Eduki publikatzailea

Nafarroako Gobernuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege proiektua onartu du

Gomez kontseilariak nabarmendu duenez, “Datozen erronka klimatikoei, oraingoei zein etorkizunekoei, aurre egiteko Foru Komunitateak izango duen tresna garrantzitsuena izango da”

01-09-2021


Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege proiektua onartu du, zeinak aldaketa klimatikoak eragindako kalte negatiboei aurre egiteko arauen esparrua, arlo instituzionala eta tresnak ezarriko dituen. Jarraian, testua Parlamentura bidaliko da eztabaidarako, eta hala badagokio, onartua izan dadin.

Gobernuaren bilkuraren osteko prentsaurrekoan, Itziar Gomezek, Landa Garapeneko eta Ingurumenerako kontseilariak, nabarmendu duenez, “Datozen erronka klimatikoei, egungoei zein datozenei, aurre egiteko Foru Komunitateak izango duen tresna garrantzitsuena izango da”.

Gómez kontseilariak zehaztu duenez, “legea zehatza da eta asmo handikoa” izan ere, negutegi efektuko gasei aurre egiteko, Foru Komunitatean eredu energetiko berria garatzeko zein aldaketa klimatikora egokitzeko neurri zehatzak ezartzen ditu, administrazioek, enpresek zein pertsonek jarraitu beharrekoak.

Kontseilariak aipatu duenez, lege proiektu honen onarpena “Gobernu honen mugarria da, legea landu duten departamentuena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena zein Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuarena, horiek bultzatu baitute proiektua; gainera, legegintzaldi honetako mugarria ere bada, Foru Komunitatea, Estatuko beste administrazio publikoekin batera, buru baita larrialdi klimatikoari aurre egiteko legeak garatzen. Legeok Europa mailan ezartzen ari diren lege, arau, plan eta estrategien ildoak jarraitzen dituzte, gainera ezin dugu lan hori gehiago atzeratu”.

Neurri zehatzak

Foru Lege honen proiektuak klima aldaketari aurre egiteko zein egoera horretara egokitzeko neurri zehatzak ezartzen ditu, Nafarroako gizarteak osotasunean bete beharrekoak, bai pertsonek, zein entitate publiko eta pribatuek.

Garrantzia ezberdineko neurrriak dira arlo ezberdinetan ezarri beharrekoak: eraikuntza, argiztatze publikoa, mugikortasuna, energia berriztagarriak, natura eta biodibertsitatea; hiri ingurunea edo, baita, pertsona zahurgarrienak.

Adibide batzuk aipatzearrean, energiari dagokionez, proiektuak honakoak jaso ditu:

-2025etik aurrera, Foru Administrazioak, toki entitateek eta haien erakunde publikoek kontsumitzen duten energia elektrikoaren erdia %100ean energia berriztagarrietatik jasotzea (A sailkapena), eta 2030etik aurrera, kontsumitzen den energia guztiak izan beharko du jatorri hori.

-2030etik aurrera administrazioek eta haien erakunde publikoek ezingo dituzte energia-kontsumo ia nuloko eraikinak ez direnak alokatu, legeetan ezarritako salbuespenak kasu.

-Bost urtetan urtean 1.000 kwh baino gehiago kontsumitzen duten nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiek energia berriztagarriak eskuratzeko iturriak jarri beharko dituzte, gutxienez, %15 autokontsumorako izan dadin.

-2030etik aurrera tamaina handiko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategi haundiek ezingo dituzte erregai fosilak erabili.

- Eguzki energiako instalazioak lehentasunez hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatuko dira, lurraldean modu ordenatuan ezarriko direla ziurtatzeko eta balio natural garrantzitsuenen kontserbazioa bermatzeko. Lurzoru urbanizaezinean eginez gero, hura ezartzeko ingurumen- eta hirigintza-irizpideak eta -baldintzak arautuko ditu Gobernuak.

-Biomasa-hornidurak kontsumo-puntutik 150 km baino gutxiagora egin beharko dira, edo, bestela, garraioaren energia-kontsumoak haren energia-balioaren %20 baino txikiagoa izan beharko du.

-Foru Gobernuak, udalerriekin lankidetzan, energiaren herritarren komunitateak edo energia berriztagarrien komunitateak Nafarroan ezartzea bultzatuko du.

- Nafarroako Gobernuak, bere eskumenen esparruan, Foru Komunitateko zentral termikoak aldatu, itxi edo ordezkatzeko ekintzak finkatuko ditu.

Bizitegi eta hirugarren sektoreko erabileran:

-Klimatizazio artifiziala duten hirugarren sektoreko lokaletara sartzeko ateak etengabe irekita edukitzea debekatuko da.

