Eduki publikatzailea

65.000 euroko diru-laguntza deitu da 2022an Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan ekintzak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat

Deialdiaren helburua da 2030 Agendaren esparruan mundu justuagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko herritarren konpromisoa sustatzearekin lotutako ekintzak garatzea, GJHak lortzeko. Ekintza horiek LIFE-IP NAdapta-CCren osagarrien barruan sartzen dira.

17-03-2022


Nafarroako Gobernuko Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak 65.000 euroko diru-laguntza deitu du Pirinioetako Planaren lurralde-eremuan 2022an zehar ekintzak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteentzat. Helburua honako hauek bultzatuko dituzten ekintzak garatzea da: herritarren parte-hartze aktiboa; elkarte-sarearen garapena, lankidetza eta sare-lana; boluntariotza; hezkuntza; lurraldeko bizilagunen, taldeen eta elkarteen arteko koordinazioa, informazioa eta komunikazioa; eta planaren beraren lurralde-eremuan gizarte-, ekonomia- eta kultura-aurrerapena.

Deialdia Pirinioetako Planaren baitan kokatzen da eta hura zuzentzen du Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak lurraldeko agentzia nafarrarekin hala nola Lursarearekin, Cederna-Garalur tokiko garapeneko taldearekin eta Pirinioetako Mahaiarekin batera. Planaren helburua da planak berak jasotzen dituen ekintzak garatzea eta eremuaren garapena lortzea, baita lurraldean egiten diren proiektuak babestea ere, horretarako beharrezkoak diren baliabideak ezarriz.

Diru-laguntza berria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2022ko martxoaren 11n, eta aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdia NAOn argitaratzen denetik kontatzen hasita. Proiektuak gauzatzeko epea datorren azaroaren 5era artekoa da.

Diruz lagun daitezkeen ekintzak

Diru-laguntza jaso ahal izango dute lurralde-garapen iraunkorra sustatzen duten ekintza guztiek, eremu hauetan: ingurumena, turismoa, ondarea, garapen ekonomikoa, prestakuntza eta inguruko biztanleen enplegagarritasuna. Era berean, kultura, aisia eta hezkuntza sustatzera bideratutakoak, eskualdeko kultura-ondarearen eta herri-tradizioen babesa, kontserbazioa eta hedapena bermatzen dutenak.

Baita beste eremu batzuetako ekintzak ere, herritarren parte-hartze aktiboa, asoziazionismoa eta boluntariotza sustatzen dutenak eskualdean.

Pirinioetako Planaren helburuak

Pirinioetako Planaren sorburua Nafarroako Parlamentuak babestutako tokiko ekimen bat da, eta haren helburuak dira eremuari eragiten dioten hainbat elementu kritiko iraultzea: biztanleriaren eskasia eta sakabanaketa, zahartzea eta maskulinotasuna, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen murrizketa, mugikortasun-zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, dauden jarduera ekonomikoetan enplegu falta eta belaunaldien arteko erreleboa, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak. Helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da beren lurraldean bizi diren pertsonen inplikazioa eta parte-hartze aktiboa.

Era berean, deialdi hau herritarrek mundu bidezkoagoa, baketsuagoa, toleranteagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa eraikitzeko konpromisoa sustatzearekin eta bultzatzearekin lotutako ekintzen garapenaren barruan sartzen da, eta, horrela, Nazio Batuek 2015eko irailean adostutako Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeari gehitzen zaio. Ekintza horiek zuzenean lotzen dira klima-aldaketarekin, eta Klima Aldaketaren ibilbide-orriaren edo KLINaren  helburuak lortzen lagundu nahi dute, eta, beraz, LIFE-IP NAdapta-CCren ekintza osagarrien barruan kokatzen dira.