Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCk Nafarroan Energia-Komunitateak garatzeko legezko gida argitaratu du

Dokumentua Nasuvinsa sozietate publikoaren bidez egin da, Nafarroako Gobernuaren Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuarekin lankidetzan, eta Foru Komunitatean energia-erkidego bat abian jartzeko beharrezkoak diren legezko urratsak identifikatzen ditu.

24-05-2022


LIFE-IP NAdapta-CCk Nafarroan Energia-Komunitateak garatzeko legezko gida argitaratu du. Europako proiektuaren bazkide den Nasuvinsa sozietate publikoaren bidez, eta Nafarroako Gobernuaren Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuarekin lankidetzan, eraketa-prozesuan dauden energia-komunitateei laguntza eman zaie, Foru Komunitatean proiektu pilotu gisa martxan jarri arte. Europako proiektuaren C6.7 ekintzaren parte da gida, ‘Azpiegituretako eta Lurralde Plangintzako jarduketak’ arloaren barruan.

Laguntza-lan horren barruan, energia-komunitateak eratzen laguntzeko eta sustatzeko prozesuan toki-erakundeei legez aholkatzeko gida argitaratu da.

Beharrezko lege-urratsak

Dokumentuak Nafarroan energia-komunitate bat garatzeko behar diren lege-urratsak identifikatzen ditu: forma juridiko jakin batean eratzen denetik, energia-komunitateak bere zerbitzuak emateko egin ditzakeen jarduketetaraino eta horretarako administrazio-izapideetaraino.

Gidaren eranskin gisa, kooperatiba itxura duen energia-erkidego baten estatutu juridikoen eredu bat erantsi da, Nafarroan eratu daitezkeen hurrengo energia-komunitateentzat gida gisa balio dezan.

Energia-komunitateak figura juridiko berri bat dira, borondatezko parte-hartze irekian oinarritzen dena, eta pertsona fisikoek, ETEek edo toki-erakundeek kontrolatzen dutena. Horiek pertsona juridiko horren jabetzakoak diren energia berriztagarrien, eraginkortasun energetikoaren eta/edo mugikortasun jasangarriaren proiektuak garatzen dituzte, eta proiektu horien helburu nagusia bazkideei edo kideei edo jarduten duten tokiko eremuei, irabazi finantzarioen ordez, ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak ematea da.

Gidarekin batera, beste bi dokumentu tekniko aurkeztu dira: proiektu teknikoa eta Garraldako energia-komunitatearen bideragarritasun-azterlana. yloreai@nasuvinsa.es helbidean egongo dira eskuragarri.

Toki-erakundeentzako laguntzak

Nafarroan energia-komunitateak bultzatzeko, LIFE-IP NAdapta-CCk benchmarking txostenean hautemandako beharraren ondoren, Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuak, S4 Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 200.000 euroko laguntza deialdia egin du tokiko erakundeentzat, energia-komunitateak eratzeko. Ekainaren 15era arte eska daitezke, egun hori barne, Nafarroako Gobernuaren atariko izapideen katalogoaren fitxan.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko gaurkotasun osoa ezagutu nahi baduzu, albisteen hileroko buletinera harpidetu zaitezke formulario hau betez.