Eduki publikatzailea

Gobernuak 8 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu 2021eko abenduko eurite eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko jarduera-planera

Horren helburua da eragindako kalteak eta galerak konpontzeko deituko diren laguntza-lerroak aurrekontuz hornitzea, bai eta kaltetutako eremuen normaltasunera itzultzea erraztea ere.

07-04-2022


Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 2021eko abenduko eurite eta ezohiko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, 8.145.814 euroko jarduketa-plana onetsi du.

Ekimenaren helburua da euriteen eta uholdeen ondorioz eragindako kalteak eta galerak konpontzeko deituko diren laguntza-lerroak aurrekontuz hornitzea nahiz kaltetutako eremuak normaltasunera itzultzea erraztea.

Planean aurreikusitako jardueretan sei neurri zehazten dira: nekazaritza-azpiegitura publikoak konpontzeko laguntzak, konponketa- eta ordezkatze-kostuetarako, horien titurtasuna Nafarroako toki-erakundeena bada edo erakunde horiek gauzatu badituzte; ureztatzaileen komunitateetako nekazaritza-azpiegiturak konpontzeko laguntzak, nekazaritza-azpiegituren konponketa edo ordezkatze-kostuetarako, horien titulartasuna ureztatzaileen komunitateena bada; udal-titulartasuneko toki-azpiegiturak konpontzea, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietako elementuen kalteak. Laguntzen bidez konpentsatuko da nekazaritzako lur zatien egituran izandako kalteak konpontzeko edo birjartzeko kostua eta ustiapenean aseguratu ezin diren elementu iraunkorren gaineko kostua, kalteak 500 eurotik gorakoak badira eta ustiapen bakoitzeko 50.000 euroko mugarekin; halaber, nekazaritza-produkzioetako galerak eta laborantza-ezintasunagatik lortu gabeko irabaziak konpentsatuko dira. Errenta-galera medio laguntzaren zenbateko osoak ezingo du 9.000 eurotik gorakoa izan ustiapen bakoitzeko. Nekazaritzako elkarte-ustiapenen kasuan, zenbaki hori biderkatuko da nagusiki nekazari-izaera duten bazkideen kopuruarekin, gehienez ere 3 bazkidera bitarte. Neurri fiskalak, Nafarroako Foru Komunitatean uholdeak, haize indartsuak eta bestelako fenomeno naturalak direla-eta izandako hondamendiek kaltetutako pertsonei arreta eta laguntza emateari burzuko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean aurreikusitakoak.

Pasa den abenduan, Nafarroan, ohi baino askoz ere euri gehiago egin zuen, eta intentsitate desberdineko uholdeak izan ziren. Era horretan, Ebro ibaia ohi baino askoz ere gehiago hazi zen.

Ondorioz izandako ur-goraldiek eta uholdeek nahiz Iparraldeko uholde-euriek, besteak beste, kalte handiak eragin zituzten azpiegitura publiko eta pribatuetan, galerak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan, kalteak ingurunean, nahiz ondasun publiko eta pribatuetan.

Egoera horren aurrean, Foru Exekutiboak zenbait neurri bideratu ditu izandako kalteak konpontzeko, kaltetutako azpiegiturak lehengoratzeko eta kaltetuak konpentsatzeko.

Zehazki, suteek kaltetutako nekazaritza-azpiegitura publikoetarako eta ezohiko azpiegituretarako, 5.145.814 euro bideratuko dira; ezohiko uholdeak direla-eta ureztatzaileen komunitateetako nekazaritza-azpiegiturak konpontzeko milioi 1 euro jarriko dira; suteek eta ezohiko uholdeek kaltetutako nekazaritza-azpiegiturei laguntzeko milioi 1 euro; eta ezohiko uholdeak medio azpiegitura pribatuetan izandako kalteetarako eta errenten galerarako beste milioi 1 euro.

Jarduera-plan honetan aurreikusitako laguntzak honako hauen osagarriak eta subsidiarioak izango dira beti, ordena honetan: hitzartutako aseguruen polizen konpentsazioenak eta, antzeko egoeratarako, Estatu-mailan edo Europar Batasunean egon daitezkeen beste laguntza batzuenak eta, bereziki, araudia aplikatuta ezarritakoenak eta Gobernu Zentralak onartzen dituen behin-behineko laguntzenak.