Eduki publikatzailea

Nasuvinsak Oronoz-Mugaireko Bidezainen Etxeetan lau etxebizitza birgaitzeko lanak hasi ditu, 305.000 euroko inbertsioarekin

LIFE-IP NAdapta-CCk, C6 eremuaren bidez, hiri-birgaitzea, hiri-berroneratzea eta hiri-ingurunearen eta landa-ingurunearen energia-eraginkortasuna sustatzen ditu, eta azpiegituren eta paisaien urrakortasuna aztertzen du, Nafarroako azpiegituretan eta lurralde-plangintzan kudeaketa egokitzailea hobetzeko.

26-04-2022


Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuek bultzada berria eman du landa inguruneko etxebizitza parke publikoa berreskuratzeko, Oronoz-Mugaireko Bidezainen Etxeetan lau etxebitziza birgaitzeko proiektuarekin. Guztiak Nasuvinsak kudeatzen duen Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren baitan gauzatuko dira eta hala gizarte bazterketa arriskuan daudenen beharreai emango zaie erantzuna.

Esku hartu beharreko lau etxebizitzak Martin Urrutia etorbideko 20. zenbakian daude, herri horretan 1965ean eraiki ziren Bidezainen bost bizitegi-blokeetako batean. Orain Nasuvinsak hasitako obrek 305.000 euroko inbertsioa dakarte, eta barruko espazioen egokitzapen integrala eta birbanaketa barne hartuko dituzte. Horri esker, gaur egun erabilerarik gabe eta narriadura-egoera aurreratuan zeuden pisuen kopurua lau eta bost artekoa izango da.

Fatxadak isolatzea eta energia-eraginkortasuna

Proiektuak, zehazki, lehenengo solairuko bi etxebizitza eta bigarren solairuko beste bi hartuko ditu, eta bizigarritasun- eta erosotasun-mailak berreskuratzean datza, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen baldintzen arabera. Era berean, bigarren solairuaren barruko espazioa birbanatuko da, guztira hiru etxebizitza gaitu ahal izateko, egungo biak baino azalera txikiagokoak.

Esku-hartze horren ondoriozko bost etxebizitzek energia-eraginkortasuneko estandar handia izango dute, higiezinaren fatxaden, etxebizitzen arteko hormen eta eremu komunekiko etxebizitzen isolamendu termikoari esker, bai eta kanpoko arotzeriaren ordez PVCzko beste bat jartzeari esker ere, beirazko kristal bikoitzarekin eta PVCzko pertsianekin.

Espazio komunen konponketan, besteak beste, honako hauek sartuko dira: eskaileretako eta eskailera-buruetako terrazoa konpontzea eta leuntzea, larrialdietako, ebakuazioko eta suteen aurkako babeseko sistemak sartzea, araudiaren arabera, eta higiezinaren atarian PVCzko ate berri bat jartzea, baldintza termikoak hobetzeko.

Iturgintzako, elektrizitateko, kontagailu-koadroko eta telekomunikazio-sare komuneko instalazioak berrituko dira, eta etxebizitza bakoitzari berokuntza-sistema bat eta ur bero sanitarioa (UBS) emango zaizkio aerotermia bidez, tenperatura baxuko erradiadoreekin.

Parke publikoa birgaitzea

Nafarroako Gobernuak Oronoz-Mugairen egingo duen esku-hartze horrek bat egiten du antzeko beste proiektu batzuekin, Nasuvinsak kudeatzen duen Etxebizitza Sozialen Foru Funtsari atxikitako bizitegi-parkea berreskuratzeko; esate baterako, Erronkariko Bidezainen bi etxebizitzak, jadanik birgaituta eta herriko Udalak 2020tik kudeatuta, Nasuvinsarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez; eta Uxueko Maisuen etxeetako beste lau etxebizitza, Udalak sozietate publiko honi utzitakoak alokairu gazterako, gaur egun egiten ari diren obrak amaitu ondoren.

Etxebizitza Sozialen Foru Funtseko 10 etxebizitza horien birgaitzeak milioi bat euro inguruko inbertsio publikoa batzen du.

Hiri- eta landa-ingurunearen energia-eraginkortasuna sustatzea

Ildo horretan, LIFE-IP NAdapta-CCk hiri-birgaitzea, hiri-berroneratzea eta hiri-ingurunearen eta landa-ingurunearen energia-eraginkortasuna sustatzen ditu, eta azpiegituren eta paisaien urrakortasuna aztertzen du, Nafarroako azpiegituretan eta lurralde-plangintzan kudeaketa egokitzailea hobetzeko. Eta, C6.9 ekintzaren barruan, 2022an landaguneen auzoaren energia berritzeko proiektu pilotu bat egitea aurreikusita dago.

Gainera, proiektu integratuak landa-eremuko eraikin publikoak birgaitzeko ekimenak jasotzen ditu, eraginkortasun energetikoa kontuan hartzen badute, Oronoz-Mugaireko Bidezainen parke zaharreko etxebizitzetan gertatzen den bezala; izan ere, LIFE-IP NAdapta-CC delakoak klima-aldaketarekin lotutako neurri osagarriak biltzen ditu, eta Klima-Aldaketaren ibilbide-orriko (HCCN-KLINa) helburuak lortzen laguntzen du.

 

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruz gaurkotasun osoa ezagutu nahi baduzu, hileko albiste-buletinera harpidetu zaitezke formulario honen bitartez