Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCren baso-kudeaketa moldakorrari buruzko aurrerapenak, SilvAdapt sareak NUPen antolatutako Basoen Egokitzapenari buruzko Nazioarteko Jardunaldi batean

Nafarroako basoen erresilientziara bideratutako ekintzak azaldu ziren, eta beste LIFE proiektu batzuekin eta SilvAdapt sareko erakundeekin esperientziak partekatu ziren.

27-10-2022


LIFE-IP NAdapta-CCk ‘Basoak Klima Aldaketara Egokitzeari buruzko Nazioarteko Jardunaldia: Zientziaren eta Teknikaren arteko Topaketak’en parte hartu berri du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), Iruñean. GAN-NIKeko eta LIFE-IP NAdapta-CCko koordinatzaile tekniko Joël Dozzik proiektu integratuaren helburu nagusiak, ekintza tematikoak eta zeharkakoak aurkeztu zituen; Nafarroako Gobernuko Irantzu Primicia Álvarezek, berriz, basoen arloan orain arte egindako ekintzak eta lortutako emaitza nagusiak azaldu zituen. Proiektua 2025ean amaitu arte aurreikusitako gainerako ekintzak ere aurkeztu ziren, baita lan horiek bertan dauden beste eragileekin duten harremana ere.

 

Sareko lana eta ezagutzaren transferentzia

Topaketa SilvAdapt estatuko sareak antolatu zuen, klima-aldaketara egokitzeko basogintzari eskainia. Basoen kudeaketa moldakorraren arloko ikerketen eta proiektuen hainbat esperientzia eta emaitza ezagutzeko aukera eman zuen, analisi partekatua eta eztabaida sustatzeko, baso-kudeaketa hobetuko duten ideia eta proposamen berriak aurkitzeko.

Horrela, topaketa honen bidez, harremanak sortu eta sendotu dira beste proiektu batzuekin, hala nola LIFE Resilient ForestS proiektuarekin, zeinen helburua baita basoen kudeaketa kontzeptua arroetan garatzea, erabakiak hartzen laguntzeko tresna digital bati esker. LIFE Adapt-Aleppo proiektuarekin ere informazioa trukatu da, basoen kalteberatasuna mapatzeko ekintzei edo baso-kudeaketarako jarraibideei buruz. Bestalde, basogintza moldagarriaren sektoreko beste eragile batzuekin elkarreragin ahal izan da, hala nola FORESNA, elkartearekin, Hazirekin, European Forest Instituterekin, Bartzelonako Unibertsitatearekin eta Utahko Estatuko Unibertsitatearekin (AEB), bai eta lurralde-ordezkariekin ere, hala nola Murtziako Gobernuarekin, Andaluziako Juntarekin edo Kataluniako Generalitatearekin, klima-aldaketaren aurrean basoak modu iraunkorrean kudeatzeko hainbat ikuspegi ezagutuz.

SilvAdapt sarea Estatu osoko 14 erakundek osatzen dute, eta herrialdeko ikerketa-taldeek lortutako emaitzak bateratzea ahalbidetzen du, klima-aldaketarekin lotutako asaldurei eta arazoei buruzko erantzun argiak ematen saiatuz, eta, horrela, mendia modu jasangarriagoan kudeatzeko irizpide berriak sortzen lagunduz.