-Espazio irekien klimatizazioa baimenduko da, baldin eta integratzen diren jardueraren guztizko energia-kontsumoa autokontsumoaren bidez edo ziurtatutako energia berriztagarria kontratatuz egiten bada.

-2025eko urtarrilaren 1a baino lehen, bizitegitarako eta hirugarren sektorerako erabiltzen diren Nafarroako eraikin guztiek Nafarroako ziurtagirien erregistro publikoan erregistratutako kalifikazio energetikoaren ziurtagiria izan beharko dute. Horretarako, departamentu eskudunak laguntza lerro bat emanen du 2022, 2023 eta 2024. urteetan ziurtagiriak egiteko.

- Nafarroako Gobernuak neurriak ezarriko ditu 2030eko urtarrilaren 1etik aurrera Nafarroako etxebizitza kolektiboen eraikinek “C” edo goragoko mailako kalifikazio energetikoa izan dezaten.

-Era berean, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, Foru Gobernuak Nafarroako Etxebizitza Birgaitzeko Plana onartuko du.

-Argiztapen apaingarria, publizitarioa eta komertziala itzalita egon beharko da jarduera gutxitzen denean, gaualdian.

Mugikortasunaren esparruan:

-5.000 biztanletik gorako udalerriek, banaka edo ondoko udalerriekin batera, mugikortasun plan iraunkorrak onartuko dituzte.

-Taxien kasuan, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera 20.000 biztanletik gorako udalerrietan edo Baterako Prestazioko Lurralde-eremuetan (BPLE) dagozkien lizentziei atxikitako ibilgailuek zero emisio edo EKO gisa katalogatuta egon beharko dute, eurotaxi ibilgailuak izan ezik.

-Foru-legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, Nafarroako sektore publikoko erakundeek erositako edo erakunde horiekin sinatutako kontratu publikoetan aplikatutako ibilgailu arin guztiek (M1, M2, N1 eta N2) zero emisiokoak edo karbono-isuri neutrokoak izan beharko dute, betiere eskakizun teknikoak edo erabilerakoak dagoen teknologiarekin bete badaitezke.

-Eraikuntza berriko eraikin publikoek, aparkalekua badute, ibilgailu elektrikoak birkargatzeko puntuak edo bizikletak edo antzekoak erabiltzea edo aparkatzea errazten duten espazioak izan beharko dituzte.

-1.000 biztanletik gorako tokiko erakunde guztiek, bi urteko epean, gutxienez 7,4kW-ko birkarga puntua izan beharko dute, mila biztanleko erabilera publiko orokorrekoa, ziklomotorrak, bizikleta elektrikoak eta mugikortasun pertsonaleko bestelako ibilgailuak birkargatu ahal izateko.

Eta beste eremu batzuen artean, hauek dira nabarmentzeko moduko zenbait neurri:   

-Nafarroako Gobernuak eta haren mendeko erakundeek 2024ko ekainaren 30a baino lehen karbono-aztarna ebaluatu beharko dute beren jardueraren esparruan.

-Elektrizitatea, edateko ura eta gasa banatzen eta merkaturatzen duten enpresek ezingo dizkie hornidurak eten egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonei, erregelamendu bidez ezarritako terminoetan.

-Bi urtean, Nafarroako Gobernuak bidezko trantsizio estrategia prestatuko du, energia trantsizioak ukitzen dituen sektore ekonomiko eta sozialen diagnostikoa egin eta haien eragin negatiboak arintzeko neurriak ezar ditzan.

Trantsizio Energetikorako eta Klima Funtserako Agentzia

Testuak garatzen dituen neurri zehatzez gain, Gobernantzaren atalean, lege-proiektuak ezartzen du urtebeteko epean Nafarroako Gobernuak Nafarroako Energia Trantsizioko Agentzia sortzeko tramiteak hasi beharko dituela.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak bi plangintza-tresna izango ditu: Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoa, beharrezko ekintzak gauzatzeko tresna gisa, eta Klima Funtsa, planak eta ekimenak kofinantzatzeko tresna gisa.

Zehapen araubidea

Nafarroako lege-proiektuak, gainera, zehapen-araubidea jasotzen du, arau-hausteek klima-aldaketaren aurkako borrokan duten eragina dela eta.

Horrela, testuak zenbait zehapen zehazten ditu, arinak, larriak edo oso larriak, eta isunak 600 eurotik milioi batera bitartekoak dira.

Azkenik, kontseilariak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko eta, bereziki, Klima Aldaketako eta Energia Trantsizioko Zerbitzuetako teknikarien “aparteko lana” nabarmendu nahi izan du, baita Gobernuko departamentu guztien inplikazioa ere.