Eduki publikatzailea

Lurralde Kohesiorako Departamentuak 60.000 euro baino gehiago inbertitu ditu Galbarrako, Biloriako eta Ulibariko kontzejuetan, Lana Ibarran, hobekuntzak egiteko, despopulazioaren aurkako borrokaren esparruan

Tokiko ingurunea LIFE-IP NAdapta-CCn kontuan hartzen da, Alkatetzen Itunaren eta herritarrekin egiten ari diren Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planen edo KEIEPen bidez.

14-03-2022


Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 63.588,56 euro inbertitu ditu Galbarrako, Biloriako eta Ulibarriko kontzejuetan hobekuntzak egiteko, Lana Ibarran, despopulazioaren aurkako borrokaren esparruan.

Nabarmentzekoa da Lana Ibarrak, erronka demografikoak eragindako Nafarroako udalerrietako batek, biztanleriaren % 80 baino gehiago galdu duela azken 70 urteetan, 1950ean 902 biztanle izatetik gaur egun 163 izatera igaro baita.

Ildo horretan, tokiko ingurunea LIFE-IP NAdapta-CCn kontuan hartzen da, Alkatetzen Itunaren eta herritarrekin egiten ari diren Klima eta Energia Iraunkorrerako Ekintza Planen edo KEIEPen bidez. Plan horiek klima-aldaketaren aurka tokiko mailan borrokatzeko arintze, egokitze eta energia-pobreziarako neurri batzuk jasotzen dituzte.

Zenbait udalek hainbat neurri proposatu zituzten egindako tailerretan, hala nola ate eta leihoetako arotzeriak aldatzea, eta eguraldi txarraren aurrean babesteko estalkiak edo berokuntza-instalazioen ordez eraginkorragoak jartzea. Neurri horiek Europako proiektuan jasotzen dira, klima-aldaketari lotutako ekintza osagarrien bidez, eta Klima Aldaketaren ibilbide-orriaren edo KLINaren helburuak lortzen laguntzen dute.

Kontzejukako jarduerak

Galbarrako kontzejuak kontzeju-eraikin bat du, eta haren lehen solairua etxebizitza gisa alokatuta dago. Etxebizitza horrek ez zuen irisgarritasun egokirik, eta, beraz, etxebizitzako balkoira sartzeko arrapala bat eraiki da, zuzenean sartzeko eta kalearekiko desnibela gainditzeko. Jarduerak 19.383,13 euroko aurrekontua izan du; horietatik 15.506,50 euro Foru Gobernuak jarri ditu, eta gainerakoak, Kontzejuak.

Bestalde, Biloriako kontzeju-etxearen eraikinak, elkarte gastronomiko bat eta kontzejuen bulegoak hartzen dituenak, egiturazko kalte ugari zituen, estankotasun- eta isolamendu termikoan arazoak. Jarduketak erabilera anitzeko areto, ludoteka edo egongela gisa aprobetxatzeko egokitzapena erraztu du. Obrek 43.028,07 euroko inbertsioa ekarri dute; horietatik 34.442,46 euro Lurralde Kohesiorako Departamentuak ordaindu ditu, eta gainerakoa, tokiko erakundeak.

Azkenik, Ulibarriko kontzeju-etxearen eraikinak, ludoteka bat, egongela sozial bat eta kontzeju-gelak dituenak, estankotasun-arazoak eta narriadura orokortua zituen. Sarrerako atea eta leihoak aldatu dira, sarreran egurrezko markesina bat jarri da eguraldi txarretik babesteko, galdara eraginkorrago batekin ordeztu da eta sarrerako eskailera harri naturaleko lauzekin zolatu da. Ulibarriko lanen guztizko aurrekontutik (17.074,51 euro) 13.659,60 euro Nafarroako Gobernuak hartu ditu bere gain, eta gainerakoa, Kontzejuak.

Despopulazioaren aurkako tokiko proiektuak

Kontzeju horietako hobekuntzak Nafarroako Gobernuak emandako 1,2 milioi euroko laguntzen barruan sartzen dira. Laguntza horiek gizarte, administrazio, kultura, kirol, aisialdi eta turismo erabilerako zuzkidura-azpiegiturak egokitu, hobetu edo eraikitzera bideratutako despopulazioaren aurka borrokatzeko ematen dira, baita alokairura bideratutako etxebizitzak erosi eta/edo eraberritzeko ere. Horiek guztiak Nafarroan Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Estrategian jasotako premiekin lotuta daude, eta despopulatzeko arriskuan dauden toki-erakundeetan garatzen dira, azken 30 urteetako biztanle-galera edo biztanleria-dentsitate txikia kontuan hartuta.

Laguntza-ildo horren barruan, despopulatzeko arriskuan dauden 25 herritan tokiko erakundeek sustatutako hainbat proiektu finantzatu ditu Foru Gobernuak. Etxebizitzaren arloan sartzen dira, besteak beste, Gesalatzeko Udalak etxebizitza bat erostea, Acedoko maisu-maistren etxebizitza zaharra eraberritzea, edo Biotzariko bi kontzeju-etxebizitza birgaitzea.

Kirol-zuzkidurak edukitzera bideratutako jarduketen atalean, aipatzekoak dira Lapoblacionen pilotaleku ireki bat eraikitzea, Mueseko igerilekuak eraberritzea, Xabierko igerilekuak egokitzea eta eraberritzea, edo Aietxuko kontzejuko frontoiaren zoladura egokitzea.

Azkenik, udal-eraikinak hobetzeko proiektuen artean daude, besteak beste, estalkia ordeztea, erabilera anitzeko aretoa egokitzea eta Piedramillerako udal-eraikin baten alboko fatxada konpontzea, edo Aiesako kontzeju-etxeko arotzeriak eta estalkiak berritzea.

Era berean, 2021ean 4 milioi euroko inbertsioa bultzatu da errepideak hobetzeko, bide-zoruak indartzeari dagokionez, soilik despopulazio-arriskuan dauden eremuetan; irizpide hori Nafarroako Gobernuak kontuan hartzen duen lehen aldia da, errepideetan zerbitzu publiko gisa inbertsioak lehenesteko orduan. Gainera, nabarmentzekoa da 2020an 5 milioi euroko inbertsioa egin zela 10.000 biztanletik beherako udalerriek despopulazioaren aurkako borrokaren esparruan inbertsioak egin ahal izateko, besteak beste.