Eduki publikatzailea

Etxebizitzak eraikinen energia-eraginkortasuna eta auzo kalteberen berroneratzea lehenetsi ditu birgaitze-politikan

Aierdi lehendakariordeak esku-hartze horien ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloko helburu hirukoitza azpimarratu du Biziberri Sarien III. edizioa deitzean, ORVEk aukeratutako zazpi proiektu finalista inspirazio-adibide gisa hartuta

08-11-2022


Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak lehentasuna emango die bizitegi-eraikinen energia birgaitzeko jarduerei –batez ere inguratzaile termikoak hobetuta- eta kalteberatzat hartzen diren auzoetan kokatutako eraikinetan egingo diren esku-hartzeei, Biziberri/Nafarroa Birgaitzeko Planean markatutako birgaitze babestuaren eta hiri-berroneratzearen eta Europako Next Generation programatik datozen ezohiko funtsen kargurako laguntzen deialdi berrien estrategiaren barnean.

Horrela azpimarratu dute Jose Mª Aierdi lehendakariordeak eta Foru Exekutiboaren Etxebizitzako titularrak; Ana Bretaña zuzendari nagusiak; eta Ana Rodriguezek, Lizarrako Etxebizitzen eta Eraikinen Birgaitze Bulegoko (ORVE) teknikariak, Biziberri Sarien III. edizioa aurkezteko gaur egin duten aurkezpen publikoan. Bertan, finalista gisa, partikularrek edo auzo-komunitateek sustatutako zazpi proiektu lehiatuko dira. Proiektu horiek aurretik hautatu dituzte bederatzi ORVEtako teknikariek, bizitegi-parkeko birgaitze-proiektuak sustatzeko inspirazio-adibide egin dituzten hainbat faktore direla-eta.

Biziberri sarien ekimenaren bidez, azken bi urte hauetako birgaitze babestuko jarduera nabarmenenak bistaratu eta bereizi nahi dira. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, bi urtetik behin egiten baita, eta aurreko sariak 2018an eta 2020an banatu ziren.

Konpromisoa hiri- eta gizarte-ingurunearekin

Sari honek ondorengo birgaitze-jarduerak hartzen ditu kontuan bereziki: lehendik dagoen bizileku-parkea berreskuratzeko eta mantentzeko ahalegina; proiektuak gauzatzeko kalitatea edo berrikuntza; eraikinen berrinterpretazioa behar ezberdinetara egokitzeko; edo ingurumenarekin, trantsizio energetikoarekin eta hiri- eta gizarte-ingurunearekin arduratsua eta konprometitua den arkitektura ezartzea.

“Biziberri sariak Nafarroako Gobernuak duela sei urtetik hasita bultzatutako estrategiaren barruan kokatzen da, gure bizitegi-parkea birgaitzeko eta hiri-inguruneak berroneratzeko politikak berraktibatze aldera, gure hiri, herri eta auzoak berreskuratzeko, biziberritzeko eta arimaz hornitzeko helburuarekin, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-mailako helburu hirukoitza kontuan hartuta”, nabarmendu du Aierdik.

Kanpaina honen aurkezpenean, Aierdi lehendakariordeak azpimarratu du birgaitze energetiko eta hiri-berroneratzeko era honetako jarduerak “gaur egun, tresna onena izatera iritsi direla larrialdi klimatikoari, kontsumo energetikoaren murrizketari eta gure hirien, herrien eta auzoen gizarte-kohesioaren indartzeari ausardiaz erantzuteko”.

Ildo horretan, Etxebizitzako arduradunak Green Deal edo Europako Itun Berdean, Renovation Waben edo birgaitze-olatuan eta Trantsizio ekologikorako Navarra Green Nafarroako Estrategian markatutako helburuak aipatu ditu; hau da, 2050. urtean hirien deskarbonizazio osoa lortzeko eraikinen birgaitzean oinarritzen direnak.

Zazpi proiektu finalistak eta horiek sustatutako protagonisten lekukotza izango dira azaroaren 22ko arratsaldean, Nafarroako Filmategian egingo den gala batean. Bertan, III. Biziberri Saria ezagutzera eman eta banatuko da.

Zazpi proiektu finalista

  • Berriozar: irisgarritasuna zortzi familia bizi diren eraikin batean, igogailu berritzaile bat jarri baita, auzo-kooperatiba batek sustatutako proiektuaren bidez.

