Eduki publikatzailea

Ultzamako biomasaz hornituriko bero-sarea, NASUVINSAk LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren esparruan egindako Jardunbide Egokien hirugarren bideoa

Ultzamako Udalak herri-basoen biomasarekin hornitutako bero-sare bat du, bertako eraikinak eta instalazioak berotzeko.

07-02-2024


Ultzamako Udalak apustu sendoa egin du jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren alde, eta, besteak beste, tokiko biomasarekin autohornikuntza egin du udal eraikinei beroa emateko. Bero sareak udala, eskola, osasun zentroa, gizarte etxea, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, kiroldegia, frontoia eta udako igerilekuak hornitzen ditu. Horixe da, hain zuzen ere, NASUVINSAk LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan jardunbide egokiei buruz egindako laugarren bideoa.

Proiektu hau udal-instalazioetan energia-eredua aldatzeko beharraren ondorioz sortu zen. Honela, erregai fosilen ordez tokiko lehengaietatik eta modu iraunkorrean kudeatutako mendietatik datozen beste erregai berriztagarri batzuk ezarri ziren.

Horrela, galdara herri mendiko egurrarekin autohornitzen da eta era guztietako biomasa onartzen du (ezpala edo pelleta). Komunala PEFC zigiluarekin ziurtatutako Baso Kudeaketa Jasangarriaren irizpideen arabera kudeatzen da. Udalak egurra atera eta pilatzen du, baita garraioa eta ezpalketa ere. Hau da, berezko bitartekoek egin ezin dituzten balio-kateko jarduerak. Beste alde batetik, zerbitzu anitzetako bi langilek koordinatzen dituzte lanak: bata, basogintzaz arduratzen da ezpala lortu arte, eta bestea, galdara bera eta bere funtzionamenduaz.

Duela gutxi galdarak aldatu egin dira eta askoz eraginkorragoak dira; gainera, funtzioen urrutiko kontrola eta monitorizazioa ahalbidetzen dute. Horrela, nabarmen murriztu dira energia-kontsumoa eta mantentze-kostuak, eta handitu egin da udalaren independentzia energetikoa.

Tokiko biomasaren autokontsumoaren bidezko eredu zirkular honek, klima-aldaketa arintzen laguntzen du; izan ere, erregai fosilak energia-iturri garbiekin ordezkatzen ditu. Gainera, mendi komunalen kudeaketa iraunkorrak eta tokiko baliabideen erabilerak, kliman gerta daitezkeen aldaketetara egokitzen eta erresilientzia bermatzen dute.

Tokiko ekintza klimatikoko jardunbide egokien bideoak

Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Planak edo KEJEP, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari esker bultzatzen dira, Nafarroako Gobernuko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta NASUVINSA-ren eskutik, Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunaren ekimenaren esparruan. Itun horrek Nafarroako 208 udalerri biltzen ditu dagoeneko (2024/02/02).

Udalak hainbat ekintza gauzatzen ari dira klima-aldaketara egokitzeko, arintzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko. NASUVINSAk, jardunbide egoki horietako batzuk identifikatu ditu, beste udalerri batzuetan inspiratzaileak eta erreplikagarriak izan daitezkeenak, eta bideo batzuk egin ditu horiek zabaltzeko eta balioa emateko.

Zure udalerria ere klima-aldaketaren aurkako ekintzak egiten ari bada, lifenadapta@navarra.es helbidean konta iezaguzu, eta horren berri emango dizugu.