dela mende amaieran, Pirinioetako zerrenda osoko BAU eszenatoki batean, batez ere Nafarroa aldean”.

Erronkak eta aukerak mahai-inguruan

Ekitaldia amaitzeko, mahai-inguru bat egin zen, Elena Baeza Nafarroako Gobernuko Baso Kudeaketako Ataleko buruak moderatuta. Bertan, Xabier Santesteban eta Jesús Julio Camarero hizlariak; Josep María Riba fitopatologian espezialista eta Kataluniako Generalitateko Nekazaritza Saileko kolaboratzailea izan ziren; eta Rubén Artázcoz, Basogintza Kudeaketako Ataleko baso-ingeniari teknikoa eta Erronkariko/Zaraitzuko eremuko teknikaria.

Bertan, baso hauek aurre egin behar dioten etorkizunari buruzko eztabaida interesgarria sortu zen. Entzule bat kezkatuta agertu zen “Ibarreko arazoa pintoak eta izeiak lehor ikusten ditugula eta lehortzen ari direla adieraztean”.

Ildo horretan, lehorteak koniferoei hostozabalei baino gehiago eragiteko arrazoia ezagutzeko ere sakondu zen. Eta prozesu horien aurrean erronkak eta aukerak planteatu ziren, aldaketa globaleko testuinguru batean.

‘Basoen gainbehera Nafarroako Pirinioetan' jardunaldia LIFE-IP NAdapta-CCren dokumentu-biltegian, beste proiektu-bideo batzuekin batera eta Nafarroa Greeneko Youtubeko kanalean ikus daiteke.