Eduki publikatzailea

Nafarroako Gobernuak lehentasun nagusi gisa ezartzen du 2024rako Klima- Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen arau-garapena sustatzea

Beste jarduketen artean, Nafarroako Funts Klimatikoa martxan jartzea aurreikusten da; finantza-tresna hau, energia eolikoaren instalazioekin lotutako zergekin, CO2 isurpenen araberako borondatezko konpentsazioekin edo basoko aprobetxamenduak jatorri dituzten diru-sarrerekin hornituko da, eta baliabide horiek klima-aldaketa baretzeko eta egokitzeko politiketara bideratuko dira.

02-01-2024


Nafarroako Gobernuak Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legearen araudiaren garapena sustatuko du, 2024ko lehentasun garrantzitsuenen arteko beste bat izanik. Beste jarduketen artean, Nafarroako Funts Klimatikoa martxan jartzea aurreikusten da; finantza-tresna hau, energia eolikoaren instalazioekin lotutako zergekin, CO2 isurpenen araberako borondatezko konpentsazioekin edo basoko aprobetxamenduak jatorri dituzten diru-sarrerekin hornituko da, eta baliabide horiek klima-aldaketa baretzeko eta egokitzeko politiketara bideratuko dira. Tresna honen filosofiaren arabera, isurpen kaltegarrien agente arduradunek horiek konpentsatu egin beharko dituzte nolabait bere jardueraren karbono aztarna murrizte aldera. Gainera, Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia berria eta instalazio eoliko eta fotovoltaikoen ezarpena arautu egingo dira.

Osasun sistema publikoa indartzea eta errealitate sozial berrira egokitzea, Lanbide Heziketa (LH) Dual bihurtzea, etxebizitza duina arrazoizko prezioetan eskuratzea eta klima aldaketaren aurka borrokatzea dira Nafarroako Gobernuak 2024rako ezarri dituen lehentasun politikoetako batzuk. 

Foru Exekutiboak 2024rako Urteko Araudi Plana onartu du, zeinetan aurreikusi diren lurralde kohesioa bultzatzeko, ingurumen hobekuntzak sustatzeko eta modernizazio digitalean aurrera egiteko gizarte, osasun, hezkuntza esparruko lege eta araudi esparruetako ekimenak. Guztira, lege eta araudi esparruetako 79 ekimen onartzea aurreikusten da, horien artean, 19 lege, 54 dekretu eta 6 foru-agindu, Nafarroako Gobernu Aurrerakoi eta Plural baterako Programa Akordioan (2023-2027) finkatutako lehentasunetan oinarrituak: osasuna; etxebizitza; berrindustrializazioa; azpiegiturak; bizikidetza eta berdintasuna.

Hala eman dute jakitera berriki lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Felix Tabernak; bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskerako kontseilari Ana Ollok; eta hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako  kontseilari Begoña Alfarok.

Plan honen onarpenarekin, foru Exekutiboak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko eta Sektore Publiko Instituzionaleko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan xedatua betetzen du, zeinen arabera Gobernuak segurtasun juridikoa zaintzea duen helburu, onartzekotan den arauen harira eginiko aldez aurretiko planifikazioa baliatuz. Era berean, herritarrei ordenamendu juridikoan dauden nobedadeak aldez aurretik ezagutzeko aukera ematen zaie eta, interesatzen bazaie, horien harira ospatzen diren prozesu parte hartzailetan kolaboratu ahal izatekoa ere bai. Dokumentu hori 2017tik egiten da, eta konpromiso erantsia du bere betetze-mailaren berri jendaurrean emateko.

Osasunean, hezkuntzan eta berdintasunean hobekuntzak bultzatzeko neurriak

Beraz, Nafarroako Gobernuak Osasunaren Foru Lege berri bat onartzea lehenetsiko du, 1990ean onartutako indarrean dagoena eguneratzeko beharraren aurrean. Helburua da egoera soziologiko, epidemiologiko, teknologiko eta profesional berriarekin egokitzea. Nafarroako Osasun Sistemaren izaera juridikoa ikuskatzea aurreikusten da, haren autonomia hedatzeko, maila asistentzial zein klinikoan kudeaketa eredu integratu berriak inplementatzeko, eta kontu ematearen jarduera bermatzeko. 

2024ko hezkuntza esparruan Nafarroako Lanbide Heziketaren sistemaren antolaketa bultzatuko da, hura lan-merkatuarekin konektatze aldera. Horrela, LH-ko eskaintza guztia Duala bihurtu beharko da, prestakuntzaren lehen urtetik enpresetako praktikak barne hartuz. Derrigorrezkoa izango da 2024/2025 Ikasturtean. Bestalde, Oinarrizko Mailako, Erdi Mailako eta Goi Mailako LH-ko zikloen egitura eta curriculoa finkatzen duten foru dekretuak aldatuko dira.