  • Lourdes: inguratzaile termikoaren hobekuntza, hirurogeita hamarreko hamarkadako eta zortzi atarik eta 56 etxebizitzak osatutako bloke bateko auzo-komunitateek sustatuta. Scalextric izenez ezagutzen da, eta Tuterako Lourdes auzoan dago.

  • Aibar: behe solairuko familia bakarreko eta landa-tipologiako etxe baten berreskuratze integrala, energia-eraginkortasuna eta osasungarritasun-baldintzak hobetuta. Serio Elarrek sustatu du, herri honetan bizitzearen aldeko apustua egin duenak.

  • Zangoza: 1800. urteko bizileku-eraikin bat berreskuratzea eta birgaitzea. Alde Zaharrean kokatzen da, eta hiriko ondare historiko artistikoa mantentzeko ekarpena egin da, Tetyana Pavlenkok sustatua.

  • Azpilagaña: behe solairua, lau altuera eta teilatupea dituzten eraikinen bi atarietako inguratzaile termikoa hobetzeko jarduera Iruñeko auzo finkatu batean, bi auzo-komunitateek sustatuta.

  • Mañueta: Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta kale ezagunean kokatutako 200 urtetik gorako eraikin baten birgaitze integrala, Agustin Castellon ‘Sabicas’ gitarra-maisuaren jaiotetxea izandakoarena, flamenkoa nazioartekotzearen bultzatzailea.

  • Iruñeko Bigarren Zabalgunea: eragozpen arkitektonikoak kentzeko eta patioaren barruan komunikazio-nukleo berri bat sortzeko jarduera, Nafarroako hiriburuko Pascual Madoz kalean dagoen eraikin batean.

Zazpi esku-hartze horiek, aldi berean, Tuterako Julio Mazarico zinemagileak sortutako formatu ezberdinetako ikus-entzunezko hainbat piezatan bildu dira, eta Nafarroako Gobernuak ‘Sakonki birgaitu / Rehabilitar con conciencia’ lelopean birgaitze-proiektuak sustatzeko eta suspertzeko bultzatutako kanpaina baten parte izango dira. Ikus-entzunezko produkzioak Vidal Diaz konpositorearen musika originala du, eta Claudia Vicente, Ana José, Laura Grávalos, Lara Acarreta eta Ana Saso eta Jose Mª Royo dantzariek beren gogoz parte hartzen dute.

Laguntzak hirukoiztu dira

Nafarroako Gobernuak azken urte hauetan aktibatutako ekintzei dagokienez, Aierdik aipatu du Exekutiboak birgaitze babesturako jarritako diru-laguntzak gehitu egin direla; alegia, 2015etik hona hirukoiztu egin dira, 9 milioi eurotatik 28 milioi baino gehiagora igarota. Modu berean, iazko uda baino lehentsuago aktibatutako laguntzen lerro berriekin ematea espero duen jauzi kualitatiboa aipatu du, Biziberri Planaren esparruan, Next Generation laguntzen ezohiko funtsen injekzioa aprobetxatuz.

Horrez gain, bigarren jarduera-lerro batean, Etxebizitzako kontseilariak baita ere aipatu du aholkularitza eta laguntzako talde teknikoen hedapena, Foru Gobernuak pertsona eta auzo-komunitate sustatzaileen eskura jarri baititu, birgaitze-proiektu batek duen prozesu konplexu osoan laguntzeko. Zerbitzua Foru Komunitateko eskualde osoetan barrena banatutako bederatzi ORVEren bitartez eskaintzen da, eta duela gutxi Europako ELENA programako talde teknikoekin indartu da; horien lana da auzo-komunitateak dinamizatzea eta horiei laguntza teknikoa ematea, eta dagoeneko lanean hasi dira ORVErekin lankidetza estuan, Nafarroako eskualde guztietan.

Azkenik, gaurko aurkezpenean baita ere parte hartu du, Agoitz, Burlata, Doneztebe, Lizarra, Lakuntza, Iruña, Zangoza, Tafalla eta Tutera artean banatutako bederatzi ORVEren ordezkari gisa, Ana Rodriguez teknikariak, eta bulego horien zereginaren berri eman du, herritarrei hurbiltasunezko eta zuzeneko arretako zerbitzua eskainita. Besteak beste, ondorengoak eskaintzen ditu era horretako ezaugarriak dituzten proiektuetarako: aholkularitza, informazioa, espedienteak izapidetzeko eta diru-laguntzak lortzeko laguntzak, proiektuak idaztea, laguntza teknikoa proiektuaren kudeaketarako, obrak esleitzea, obrak egikaritzea eta horien jarraipena, besteak beste.