Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCk Nafarroako polen-mailei buruzko asteko aurreikuspenen kanpaina hasi du

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) bidez, eta proiektu europarraren C5.6 ekintzaren barruan, polenaren osaeraren zaintza eta polinizazio-aldien aldaketa hobetu nahi da klima-aldaketari dagokionez.

18-03-2022


Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) polen-maila atmosferikoen asteko aurreikuspenen kanpaina hasi zuen martxoaren hasieran, eta zerbitzu hori ekainaren 30era arte egongo da aktibatuta. Lan hori LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan egiten da, C5.6 ekintzaren barruan. Ekintza horren helburua polenaren konposizioaren zaintza eta polinizazio-aldien aldaketa hobetzea da, klima-aldaketari dagokionez. Horretarako, NOPLOIk Iruñean, Tuteran eta Donezteben aurkitutako hiru polen-kaptadore berri erosi eta instalatu ditu.

 

Modu horretan, komunitateko hainbat zona klimatikotan polena kontrolatzen jarraituko da: Erdialdeko Zonan eta Iruñerrian, Erribera eta Nafarroa Iparraldea. Halaber, kontrola egiten jarraituko dute urte natural osoan zehar.

 

Polen eta espora fungikoak Nafarroako Unibertsitateko Ingurumen Biologia Departamentuko Biodiversity Data Analytics and Environmental Quality (BEQ) taldeak zenbatzen eta identifikatzen ditu, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako (NOZ-O) Alergologia Zerbitzuaren lankidetzarekin.

 

Informazio polinikoa

 

Polenaren atmosfera-mailei buruzko informazioa eta datu zehatzak bitarteko ezberdinen bidez emango dira, ahalik eta biztanle kalteberen gehienera iristearren:

 

Eguneroko eta hileko txostenak. Urte osoan eskuragarri egongo dira NOPLOIren web orrialdean, datuak kontrolatutako hiru zonaren arabera bereizita. Gainera, datu horiek estatuko eta nazioarteko datu-baseetan sartuko dira.

Aurreikuspen polinikoen buletinak. Martxotik ekainera bitartean eskuragarri egongo dira NOPLOIren web orrialdean. Abisuak ostiralero bidaliko dira, hurrengo zazpi egunetako polen-mailen aurreikuspen eta guzti. Datu horiek baita ere eskuratu ahal izango dira Iruñeko eta Tuterako udaletxeen web orrialdeetan.

Interesatuek informazioa gaztelaniaz eta euskaraz jaso ahal izango dute, posta elektronikoaren bidez bidalita edo mugikorrean SMS mezuak jasota. Halaber, abisu horien hartzaileen zerrendan sartzeko eskatu ahal izango dute.  Horretarako, herritarrak artatzeko telefonoetara dei dezakete: 948 012 012 (tarifa laua duten erabiltzaileak) edo 012 (deiaren kostua 0'34 euro, iraupena edozein dela ere); edo posta elektronikoz eskaera bidal dezakete helbide honetara: navarra@navarra.es.

Bestalde, Iruñean bizi diren pertsonek Iruñeko Udalaren 010 Zerbitzuan telefonoz eska dezakete edo posta elektronikoz 010@pamplona.es helbidera idatzita. Zerbitzu horren barruan, 2021eko udaberrian, 23.798 SMS mezu eta 2.585 posta elektroniko bidali zitzaizkien 1.674 pertsonari.

Polenari alergia. Polinosia

Zuhaitz, zuhaixka, belar, belardi edo parkeetako belarrak tamaina txikiko polenak dituzte; horiek aire-korrontearekin barreiatzen dira, eta alergia-sintomak maiz eragiten dituzte.

Landare-espezie desberdinen polenaren presentzia eta atmosferan duten kontzentrazioa faktore askoren mende dago. Landaredia, landare-espezie bakoitzaren urteko polinizazio-aldia eta meteorologia, batik bat tenperatura, prezipitazioa eta haizeak dira airean duten kontzentrazioa zehazten eta pertsona sentikorrei alergia eragiten dieten faktoreak.

Polinosia gaixotasun alergikoa da, eta sintomak eragiten dizkie pertsona sentikorrei. Bereziki, arnasa-mukosei eragiten die, batez ere errinitis alergikoari eta asma alergikoari eta sintoma okularrei, tartean konjuntibitis alergikoari.

Polenarekiko alergia osasun publikoko arazoa da; izan ere, herrialde industrializatuetan biztanleriaren %15ari eragiten dio gutxi gorabehera, eta ehunezko hori %30era iristen da gazteenen artean.

Kutsadura atmosferikoa, berriz, polenaren efektu alergenikoa areagotzen duen faktorea da. Era berean, osasun-arazo hori larriagotzen laguntzen du klima-aldaketaren prozesuak, landare-espezie ezberdinen polinizazio-aldia aldatu eta klima epelagoko espezieak eta polenak ezartzea errazten baitu; biztanleria, ordea, horien aurrean egon gabe zegoen aurretik.

Duela gutxi, korrelazioa aurkitu da baita ere polen-mailaren eta COVID-19ak infektatzeko aukeraren artean, nazioartean egindako azterketa batean. Bertan, Nafarroako Unibertsitateko ikerlariek hartu dute parte, eta Nafarroako hiru estaziotako eguneroko datuak bost kontinentetako 31 herrialdetako beste 130 herritako datuekin konbinatu dituzte.

Polenarekiko alergiaren prebentzioa eta tratamendua

Polenarekiko alergia prebenitzeko neurri eraginkorrena da pazienteak sentikorrak diren polen-motarekiko esposizioa saihestea. Horretarako, funtsezkoa da pazienteak zein polen-motari alergia dion zehaztea eta diagnostikoa egitea. Diagnostiko hori egiteko, medikuari kontsulta egin behar zaio.

Polinizazioaren hasiera, iraupena eta amaierari buruzko informazioak nahiz pazienteak alergia dien polen-mailen ingurukoak aukera ematen die esposizioa saihesteko prebentzio-neurriak hartzeko, prebentzio-tratamenduak aplikatzeko edo, beharrezkoa izanez gero, sintomak kontrolatzeko medikazioa erabiltzeko.

Polinizazio handieneko aldietan medikuak agindutako jarraibideen arabera tratamenduak aplikatzeak pazienteen bizi-kalitatea nabarmen hobetzen du. Epe luzera, alergiaren aurkako txertoak eraginkorrak izaten dira prebenitzeko, gutxiagotzeko edo baita ere, pazienteen ehuneko handi bati dagokionean, gaixotasunaren sintoma bereizgarriak sendatzeko.

Hauek dira esposizioa eta sintomak prebenitzeko aholkuak eta gomendioak: batez ere, ahalik eta denbora gehien etxe barruan egotea eta leihoak itxita izatea polinizazio-garai handietan, bereziki gauez; goizean goiz ez paseatzea, polen-kontzentrazioa handiagoa izateagatik; belarra dagoen lekuetan ez egotea edo belarra moztea; eta etxean edo autoan aire girotua erabiltzen denean, gailu horiek polena atxikitzeko iragazkiak izatea.