Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCren lurzoru-azterketa bat, Palermoko EJP SOIL Annual Science Days delakoan aurkeztua

Urteroko topaketa zientifikoa ekainaren 8an eta 9an izan zen, EJP SOILen esparruan.

24-06-2022


NUPek eta INTIAk LIFE-IP NAdapta-CCn egindako lurzoruaren azterketa Rodrigo Antón ikertzaileak (NUP) aurkeztu zuen Annual Science Days topaketa zientifikoan, joan den ekainaren 8an eta 9an, Palermon, European Joint Programme on Agricultural Soil Management (EJP SOIL) delakoaren esparruan.

 

EJP SOIL Europako Batzordeak kofinantzatutako programa bat da, eta haren helburua da ikerketa-komunitate bat garatzea, ezagutzak eta tresnak sortzeko, nekazaritza-lurzoruaren kudeaketa iraunkor eta adimenduna sustatzeko eta, horrela, nekazaritza-lurzoruek gizartearen erronka nagusiei egiten dieten ekarpena hobetzeko, hala nola klima-aldaketari, uraren kudeaketari eta etorkizuneko elikadura-segurtasunari dagokienez.

 

Bi egunetan zehar, programa horren barruko eta kanpoko hainbat proiekturen emaitzak eta aurrerapenak aurkeztu ziren hainbat saiotan. Zehazki, LIFE-IP NAdapta-CCren aurkezpena klima-aldaketara egokitzeari eta praktika berritzaileei buruzko saio espezifiko batean egin zen. Bertan, Rodrigo Antonek lurzoruaren adierazleen azterketari buruz egindako lanaren berri eman zuen, nekazaritza-lurzoruek klima-aldaketarekiko duten urrakortasuna eta erresilientzia ebaluatzeko, Nafarroako eskualde-mailan.

 

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko gaurkotasun osoa ezagutu nahi baduzu, albisteen hileroko buletinera harpidetu zaitezke formulario honen bitartez.