Eduki publikatzailea

Osasunaren Nazioarteko Egunean, LIFE-IP NAdapta-CCk klima-aldaketak giza osasunean dituen ondorioak ezagutzeko eta murrizteko helburua duela gogorarazi du, populazioa egokitzeko neurri berrien bidez

Proiektuak sei ekintza zehatz aurreikusten ditu osasun-arloan, klimaren ondorioen aurrean hobeto babesteko.

07-04-2022


‘Gure planeta, gure osasuna’ da gaur ospatzen den 2022ko Osasunaren Nazioarteko Egunerako aukeratu den leloa. ‘Claim’ hori oso lotuta dago LIFE-IP NAdapta-CCren helburuekin: arlo horren inguruan aurreikusi dituen ekintzen helburua da klima-aldaketaren ondorioen aurrean osasuna hobeto babestea, haren ondorioak zainduz eta herritarrentzako egokitzapen-neurriak definituz, ezarriz eta hedatuz.

Ildo horretan, sei ekintza zehatzetan zentratzen ditu bere ahaleginak LIFE-IP NAdapta-CCk, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) koordinatuta, proiektuaren bazkide den aldetik.

C5.1 ekintza: “Klima-aldaketak giza osasunean dituen ondorioak aztertzeko zaintza- eta informazio-sistema berriak garatzea”, gehiegizko tenperaturak eremu isoklimatikoen arabera gizakien osasunean dituen ondorioak prebenitzeko jarduera-plan baten bidez, eta zaintza-tresnak eta prebentzio-mezuen hedapena hobetzea.

C5.2 ekintza: “Lan-baldintzen, Klima-Aldaketaren ondorioen eta muturreko tenperaturen zaintza langileen osasunean”. Horretarako, LIFE-IP NAdapta-CCk tenperatura altuen eraginpean egon daitezkeen langileak identifikatzen ditu. Enpresetara egindako bisita-kanpaina baten bidez, lan-eremuan beroaren ondoriozko estres termikoaren arriskua minimizatzeko beharrezko prebentzio-neurriak aplikatzen dira.

C5.3 ekintza: “Airearen kalitatea hobeki zaintzea, bai eta hark osasunean dituen ondorioak ebaluatzeko tresnak ere”. Ebaluazio-tresna berriak garatuz, atmosferako kutsadurak osasunean duen eraginari buruzko informazioa ematea lortzen da, eta herritarrak egokitzeko prebentzio-neurriak formulatzea errazten da.

C5.4 ekintza: “Klima Aldaketaren ondorioz gorantz doazen arriskuak hobeki zaintzea”. Teknika analitikoen eta prozeduren ekipamenduaren eta garapenaren bidez jakintzak ematen dira elikagaietan, giza kontsumorako uretan eta bainurako uretan sortzen ari diren arriskuen egoerari buruz.

C5.5 ekintza: “Giza gaixotasunen bektore inbasoreak atzemateko zaintza sistema bat garatzea”, esate baterako, Aedes albopictus tigre eltxoa, zeini jarraipen berezia izaten ari zaion LIFE-IP NAdapta-CCn; bai eta jarduera-protokoloak hobetzea ere. Horri esker, goiz erantzun daiteke detektatuz gero.

C5.6 ekintza: “Polenaren osaera hobeki zaintzea, bai eta Klima Aldaketaren ondoriozko polinizazio aldien aldaketa ere”. Kontrol palinologikoa Nafarroako hiru eremu isoklimatikoetara zabaltzeak polinizazioari buruzko informazioa sortzen du osasun eta populazioko profesionalentzat, eragindako pertsonen egokitzapena erraztuz.