Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCren partzuergoaren bilera berria

Saioa pasa den asteazkenean, irailaren 21ean, izan zen.

29-09-2022


Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko areto nagusian, joan den asteazkenean, irailaren 21ean, LIFE-IP NAdapta-CC (LIFE16 IPC/ES/000001) ‘Eskualde batean, hots, Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko politika modu integratuan, koherentean eta inklusiboan inplementatzerantz' proiektuaren partzuergoaren bilera berri bat egin zen.

Proiektuaren helburua da Foru Erkidegoa klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea, Foru Gobernuak Nafarroako Klima Aldaketaren aurkako Ibilbide Orrian (HCCN-KLINA) jasotzen dituen estrategia eta ekintza-planak garatzen lagunduz, eta partzuergoa ekintzen garapenean parte hartzen duten bazkideen ordezkariek osatzen dute.

Hala, proiektuko ekintzen arduradunak bertaratu ziren bilerara: Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko eta Osasuneko Departamentukoak, azken horiek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) bidez; INTIA, NASUVINSA, GAN-NIK eta NILSA sozietate publikoenak; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak (NUP), guztiak LIFE-IP NAdapta-CC Europako proiektuaren kide gisa.

Jorratutako gaiak

Aldizkako bilera horien helburu nagusia da proiektuaren bilakaera azaltzea, sinergiak hautematea eta erakundeen arteko lankidetza indartzea. Irailekoan, 2022an garatutako ekintzen aurrerapenak azaldu ziren, baita proiektuaren finantza-egoera ere. Barne-funtzionamenduari buruzko gogorarazpenak ere egin ziren, eta LIFE programaren berezko eskakizunei buruzko gai interesgarri batzuk jorratu ziren, integratu-modalitatean. Azkenik, epe labur, ertain eta luzerako ekintza eta ekitaldi batzuen aurreikuspenak aurreratu ziren, eta saioari amaiera emateko, eskaerak eta galderak egin ziren.