Eduki publikatzailea

Lizarrak, Caparrosok, Faltzesek eta Funesek 2019an bukatu zituzten uholde larrialdi planak, eta ohartarazteko sistemak

24-03-2020


Lizarrak, Caparrosok, Faltzesek eta Funesek 2019an bukatu zituzten uholde arriskuari aurre egiteko larrialdi planak, eta herritarrei aldez aurretik ohartarazteko sistemak ezarri zituzten. Lau udalerri horiek beren planak jendaurrean aurkeztu dituzte azkenaldian, herritarrendako irekitako saioetan, eta, horien bidez, planen eta horien ondorioz gaitutako tresna informatikoen gaineko informazio zehatza eman zen.

Ekimen hau Europar Batasuneko LIFE Nadapta proiektuaren barnean dago. Proiektu horren xedea da Nafarroan klima aldaketara egokitzea, eta uholde arriskuari aurre egiteko neurri zehatzak jasotzen ditu.

Lizarrako, Caparrosoko, Faltzesko eta Funesko lau kasu horietan, helburua zen udalen eskumeneko larrialdi planak prestatzea eta herritarrei ohartarazteko sistema bat ezartzea, herritarrak uholde arriskuaren aurrean babesteko eta, ahal den heinean, kalterik sor ez dadin edo kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Osoko bilkuretan onetsi ondoan, Babes Zibileko Batzordeak homologatzen ditu planak, ziurtatzeko guztiz bat egiten dutela Uholdeei buruzko Nafarroako Gobernuaren Plan Bereziarekin.

Europar Batasuneko LIFE Nadapta proiektuan jasotzen da Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoak 17 larrialdi plan idatziko dituela Nafarroan, udalerrietako uholde arriskuari aurre egiteko, eta plan horiek kudeatzeko tresna informatikoak ezarriko dituela. Lizarra, Caparroso, Faltzes eta Funes izan dira lehenbizikoak, eta aurreikusita dago 2020an prestatu eta ezartzea udalerri hauetako planak: Tutera, Arguedas, Buñuel, Lodosa, Lesaka, Etxalar eta Bera. Proiektuan sartuta daude, halaber, Tafalla, Cortes, Azagra, Otsagabia, Leitza eta Arruazu.

 

Jendaurreko aurkezpenak udalerrietan

Azaroan eta abenduan jendaurreko lau jardunaldi egin dira, 2019rako aurreikusirik zeudenak. Zehazki, azaroaren 19an jardunaldi bat egin zen Lizarran, azaroaren 26an Caparroson, abenduaren 11n Faltzesen eta abenduaren 18an Funesen. Guztira, 194 pertsona izan ziren lau jardunaldi horietan. Arratsaldez egin ziren denak, jendea joan ahal izateko.

Jardunaldi guztiek antzeko edukiak eta egitura izan dute, eta alkateak arduratu dira horiek aurkezteaz, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko buru Pedro Zuazo Onagoitiak lagunduta.

Saio horietako atal teknikoan, departamentuko, GAN-NIK enpresa publikoko, udaletako eta Nafarroako Tesicnor SL enpresako profesionalek parte hartu dute. Azken enpresa horrek diseinatu du SMS bidezko alerta sistema. Pertsona horiek uholde arriskuaren aurrean lau udaletarako prestatu diren larrialdi planak aurkeztu zituzten, baita aplikazio informatikoa eta LIFE NADAPTA proiektuaren ezaugarriak ere (“Eskualde batean, hots, Nafarroan, klima aldaketara moldatzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzea helburu” da proiektuaren izenburua).  Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko buru José Javier Boulandier Herrerak itxi ditu jardunaldiak.

Lau udalerri horiek (Lizarra, Caparroso, Faltzes eta Funes) uholde arrisku potentzial nabarmeneko eremuetan daude, Uholdeen Zuzentaraua ezartzean mugatu ziren eremuen arabera. Planteaturiko neurriak aurreikusita daude Ebroko demarkazio hidrografikoaren Espainiako zatian Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean (2015-2021), baita Nafarroako Foru Komunitatean uholde arriskuari aurre egiteko Larrialdietarako Plan Berezian ere.

