Eduki publikatzailea

Imagen blog

Nazioarteko adituek mintegi bat emanen diete NOPLOIko profesionalei, Klima Aldaketak giza osasunean duen eraginaz

LIFE NAdapta proiektu europarrean sartzen da jardunaldia, eta Klima Aldaketaren aurreko nazioarteko konpromisoari Nafarroak egiten dion ekarpenaren parte da

04-06-2019


Ikerkuntza organismo publiko nagusia den Carlos III.a Osasun Institutuko adituek –Julio Díaz eta Cristina Linaresek– mintegi zientifiko bat emanen diete gaur eta bihar, ekainak 4 eta 5, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile teknikoei, klima aldaketak pertsonen osasunean duen eraginaz.  

Mintegi hau sartzen da Klima Aldaketara moldatzeko  LIFE NAdapta (2017-2025) proiektuan, Europako Batzordeak onartua, Nafarroako Gobernua garatzen ari den LIFE programaren baitan. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak koordinatutako proiektu hau Klima Aldaketari aurre egiteko nazioarteko konpromisorako Nafarroak egiten duen ekarpenaren parte da, Foru Gobernuak Klima Aldaketarako duen Ibilbide Orriaren baitan.

Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat dira Klima Aldaketaren aurreko arintze eta moldatze ekintzak, Klima Aldaketaren eragile diren berotegi gasen emisioak murrizteko, eta haien inpaktua gutxitzeko hainbat sektoretan, besteak beste giza osasunean (LIFE NAdapta Proiektuaren asmoa).

LIFE NAdapta proiektua: giza osasunaren gaineko ondorioak murriztea

LIFE NAdapta proiektuak hainbat arlo ditu, horien artean osasuna, eta Nafarroako Osasun Publikoak eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatzen du. Klima Aldaketak giza osasunean dituen eraginak ezagutu eta moldatzeko neurri berriak definitu nahi dira. Horren barruan lantzen dira Klima Aldaketak osasunean dituen zenbait ondorio: tenperatura altuak herritarren eta langileen artean, airearen kalitatea, gorantz doazen arrisku berriak, polinizazioa eta bektore inbasoreak.  

Tenperatura altuen ondorioetan zentraturiko ekintzaren baitan, hobetzen eta berritzen ari gara "Gehiegizko tenperaturek osasunean duten eraginaren prebentziorako plana", Nafarroako Osasun Publikoak eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatuta. Berrikuntzetako bat izanen da Nafarroa antzeko klima duten eremutan zatitzea, zaintza lanak egiteko eta alertak zabaltzeko, haietako bakoitzaren tenperatura atarien arabera. Atari horiek zehazteko, gaur eta bihar, ekainak 4 eta 5, lantegi bat eginen da NOPLOIn, eta bertan hartuko dute parte Julio Díaz eta Cristina Linaresek, Klima Aldaketan eta osasunean adituak, Madrilgo Carlos III.a Osasun Institutukoak. Halaber, profesionalendako mintegi bat emanen dute: ‘Klima Aldaketaren eragina osasunean: kutsadura atmosferikoa eta muturreko tenperaturak’.

Julio Díaz eta Cristina Linares

Julio Díaz Jiménez Zientzia Fisikoetan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Lurraren eta Kosmosaren Fisika espezialitatean. Carlos III.a Osasun Institutuko zientzialari titularra eta, gainera, Osasun Eskola Nazionaleko Epidemiologia eta Bioestatistika Arloko burua. 25 urtetik gora darama ingurumena eta osasuna ikertzen, batez ere kutsadura kimiko eta akustikoaren, eta muturreko tenperaturen eragina osasunean. 200 argitalpen baino gehiago ditu gai horietan. Gaur egun, OMEren aholkularia da Klima Aldaketak eta muturreko termikoek osasunean duen eraginean, eta "Muturreko tenperaturak eta osasuna" Lantaldea koordinatzen du Espainiako Osasunaren eta Klima Aldaketaren Behatokian. Espainiako Osasun Ministerioaren Tenperatura Altuen aurreko Planaren zuzendari teknikoa da. IPCCren "Klima Aldaketaren Eraginak Giza Osasunean" arloko V. Ebaluazio Txosteneko II. Lantaldeko berrikusle aditua da, eta MedECC Lantaldearen Lehen Txosteneko osasunari buruzko kapituluaren lead author ere bai.

Prebentzio Medikuntzan eta Osasun Publikoan doktorea da Cristina Linares Gil, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gaur egun, zientzialari titularra da Carlos III.a Osasun Institutuko Osasun Eskola Nazionaleko Epidemiologia eta Bioestatistika Departamentuan. Muturreko termikoek morbimortalitatean duten eragina jorratu du batez ere, eta Tenperatura Estremoak eta Osasunaren arloko Adituen Batzorde Zientifikoko kidea da, Osasun eta Klima Aldaketaren Behatokian (Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasunerako Ministerioa). IPCCren "Klima Aldaketaren Eraginak Giza Osasunean" arloko V. Ebaluazio Txosteneko II. Lantaldeko berrikusle aditua izan da, eta gaur egun lead author da lantalde horretan bertan, IPCCren VI. Txosteneko "Klima Aldaketak osasunean duen eragina Europan" kapituluaren arduraduna, bai eta Nazio Batuen eta Osasunaren Mundu Erakundearen aholkularia ere gai horretan.