Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CC Biodibertsitatearen Egunera batzen da

Gizakiak klima-aldaketatik zaintzeko duen zeregin nagusia aberastasun naturala babestea da.

22-05-2023


Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, eta aukera paregabea da planetaren funtzionamendu egokirako ekosistemak zein garrantzitsuak diren jabetzeko. Izan ere, aberastasun natural hori zaintzea da gizakiak klima-aldaketatik babesteko duen zeregin nagusia. LIFE-IP NAdapta-CCk, Nafarroako Klima Aldaketara egokitzeko estrategia integratuak, bat egiten du egun horrekin, proiektu integratua Nafarroak Klima Aldaketaren aurkako nazioarteko konpromisoari egiten dion ekarpenaren zati baita.

Dibertsitate biologikoak funtsezko zeregina betetzen du berotze globalaren ondorio negatiboak leuntzeko, horien artean biodibertsitatearen galera baitago.

UNESCOren Dibertsitate biologikoari eta ekosistemen zerbitzuei buruzko gobernuen arteko araudi-plataforma zientifikoak (IPBES) argitaratutako txosten baten arabera, dibertsitate biologikoaren galera bultzatzen duten munduko faktore nagusiak honako hauek dira: klima-aldaketa, espezie inbaditzaileak, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena, kutsadura eta urbanizazioa.

 

Zer da biodibertsitatea?

Termino horrek Lurrean dauden flora-, fauna- eta habitat-espezie ugariri egiten dio erreferentzia, bai eta organismo ugari dituzten ekosistema desberdinei ere (lakuak, basoak, basamortuak eta soroak).

Biodibertsitatea gure planetako ehun bizia da. Giza ongizatearen oinarria da orainean eta etorkizunean, eta haren gainbehera azkarrak naturari eta pertsonei mehatxu bera egiten die.

Baliabide naturalak funtsezkoak dira planetarentzat eta gizakiarentzat, animaliez ez ezik, landareez ere elikatzen baitira. Azken horiek gure dietaren %80a osatzen dute. Era berean, gure osasuna biodibertsitatearekin lotuta dago, pandemien eta gaixotasunen aurkako borrokarako ezinbesteko elementua baita, izurriteak, patogenoak, harrapariak, parasitoak eta giza bizitzaren biziraupena mehatxatzen duten bestelako organismoak erregulatzen laguntzen baitu.