Eduki publikatzailea

2023ko Uraren Munduko Egunak ‘Aldaketa bizkortzea’ du helburu

LIFE-IP NAdapta-CCk urarekin lotutako jarduerak garatzen ditu bi ekintzetatik: C.2 Ura eta C.4 Nekazaritza.

22-03-2023


‘Aldaketa bizkortzea' izan da Nazio Batuek aukeratu duten leloa gaur, 2023ko martxoaren 22an, ospatuko den Uraren Munduko Eguna ospatzeko. Data horrek, gainera, bat egiten du NBEren 2023ko Uraren inguruko Konferentziarekin, gaur New Yorken hasi eta hilaren 24an amaituko dena. Konferentzia hau aukera paregabea da uraren eta saneamenduaren egungo krisiari irtenbideak bilatzeko.

Gobernuek eta gaian interesa duen gizarte osoak bat egingo dute ekitaldi honetan, 6. GJHan (Ur garbia eta saneamendua) aurrerabidea bizkortuko duten borondatezko konpromisoak eta nazioartean adostutako urarekin lotutako beste helburu batzuk hartzeko.

Konpromiso horiek osatuko dute, hain zuzen ere, Uraren Ekintza Agenda, zure ekintza indibiduala ere islatuta egon daitekeen plan azkar eta eraldatzailea.

Izan ere, uraren zikloan zehar aurkitzen diren arazoek planetako gatazka nagusien aurrerapena ahultzen ari dira: osasunetik hasi eta goseteraino, genero-berdintasunetik hasi eta lanetaraino, hezkuntzatik, industriatik edo hondamendi naturaletatik igaroz. Horregatik, premiazkoa da aldaketa bizkortzea, haratago joatea.

Ildo horretan, LIFE-IP NAdapta-CCk Uraren arloan jarduerak garatzen ditu, C.2 ekintzaren bidez, eskaera kudeatzera bideratuak, klima-aldaketaren ondorioz baliabide hidrikoen erabilgarritasunean izandako aldaketak kontuan hartuta eta klima-aldaketak areagotutako gertaera meteorologikoen aurrean erantzuna errazteko ekintza-plana ezarrita. Era berean, Nekazaritzako C.4 ekintzaren bidez, ureztatzeko uraren kudeaketari buruzko egungo teknikak hobetu nahi dira, nekazaritza-ekoizpenetan baliabide baliotsu hori ahalik eta gehien optimizatzeko.

Aldaketa bizkortzea

2015ean, munduak konpromisoa hartu zuen 6. Garapen Jasangarrirako Helburuarekin (GJH), 2030 Agendaren barruan: guztiek 2030erako modu seguruan kudeatutako ura eta saneamendua izango zutela hitzematea.

Hala ere, Nazio Batuen arabera, azken datuek erakusten dute gobernuek batez beste lau aldiz azkarrago egin behar dutela lan 6. GJH garaiz betetzeko, baina hau ez da aktore edo talde bakar batekin konpon daitekeen egoera bat.

“Urak denei eragiten die, eta, beraz, denok hartu behar ditugu neurriak”, baieztatu dute.

Zer da Uraren Munduko Eguna?

Urtero, 1993az geroztik, Uraren Munduko Egunak (martxoak 22) kontzientzia sortzen du eta hainbat ekintza inspiratzen ditu uraren eta saneamenduaren mundu mailako krisiari aurre egiteko; izan ere, 2.000 milioi pertsona bizi dira oraindik edateko urik gabe. NBE Urak koordinatutako nazioarteko ospakizuna da, eta urteko gaia NBEren ur-baliabideen egoerari buruzko Munduko Txostenaren argitalpenarekin lerrokatuta dago.