Eduki publikatzailea

Ingurumenak 289.000 euro bideratuko ditu ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako

Deialdiak, 2030 Agendaren barruan, klima-aldaketarekiko sentsibilizazio- eta egokitzapen-lanak baloratuko ditu.

08-02-2024


Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Ingurumeneko zuzendaritza nagusiaren bitartez, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuak, ingurumen arloko boluntariotzako ekimenak eta zientzia herritarreko ekintzak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia argitaratu du NAOn. Laguntzek ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruan ezagutza sustatzea dute helburu. Elkarte eta erakundeei zuzendutako deialdiari dagokion eskaera otsailaren 28a bitartean aurkez daiteke, hurrengo fitxaren bitartez

Departamenduak 289.866,00 euro bideratuko ditu jasangarritasunerantz aurrera egiteko eta, besteak beste, kutsaduraren prebentzioarekin, hondakinen kudeaketarekin, energia aurreztearekin, energia berriztagarriekin, ekonomia zirkularrarekin, mugikortasun iraunkorrarekin, nekazaritza ekologikoarekin eta basoen eta habitaten kudeaketarekin lotutako ekintzak sustatzeko. Zehazki, 173.919,60 euro bideratuko dira ingurumen-hezkuntzako proiektuetarako eta 115.946,40 euro herritarren zientzia-proiektuetarako, hau da, ingurunea ikertzearekin eta ezagutzarekin lotutako herritarren partaidetzako ekimenetarako.

Diruz lagundu nahi diren ekintza guztiak Foru Erkidegoan gauzatu beharko dira 2023ko azaroaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean. Jarduerak publiko ororentzat izango dira, orokorrarentzat edo kolektibo espezifikoentzat. Elkarte bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu gehienez, bai ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioko proiektuengatik, bai herritarren zientzia-proiektuengatik.

Klima-aldaketara egokitzeko proiektuak

Deialdi hau bat dator Nafarroako Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendan jasotako helburuak lortzearekin, eta honako helburu hauek ditu: iraunkortasunaren kultura sustatzea gizartea sentsibilizatzeko ekintzen bidez; ingurumen-hezkuntza eta klima-aldaketaren aurrean gizartea sentsibilizatzea hobetzea; habitat naturalen degradazioa murriztea; eta dibertsitate biologikoaren galera geldiaraztea.

Laguntza horiei buruz sor daitezkeen zalantzak argitzeko, Landa Garapen eta Ingurumen Departamenduak informazio-bilera bat egingo du otsailaren 9an, 09:30etan, Departamenduko Areto Nagusian. Bileran parte hartu nahi duen orok helbide honetan eman beharko du izena: esteka.

Informazio gehiago nahi izanez gero, helbide elektroniko honetara idatzi daiteke: educacion.ambiental@navarra.es.