Eduki publikatzailea

Nafarroak ur hornikuntzarako eta saneamendurako azpiegiturak hobetu ditu ehun bat udalerritan bi urtean 60 milioi euroko inbertsioarekin

LIFE-IP NAdapta-CCk uraren gaineko hainbat ekintza aurreikusten ditu, hala nola hondakin-urak tratatzeko instalazioetan gerta daitezkeen ingurumen-larrialdien aurrean alerta goiztiarreko sistema bat garatzea edo hiri-estolderiaren sareak egokitzea, hiri-eremuetan drainatze-sistema iraunkorrak ezarriz.

28-02-2022


Nafarroak 60,8 milioi euro inbertitu ditu 2019 eta 2020 urteetan zehar  ur hornikuntzarako eta saneamendurako azpiegiturak hobetzeko ehun bat udalerritan. Lan horiek Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailearen parte dira, Foru Komunitateko klima-aldaketaren aurkako tresnarik handiena uraren arloan, Navarra de Infraestructuras Local, S.A.k (NILSA) egina.

Plan horri esker, uraren ziklo integrala modu bateratuan kudeatu ahal izango da, ura hartu eta kontsumitu aurretik, eta, araztu ondoren, ibaira itzuli ahal izango da. Egoera hori funtsezkoa da, aurreikuspenen arabera, 2030erako ekarpen hidrologikoak % 15 murriztuko baitira; populazioak, berriz, egonkor jarraituko du, eta pixka bat handituko da, ziurrenik eskaria areagotuz.

Horrela, hornidura arloko jarduerak 37 milioi eurora iritsi dira. Nabarmentzekoa da Tafallan Pedrerako EUTEa lotzeko 9,8 milioiko lanak egin direla (horietatik Nafarroako Gobernuak 6,5 milioi jarri zituen 2017-2019ko Toki Inbertsioen Planaren bidez, eta Mairagako Mankomunitateak 3,3 milioi), Itoizko kalitatezko ura Nafarroako Ubidearen bidez Peralta edo Faltzes bezalako udalerrietara iristea ahalbidetu dutenak.

Saneamenduko obrei dagokienez, horiek 20 milioi eurotik gorakoak dira, eta horietatik 7 milioi baino gehiago 350 biztanletik beherako udalerrietan inbertitu dira, horietan lehentasunez lan egiten baita. Adibidez, Muruzabal-Uterga-Legarda, Cabredo, Hiriberri Aezkoa, Zigaurre, Guerendiain, Uxue, Arbeiza-Zubielki, Asiain-Izu, Arano, Ustarrotz edo Iguzkitza udalerrien kasuan, 25 guztira.

Gogoratzekoa da Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea 2019-2030 Nafarroako Parlamentuak 2019ko maiatzean onartu zuela. Haren helburu nagusia hornidura eta saneamenduko oinarrizko zerbitzu egoki baterako sarbidea bermatzea da, Nafarroako biztanle guztien eskubide unibertsal gisa.

Urari lotutako ekintzak LIFE-IP NAdapta-CCn 

Tokiko erakundeek uraren eta tokiko ingurunearen arloko eskaerak eta beharrak helarazi ahal izan dituzte LIFE-IP NAdapta-CCk bultzatutako tailerren bidez, Alkateen Itunaren eskutik, Klimarako eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planak (KEIEP) egiteko. Tailer horietan, udalerri bakoitzean klima-aldaketara egokitzeko lehentasunezko ekintzak detektatu dituzte. Izan ere, LIFE-IP NAdapta-CC proiektu integratuak uraren eta ur-baliabideen inguruko hainbat ekintza aurreikusten ditu. Adibidez, hondakin-urak tratatzeko instalazioetan gerta daitezkeen ingurumen-larrialdien aurrean alerta goiztiarreko sistema bat garatzea; Saneamendu Sistemen Desbordamenduen (SSD) jarraipena egiteko sare bat garatzea eta horien ingurumen-inpaktuaren diagnostikoa egitea; hiri-estolderiaren sareak egokitzea, hiri-eremuetan drainatze-sistema iraunkorrak ezarriz; edo klima-aldaketaren egoeretatik eratorritako baliabide hidrikoak ebaluatu, baita eskaria ustiatzeko ereduarena.