Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCk ‘Basoak klima-aldaketara egokitzeko estrategiak eta horien aplikazioa lurraldeetan’ jardunaldian parte hartu du

Foru Erkidegoan egiten ari diren ekintza nagusiak aurkeztu ziren, Nafarroako baso-ekosistemen erresilientzia areagotzeko, beste proiektu batzuekin harremanak ezartzeko eta ezagutzak eta esperientziak trukatzeko.

11-05-2022


LIFE-IP NAdapta-CCk ‘Basoak klima-aldaketara egokitzeko estrategiak eta horien aplikazioa lurraldeetan’ jardunaldian parte hartu zuen 2022ko apirilaren 20an. Frantzia, Espainia eta Andorraren arteko ezagutza eta esperientziak trukatzeko ekitaldia, basoak klima-aldaketara egokitzeko estrategiei eta horiek lurraldeetan ezartzeari buruzkoa. Jardunaldia FORESPIR elkarteak eta “Office National des Forêts” -ek antolatu zuten, ADAPYR eta ACCLIMAFOR proiektuen esparruan.

Ekitaldiaren helburu nagusia eskualdeen arteko elkartrukeak eta lankidetzak zabaltzea eta erraztea izan zen, lehentasunezko lan-ardatzei dagokienez, bai eta basogintza-sistemak klima-aldaketara egokitzeko esparruan lurraldeetan hedatu edo planifikatutako ekintzei dagokienez ere.

Jardunaldian, Nafarroa, Euskadi, Katalunia, Galizia, Andorra eta Frantziako ordezkariek basoek gaur egun dituzten erronka nagusiak eta eskualde bakoitzean hartzen ari diren estrategiak azaldu zituzten.

Nafarroaren kasuan, Nafarroako baso-ekosistemen erresilientzia areagotzeko egiten ari diren ekintza nagusiak aurkeztu ziren. Ekintzak nagusiki LIFE-IP NAdapta-CC proiektuan egituratzen dira, baina beste proiektu batzuetatik ere sortzen dira, hala nola REINFFORCE, CANOPEE edo azken horren ondorengoa, ACCLIMAFOR, bai eta foru-administrazioaren kudeaketatik bertatik ere.

Aurkeztutako ekintzek funtsezko alderdiak jorratzen dituzte klima-aldaketaren aurkako borrokan: aldaketa horrek zuhaitz-espezieen fenologian dituen ondorioen ebaluazioa, baso-masa kalteberenen azterketa eta baso-kudeaketa egokitzailearen jardunbideen aplikazioa, eta datu-base geografiko bat sortzea, baso-masen eta gauzatutako ekintzen egoeraren jarraipena eta ebaluazioa errazteko tresna gisa.

Ekitaldia lurraldeen arteko trukerako gune bat izan zen, eta bertan ezagutza, esperientziak eta sinergiak sortu ziren, eskualdeek aurre egin beharreko erronka eta ziurgabetasunaren aurrean horrelako ekimenek duten garrantzia eta beharra agerian utziz.

 

LIFE-IP NAdapta-CCren gaurkotasun osoa ezagutu nahi baduzu, hileko albiste-buletinera harpidetu zaitezke formulario honen bitartez.