Eduki publikatzailea

NUPeko Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako Graduko ikasleek Tuterako HUA instalazioak bisitatu dituzte

Andrea López Martínek, LIFE-IP NAdapta-CCko NILSAko teknikariak, proiektuaren C.4 ekintzaren barruan ezartzen duten lana azaldu zien.

25-04-2023


Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako Graduko bigarren mailako "Teknologia Kimikoa eta Ingurumenekoa" irakasgaiko ikasleak, Luis Gandia Pascual, Ismael Pellejero Alcázar eta María Atienza Martínez Zientzia Saileko irakasleek emana, Tuterako Hondakin Uren Araztegia (HUA) bisitatu zuten joan den apirilaren 4an. Bisitaren helburua aldez aurretik teorikoki aztertu diren hondakin-ura arazteko eragiketen funtzionamendua behatzea, eta HUA batean egin daitezkeen beste jarduera mota batzuk ezagutzea zen, hala nola ikerketa-proiektuak garatzea. Gainera, erabilitako ekipoak aurkeztu ziren, eta NILSAk LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren barruan garatutako C4.1. ekintza azaldu zen.

Lehenik eta behin, Andrea López Martín NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales, S.A.) sozietate publikoaren Eragiketa eta Mantentze Departamentuko I+G+B teknikariak hitzaldi bat eman zuen, HUA horren funtzionamendu orokorra eta zenbait berezitasun azaltzeko. Ondoren, ikasleek hondakin-urak HUAra iristen denetik Ebro ibaira isurtzen den arte igarotzen dituen etapak ikusi ahal izan zituzten, eta teknikak instalatutako eragiketa unitario bakoitzaren ezaugarri nagusiak azaltzen zizkien, baita hondakin-urak tratatzeko prozesuan sortzen diren azpiproduktuak (lohiak, esaterako) tratatzeko eta kudeatzeko modua ere.
 

Azkenik, NILSAk gaur egun Tuterako HUAn lantzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntza arloko jarduera-ildoei buruz hitz egin zien teknikak. Horietako batzuetan, LIFE-IP NAdapta-CCren 4.1 ekintzaren barruko zereginak egiten dira, eta hondakin-uren tratamendutik eratorritako zenbait arazo konpondu nahi dituzte, bai eta ur horien baliabideen aprobetxamenduan aurrera egin ere (adibidez, fosforoa). Teknikak, halaber, azterketa horiek egiten diren eskala pilotuko instalazio esperimentalak erakutsi zizkien. Gainera, LIFE-IP NAdapta-CCk finantzatutako ekipoen aurkezpena egin zen.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko gaurkotasun guztia ezagutu nahi baduzu, hileroko albiste-buletinera harpidetu zaitezke formulario honen bitartez.