Plan horien egituran zenbait abisu aurreikusten dira, espero den uholdearen magnitudearen arabera igorriko direnak, eta proposatzen da horien arabera aktibatzea larrialdi faseak, bata bestearen atzetik: 0 egoera (larrialdi aurreko egoera), 1 (1. larrialdia), 2, (2. larrialdia) eta 3 (3. larrialdia). Larrialdi fase bakoitzerako, planak ezartzen du zer neurri hartu beharko dituen udalak, hala nola herritarrei aholkuak ematea.  Jardunaldietan, udalek liburuxkak banatu zituzten, planari buruzko informazio orokorra eta herritarrendako aholkuak zabaltzeko. Faltzesen eta Funesen, liburuxka horiek etxez etxe banatu ziren, jardunaldia egin baino lehen.

Neurri hauek LIFE NADAPTA proiektuaren esparruaren barnean daude. Proiektu hori Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak gidatzen du, eta hartan parte hartzen dute, halaber, Osasun Departamentuak (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bitartez), Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta GAN-NIK, INTIA, NASUVINSA-Lursarea eta NILSA enpresa publikoetako bazkideek, baita Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere. Nafarroak klima aldaketari aurre egiteko daukan konpromisoaren parte da proiektu hori –egokitzapenaren arlokoa, hain zuzen–, eta bat egiten du Nafarroako Gobernuaren klima aldaketari buruzko ibilbide orriarekin.

 

Larrialdiak eta berariazko abisuak lau udalerrietan

Planetan prebentziozko neurriak eta neurri operatiboak jasotzen dira, udaletako bakoitzak aurreikusi dituenak udalerrian izan daitekeen uholde arriskuaren kudeaketa integrala egiteko.

Lizarran, plana diseinaturik dago Urederra eta batez ere Ega ibaietako uholde arriskua kudeatzeko, bi ibaiek bat egiten baitute udal mugarte horretan.  “Bola” da kudeatzaile informatikoaren izena, eta hauxe bere webgunea:  https://www.bola-estella.tesicnor.com/eu/home-2/

Caparroson, plana diseinaturik dago kudeatzeko Aragoi ibaiak eta Salado erreka-zuloak udal mugarte honetan izan dezaketen uholde arriskua.
Aragoi ibaiak sor dezakeen uholdearen alerta aktibatuko da, kontuan harturik zer emari daramaten ibai hauek, guztira, Caparrosotik gora: Aragoi, Irati, Onsella eta Zidakos.

Salado eta Cabrería erreka-zuloek gainezka egitearen aurrean alerta aktibatuko da, baldin eta atalase bat gainditzen bada, kontuan harturik zenbat prezipitazio metatu den ordu erdian, ordubetean edo hiru orduan.  “Avenida” da kudeatzaile informatikoaren izena, eta hauxe bere webgunea:  https://www.avenida-caparroso.tesicnor.com/eu/home-2/

Faltzesen, plana diseinaturik dago kudeatzeko Arga ibaiak eta El Pilón erreka-zuloak udal mugarte honetan izan dezaketen uholde arriskua.
Arga ibaiak sor dezakeen uholdearen alerta aktibatuko da, kontuan harturik zer emari daramaten ibai hauek, guztira, Faltzestik gora: Arga eta Riosalado.
El Pilón erreka-zuloak gainezka egitearen aurrean alerta aktibatuko da, baldin eta atalase bat gainditzen bada, kontuan harturik zenbat prezipitazio metatu den ordu erdian, ordubetean edo hiru orduan. “Riada” da kudeatzaile informatikoaren izena, eta hauxe bere webgunea:  https://www.riada-falces.tesicnor.com/eu/home/

Funesen, plana diseinaturik dago kudeatzeko Arga eta Aragoi ibaiek udal mugarte honetan izan dezaketen uholde arriskua.
Arga ibaiak sor dezakeen uholdearen alerta aktibatuko da, kontuan harturik zer emari daramaten ibai hauek, guztira, Funestik gora: Arga eta Riosalado.
Arga eta Aragoi ibaiek bat egiten duten tokian gainezka egiteko arriskuagatiko alerta aktibatuko da, baldin eta atalase bat gainditzen bada, kontuan harturik zer emari daramaten ibai hauek, Funestik gora: Irati, Aragoi, Onsella, Zidakos, Arga eta Riosalado,  “Riada-Funes” da kudeatzaile informatikoaren izena, eta hauxe bere webgunea:  https://www.riada-funes.tesicnor.com/eu/home-2/