Era berean, eskola-jangeletako araudia aldatzea aurreikusten da, hezkuntza-prozesuaren atal bat gehiago izanik, familiarekin bateragarri egitea errazten duen zerbitzu gisa integratzearren. Foru Dekretu berri bat landuko da zeinen arabera Gobernuak eskola ikasturteko 175 egunetarako diru-laguntzak emango dizkien garraio bidez lekualdatutako (bere udalerritik kanpo) ikasleei eta urrakortasun ekonomikoaren egoeran aurkitzen diren familietako ikasleei. Bestalde, hezkuntza zerbitzu hau emango da halaber irailean eta ekainean, ikastetxeei dagozkien eskola jardunaldiak noiznahi direla ere.

Azkenik, ikastetxeetan ikasleen bizikidetza arautzeko foru dekretua bultzatuko da.

Berdintasunaren esparruan, Nafarroak datorren urtean, lehen aldiz, indarkeria matxistaren ondoriozko umezurtzentzako laguntza ekonomiko zehatzak bideratuko ditu. Seme-alabentzako laguntza zehatzak izango dira, berehalakoak eta kudeatzen errazak, bateragarriak izanik zurztasun pentsioa edo larrialdiko laguntzak bezalako beste prestazio batzuekiko. Era berean, foru Exekutiboak landa-eremuko emakumeek jasan lezaketen askotariko diskriminazioa zuzendu nahi luke, bereziki despopulazioagatik gehien kaltetutako udalerri eta kontzeju haietan eginiko esku-hartze batekin. Hori dela eta, Landa Eremuko Emakumeen Estatutua prestatzen ari da, zeinen baitan hartuko diren landa-inguruneko zerbitzuak hobetzeko neurriak, landa-eremuko emakumeen profesionaltasuna eta espezializazioa hobetzera bideratutako hezkuntza programak, ahalduntzea sustatzeko ekintza zehatzak, etab.

Garapen orekatua Nafarroan

Nafarroan garapen orekatu bat sustatzeko neurrien harira, nabarmentzekoa da despopulazioaren aurkako borrokara bideratutako Lurralde Kohesiorako eta Lurraldearen Antolamendurako Foru Legearekiko bultzada, zein landa-eremuko aukeren berdintasuna eta kohesio ekonomiko eta soziala ahalbidetuz, udalerri bakoitzeko beharrekin egokitutako oinarrizko zerbitzuak emateko asmoarekin planteatzen den. Ondorioz, jende gutxiagoko eremuak nahiago dituztenentzat diskriminazio positibo bat bultzatzen dituzten neurriak ezarriko dira. Era berean, enpresen errotzea eta enpresen deslokalizazioaren aurkako ekintzak bultzatzea aurreikusten da.

Testuinguru honetan, beste arau garrantzitsu eta handizale bat Landa Garapeneko Lege berria izango da, zeinek gobernantza parte hartzaile berri bat planteatuko duen toki-entitateekin, tokiko ekintza taldeekin, gizarte kolektiboekin, eta abarrekin kontatuz. 2003ko egungoa ordeztuko duen lege berriak, eskualde behartsuenengana zuzendutako diskriminazio positiboaren irizpideak ezarriko ditu, politika sektorialak lurralde garapen jasangarriko estrategien eta berraktibazioen palanka bezala jardun daitezen eta politika horiek desorekak leheneratzeko ekarpena egin dezaten. Gainera, etorkizuneko arauak erremintak erabiliko ditu funtsen toki agenteekin eta PDR-ko (Landa Garapenerako Programa) baliabideekin eta PAC berriarekin erabilera eraginkorrago eta partekatuago bat egitearren.

2024an, bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren Foru Legea garatuko da, zeinen helburua izango den salgaien eta bidaiarien garraioak, guztiaren % 30ak alegia, aireratzen dituen CO2-ren isurpen maila murrizteko eredu aldaketa bat bultzatzea

Eraldaketa digitalaren erronkari dagokionez, 2024an foru Exekutiboak aurrerapausoak emango ditu.

Nafarroako Gobernua 2024an garatzekotan den beste arau garrantzitsu batzuk honakoak dira: neska-mutikoen eta nerabeen Nafarroako Kontseiluaren sorrera; kanpoan dauden Nafarroako Herritarrekiko Harremanen otsailaren 22ko 3/2023 Foru Legearen garapenerako foru dekretua; Nafarroako Txertatze Soziolaboraleko Enpresetarako kalifikazio, erregistro eta laguntzen erregulazioa; 2025erako zerga-arloko aldaketak; 112 SOS Larrialdien Kudeaketarako Araudia; eta Nafarroako Foru Komunitateko turismo ibiltariaren gaua emateko eremuen erregulazioa autokarabanen, iragaitzazko karabanen eta antzekoen kasuan, besteren artean.