Eduki publikatzailea

TEDER eta NASUVINSA Estellerriko 31 toki-erakunderekin lanean ari dira “Alkateen Ituna, klimaren eta energiaren aldeko konpromisoa”egitasmoan

24-01-2020


2019an ituna sinatu zuten 14 toki-erakundeei informazioa eman zitzaien aurtengo aurrerapenei eta lan planari buruz, eta beste 17 toki-erakundek itunari atxikitzeko interesa agertu dute.

 Ostegun honetan, urtarrilaren 23an, TEDER/Jurramendiko Mankomunitateko ekitaldi-aretoan, bi lan-saio egin ziren eskualdeko toki-erakunderekin. Saio horiek TEDER elkarteak eta NASUVINSAk antolatu zituzten.

TEDER elkarteko lehendakaria, Carmen Puerta Extremera, arduratu zen bertaratutakoei ongietorria egiteaz. Saiora Victor Aierdi Lursareko Arloko burua etorri zen eta bi erakundeetako teknikarien laguntza ere izan zen.

 

2019an ituna sinatu zuten toki-erakundeak

 Lan saio hau udal hauetarako antolatu zen: Abartzuza, Allo, Arroitz, Andosilla, Lizarra, Gesalatz, Lodosa, Los Arcos, Mendabia, Oteitza, Salinas de Oro, Sartaguda, Viana eta Villatuerta, 2019an isuriak murrizteko konpromisoa sinatu baitzuten guztiek.

Klima-aldakortasunaren azterketaren ondorio nagusiak laburtu ziren (Europako LIFE NAdapta proiektuaren barnean egin da azterketa hori) eta klimaren karakterizazioari buruzko udal fitxen zirriborroak aurkeztu ziren. Konpromisoa sinatu duten erakunde guztiek eskuratu ahal izanen dituzte fitxa horiek. Fitxetan klima-aldaketarekiko kalteberatasuna eta arriskuak ebaluatzen dira, eta saioan azaldu zen nola txertatu informazio hori guztia Alkateen Itunaren metodologian.

Aurtengo lan modua izanen da hiru hilabetean behin biltzea. Bilera horietan, besteak beste, berotegi-efektuko gas isurien udal inbentarioak landuko dira, eta egokitzapen- eta arintze-neurriak nola lehenetsi ere bai. Neurri horiek PACES – Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planetan sartuko dira. Plan horiek tokian tokiko ibilbide-orriak izanen dira klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko eta bidezko energia-trantsizioa lortzeko.

 

Atxikipen berriak

 Era berean, saio bat antolatu zen Alkateen Itunaren ekimena zertan datzan eta konpromisoei atxikitzeko prozesua zein den bertatik bertara ezagutu nahi zuten toki-erakundeendako.

Covenant of Mayors” edo Alkateen Ituna aurkeztu zen, eta azaldu zen zertan diren klima eta energiarako toki-konpromiso horiek bai Nafarroan eta bai Estellerrian.

Era berean, azaldu zen zein izanen den hurrengo hilabeteetarako lan-plana itunera atxiki nahi duten erakundeendako. Lehenik eta behin, klimaren eta energiaren aldeko zenbait konpromiso onetsi behar dira osoko bilkuran. Ondoren, eskualdeko koordinatzaileari jakinarazi behar zaio (Nafarroako Gobernuari,TEDER elkartearen bidez) eta Itunaren webgunean erregistratzen da.

Hitzordura 17 udal hauetako ordezkariak agertu ziren: Aberin-Muniain, Ameskoabarrena, Aras, Arellano, Barbarin, Cárcar, Deikaztelu, Eulate, Iguzkitzako Barrutia, Larragoa, Lerin, Lezaun, Lukin, Mirafuentes, Torralba del Río, Torres del Río eta Villamayor de Monjardín.

Klimaren eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunaren ekimena Europako proiektu honen esparrukoa d: LIFE-IP NAdapta-CC “Eskualde batean, hots, Nafarroan, klima-aldaketara moldatzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzea helburu”. Besteak beste, proiektuaren xedea da Nafarroako toki-erakunde gehienen klima eta energia arloko politikak bat egin dezan Foru Komunitatearen eta Europar Batasunaren konpromisoekin.