Eduki publikatzailea

Nafarroako Gobernuak eta NUFKak informazio-jardunaldiak antolatu dituzte eskualdeetan, tokiko trantsizio energetikoa egiteko eskuragarri dauden neurriak eta diru-laguntzak azaltzeko

LIFE-IP NAdapta-CCk egokitzapen, arintze eta pobrezia energetikorako neurriak bultzatzen ditu toki-erakundeekin, bere C1.2 ekintzaren eta neurri osagarrien barruan, klima-aldaketarekin zerikusia dutenak eta Klima-Aldaketaren ibilbide-orriaren edo KLINaren helburuak lortzen laguntzen dutenak.

22-02-2022


Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKF) berriki adostu dute elkarrekin lan egitea Foru Erkidegoko toki entitateetan trantsizio energetikoa bultzatzeko. Egingo den lehen ekintzetako bat honako hau da: hainbat informazio-jardunaldi egitea Nafarroako eskualdeetan, Klima-Aldaketaren ibilbide-orriaren edo KLINaren ildotik Sailak trantsizio energetikoa egiteko eskura jartzen dituen laguntza guztiak udalei eta herritarrei azaltzeko.

Mikel Irujo Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilariak nabarmendu zuen garrantzitsua dela “tokiko erakundeak, enpresak eta herritarrak trantsizio energetikoan inplikatzea, Europak ezarritako deskarbonizazio-helburuak lortzeko”. Gainera, adierazi zuen Nafarroako Gobernua “ahalegin handia egiten ari dela eragile horiek egin beharreko aldaketak errazteko laguntzak eta diru-laguntzak ematen eta kudeatzen, eta prozesu horretan lurraldetik hurbilen dauden administrazioak, Tokiko Ekintza Taldeak, funtsezko elementuak direla”.

Jardunaldiek bat egiten dute Ekonomia eta Enpresa Garapen Saila garatzen ari den beste ekintza batzuekin, adibidez, trantsizio energetikoaren ataria. Irujok azpimarratu duenez, web orri honen helburua da “herritarrak ahalduntzea trantsizio energetikoan aktiboki parte har dezaten”.

Ildo horretan, Europako LIFE-IP NAdapta-CC proiektua, gaur egun, egokitzapen, arintze eta pobrezia energetikoko neurriak lantzen ari da toki-erakundeekin, C1.2 ekintzaren barruan, bai eta klima-aldaketarekin zerikusia duten eta Klima-Aldaketaren ibilbide-orriaren-HCCN edo KLINaren helburuak lortzen laguntzen duten neurri osagarriak ere. Udalekin landutako neurriak eskura dauden laguntza eta diru-laguntza horien bidez bultza daitezke.

Toki-erakundeentzako laguntzak

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak gaur egun 30 milioi euro kudeatzen ditu trantsizio energetikorako laguntzetan, eta horietatik 2022an 8.272.458,38 euro toki-erakundeetara bideratuko dira. Laguntza horien tramitazioa errazteko, sailak gida bat diseinatu du toki-erakundeei zuzendutako laguntzak erakusteko.

Energia-iturri berriztagarriak dituzten autokontsumorako instalazioak ezartzeko eta biltegiratzeko laguntzak daude. Gainera, entitateak Plan MOVES III ere balia dezakete. Horri esker, diru-laguntzak jasoko dituzte ibilgailu elektrikoak erosteagatik eta kargatzeko puntuak instalatzeagatik. Next Generation-etik datozen funtsak dira laguntza horiek.

Funts horietatik datoz, halaber, ekonomiaren hainbat sektoretan energia berriztagarri termikoen instalazioak ezartzeko laguntzak. Azkenik, bileran, sailak argitaratuko duen hurrengo laguntza-deialdiaren berri eman zitzaien bertaratutakoei. Horren helburua izango da eraginkortasun energetikoa sustatzea, energia berriztagarriak ezartzea eta mugikortasun elektrikoa eta partekatua bultzatzea toki-erakundeetan eta irabazi-asmorik gabeko erakundeetan.

Jardunaldi informatiboen programa

Lehenik eta behin, informazio-jardunaldiak egingo ditu Garapen Ekonomikoko Departamentuak Nafarroako eskualdeetan.

Bilera horien helburua izango da eskura dituzten laguntza guztiak udalei eta herritarrei azaltzea. Gainera, bileretan beharrezko aholkularitza eskainiko da, eta parte-hartzaileek trantsizio energetikoarekin lotuta planteatutako zalantza guztiei erantzungo zaie. Honako hau da, hain zuzen ere, hitzaldien egitaraua:

  • Erriberri. Erdi aldeko patzuergoko prestakuntza-gela. Data: 2022/02/25. Ordua: 12:00. Patzuergo laguntzailea: Erdi aldea.

  • Tutera. Eder patzuergoko konferentzia aretoa. Data: 2022/03/01. Ordua: 13:00. Patzuergo laguntzailea: Eder.

  • Doneztebe. Zine aretoa. Data: 2022/03/02. Ordua: 11:30. Patzuergo laguntzailea: Cederna garalur

  • Lekunberri. Cederna garalur patzuergoaren instalazioak. Data: 2022/03/07. Ordua: 11:30. Patzuergo laguntzailea: Cederna garalur

  • Lakuntza. Mankomunitatea aretoa. Data: 2022/03/08. Ordua 11:30. Patzuergo laguntzailea: Sakana garapen agentzia

  • Lizarra. Montejurrako Mankomunitatearen areto nagusia. Data: 2022/03/14. Ordua: 12:00. Patzuergo laguntzailea: Teder

  • Zangoza. Vallesantoro Jaureguia/Kultura Etxearen areto nagusia. Data: 2022/03/15. Ordua: 12:00. Patzuergo laguntzailea: Cederna garalur

  • Aribe. Aribe Haraneko Etxea. Data: 2022/03/18. Ordua: 12:30. Patzuergo laguntzailea: Cederna garalur