Eduki publikatzailea

MITECOk Ebroko Arroan izandako uholdeengatik 20 milioi euro iragarri ditu larrialdietarako laguntzetan

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren barruan, uraren arloko hainbat ekintza egiten ari dira; besteak beste, Nafarroako hainbat udalerritan uholde-arriskuari aurre egiteko larrialdi-planak.

20-01-2022


Nafarroako Gobernuko, Trantsizio Ekologikoko eta Erronka Demografikoko Ministerioko (MITECO) eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (EKH) zenbait arduradunek uholdeek eragindako kalteak aztertu dituzte berriki, bai eta premiazko zein epe ertain eta luzeko neurrien plana ere, kalteak gutxitzeko asmoz. Bilera urtarrilaren 10ean egin zen, eta Maria Chivite Nafarroako presidentea eta Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa izan zituen buru. EKHren aldetik, ordezkaritzaren burua Dolores Pascual presidentea zen.

Chivite presidenteak joan den abenduko uholdeen datu nagusiak ekarri zituen gogora: 10.000 hektarea labore eta 133 herri kaltetuta. Riberaren arabera, Aseguruen Partzuergoak 60 milioi euroko kalteen estimazio bat kalkulatu du. Eta azpimarratu zuen administrazio zentrala, foru-administrazioa eta udalak prest daudela zenbait neurri modu koordinatuan hartzeko.

Hala, premiazko jardueren lehen fasean ari dira lanean, 10 milioi euroko inbertsioarekin. Horri beste 10 milioi euro gehitu behar zaizkio, uholdeek Nafarroan, Aragoin eta Errioxan eragindako zatian uholde-arriskura egokitzeko laguntzei buruzko Errege Dekretuan jasotakoak. Laguntza horiek datozen asteetan onartuko dira, eta haien helburua eraikin publikoak eta pribatuak uholde-arriskura egokitzea da, eraikinetan ura sartzea, nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetan kalteak eragitea eta abar saihestuz.

Ezpondak eta oinarrizko azpiegiturak konpontzeko lanak premiaz egingo dira, ahalik eta lasterren. Era berean, lehentasunez, ondasun kaltetuentzako laguntzak ematea arinduko da, eta eskaerak egiteko epea otsailaren amaierara arte egongo da zabalik.

36 milioi Nafarroan epe luzerako ekintzak egiteko

2018tik, MITECOk 5,2 milioi euro inbertitu ditu Nafarroan eremua berreskuratzeko eta ibaien dinamika hobetzeko, eta oraintxe beste 5,4 milioi euro daude LIFE Ebro Resilience proiektuaren barruan. Guztira, Erkidegoan 36 milioiko ibertsioa egongo da datozen lau urteetan zehar, Teresa Ribera presidenteordeak adierazi zuen arabera.

Plan horren helburua, Ebron epe ertain eta luzerako jarduerak egiteko asmoarekin, ibaiaren portaeraren iragarpen-sistema hobetzea da, uholdeak prebenitzeko eta lurzoruan egokitzapenak egiteko, kalteak ahalik eta gehien murrizteko.

Larrialdi-planak uholde-arriskuaren aurrean

Uholde-arriskuaren aurrean Udaletako larrialdi-planak Nafarroako Foru Komunitatean klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CC proiektu europarraren barruan kokatzen dira, Gobernuak berak burutzen duena eta, beste ekintzen artean, plan horietako 17 idaztea barne hartzen duena, horiek kudeatzeko tresna informatikoak ezartzearekin batera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikitako Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoak egindako plan horien helburua uholdeen kudeaketa hobetzea eta pertsonen eta komunitateen autobabesa sustatzea da, uholdeen ondoriozko arriskuak eta mehatxuak txikitzeko.

Ekintza horien helburua urarekin lotutako arriskuetara gehiago egokitzea da, klima-aldaketaren ondorioz, salbuespenez, suntsitzaileak eta ohikoagoak  izan baitaitezke. Inpaktu hori zabaltzeak eta ezagutzeak berekin dakar gertaera horiek prebenitzeko prestakuntza handiagoa izatea, saihestezinak izan arren, ezohiko uholdeen ondorioz sor daitezkeen kalte materialak prebenitu eta, ahal den neurrian, murriztu baitaitezke, autobabesa sustatuz eta horrelako planak abian jarriz.