Eduki publikatzailea

Nafarroako Gobernuak Nasuvinsaren alokairu-parkearen % 30 birgaituko du 2023ra arte, 16 milioiko inbertsioarekin

Planaren hasierako fasean Burlatako hiri-eraikin bat energetikoki birgaitu zen, LIFE-IP NAdapta-CCren barruan 6.4 ekintzarekin egindako proiektu pilotua, isolamendu termikoan, iragazgaiztean eta aireztapen-sisteman jarduten eta energia berriztagarriak sustatuz.

09-03-2022


Nafarroako Gobernuak 2019an hasitako plana bultzatuko du, alokairu-erregimeneko bizitegi-eraikin publikoen errendimendu energetikoa eta irisgarritasun-baldintzak hobetzeko. Horretarako, 2023ra arte 279 etxebizitzatan esku hartuko du, Nasuvinsak kudeatutako parke zaharraren % 30.

Sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak duela gutxi eman zien oniritzia planaren hurrengo bi faseei. Fase horietan, hiriburuko Txantrea, Arrotxapea eta Mendillorri auzoetan eta Tutera, Antsoain eta Beriain herrietan dauden beste sei auzo-komunitateren birgaitze energetikoa sartzen da. Esku-hartze horiek aurreko urtean Barañainen, Burlatan eta Iruñeko Arrotxapea auzoan amaitu ziren hasierako faseko beste hiru eraikinei gehitu behar zaizkie.

Energia berriztagarriak sustatzen.

Zehazki, Ezkabazabal plazan (12-13) dagoen Burlatako alokairuko etxebizitza publikoen eraikina LIFE-IP NAdapta-CCren barruan egin da 6.4 ekintzarekin, eta isolamendu termikoan, iragazgaiztean, aireztapen-sisteman eta energia berriztagarriak sustatzean jardun da.

 

José María Aierdi Administrazio Kontseiluko presidente eta Etxebizitzako titularrak lehentasunezkotzat jo du Nasuvinsako parke propioaren birgaitze energetiko integrala, “zuzeneko eragin positiboa duelako larrialdi klimatikoa eragiten ari den energia-kontsumoaren, gastu ekonomikoaren eta berotegi-efektuko gasen isurketaren murrizketan, etxetiarren erosotasun-maila igotzeaz gain”, adierazi du.

Ildo horretan, proiektu integratuak eraginkortasun energetikoa aintzat hartzen duten birgaitze-ekimen berri horiek biltzen ditu; izan ere, LIFE-IP NAdapta-CC programak klima-aldaketarekin lotutako neurri osagarriak biltzen ditu, eta klima-aldaketaren ibilbide-orriaren (HCCN - KLINa) helburuak lortzen laguntzen dute.