Eduki publikatzailea

Nafarroako Jauregia eraikin iraunkor bihurtzeko, 2. solairuko obrak 2,6 milioi euroren truke kontratatzea baimendu da

Energia-eraginkortasuna hobetuko da fatxada isolatuta eta klimatizazioa eta instalazio elektrikoa berrituta

06-10-2022


Foru Gobernuak bere azken bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Lehendakaritza eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiari baimena emango zaio Nafarroako Jauregiko 2. solairua berritzeko, egokitzeko eta hobetzeko obrak kontratatzeko, ‘Nafarroako Jauregia, eraginkorra eta iraunkorra’ proiektuaren barnean, 2022 eta 2023 urteetarako, guztira 2.688.995 euroko aurrekontuarekin.

Obren barnean, solairuaren energia-eraginkortasuna hobetuko da, eta, horretarako, fatxada barnealdetik estaliko da, egitura suteen aurka babestuko da, sabai aizunak eta zoladurak berrituko dira, klimatizazio-sistema eta aireztapen-sistema berri bat instalatuko dira, zirkuitu elektrikoa berrituko da eta LED motako argiztapena jarriko da, espazioak berriz banatuko dira eta hasierako banaketa berreskuratuko da bulego irekiak egiteko.

Proiektuaren kostu osoa 2.688.995 eurokoa da, eta horietatik 241.164 euro 2022ko aurrekontu-ekitaldiari egotziko zaizkio eta gainerako 2.447.831 euro 2023ko ekitaldiari.

Europako finantzaketa

Proiektua Next Generation Europako funtsekin batera finantzatuko da, REACT-EU (FEDER) lerroaren bitartez. Proiektuaren helburua da Gobernuaren egoitza nagusia espazio eraginkor eta iraunkor bilakatzea. Era horretan, bat dator Nafarroako Gobernuaren ibilbide-orriarekin, energia-eraginkortasunaren, autosufizientziaren eta iturri garbien aldeko apustua egiteko, Nafarroa 2030 Ikusmuga Plan Energetikoan edo Klima Aldaketaren inguruan onartu berri den Foru Legean jasotzen den moduan.

Modernizazio-obra horiei esker, kontsumo elektrikoa %90era bitarte aurreztuko da. Gaur egun, 3. solairuko berrikuntzak jada amaituta daude, eta batez ere energia-eraginkortasuneko neurriei buruzko lanak egin dira; hala nola, aireztapen-hodiak berritzea, irisgarritasun unibertsalaren araudia betetzeko jarduerak eta langile publikoei erosotasun handiagoa ziurtatzeko jarduerak, besteak beste.