Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCk NOUaren jardunaldi batean parte hartu du, HOPE programaren barruan

Jarraipen- eta zaintza-sistema desberdinen inplementazioa C.5 Osasuna ekintzaren barruan kokatzen da, ISPLNk proiektuan garatutakoa.

23-05-2023


Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak (NOU) Nafarroako osasun-langileei zuzendutako jardunaldi teknikoa egin zuen joan den asteartean, maiatzaren 16an, Europar Batasunean osasun-arloko profesionalak trukatzeko HOPE programaren barruan.

LIFE-IP NAdapta-CCk, europar proiektu integratuak, hiru ponentzien bitartez parte hartu zuen. Aurretik beste hitzaldi batzuk egin ziren. Marisa Saldaña Lusarretak, NOUeko Kudeaketa Klinikorako eta Asistentzia Jarraitutasunerako Laguntza Zerbitzuko medikuak, HOPE programa bera azaldu zuen, baita Sara Effat italiarrarekin gaur egun dagoen trukea nola garatzen ari den ere.

Ondoren, Enrique Echavarren Zozaya NOUeko Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako zerbitzuburuak, NOU bera antolatzeko sistema erakutsi zuen, baita INTERREG POCTEFA HEALCIER proiektuaren bidez ezarritako lana ere. Proiektu horren helburua osasun-laguntzaren balio-katearen lehiakortasuna hobetzea izan da, ekonomia zirkularraren printzipioak ezarriz.


Zer da HOPE programa?

HOPE gobernuz kanpoko erakundea da, eta Europar Batasuneko herrialdeetako herritarren osasuna hobetzea du helburu. Ez hori bakarrik, Europar Batasuneko herrialdeetako ospitaleen, zerbitzuen eta osasun-sistemen antolaketan eta funtzionamenduan eraginkortasuna, efizientzia eta gizatasuna sustatzea ere bai. Urtero, HOPEk profesionalak trukatzeko programa antolatzen du, bakarra Europan. Programa horren bidez, osasun-kudeaketaren arloan diharduten osasun-zerbitzuetako profesionalek prestakuntza-egonaldi bat egiteko aukera dute, Europar Batasun osoko ospitaleetan. 2023ko programak gai hau du ardatz: Klima eta ingurumena: ospitaleen eta osasun-zerbitzuen erronkak.

LIFE-IP NAdapta-CCko ponentziak

Nafarroako klima-aldaketara egokitzeko proiektuari dagokion zatia, Miguel Ángel González Morenoren —LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren koordinazio-taldeko teknikaria eta komunikazio-arduraduna Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan— ponentzia batekin hasi zen.

Gonzalezek Foru Komunitateak klima-aldaketaren aurrean duen egoera testuinguruan kokatu zuen. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko bide-orriaz (HCCN-KLINA), isurpenen inbentarioarekin egindako lanaz eta klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko, martxoaren 22ko, 4/2022 Foru Legea (EKFBL) promulgatzearekin batera zegoen lege esparruaz mintzatu zuen. Ondoren, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari esker Nafarroako lurretan inplementatzen ari den egokitzapen-estrategiari erreparatu zion, zeharkako eremuak eta eremu horizontalak azalduz, baita hainbat arlo tekniko eta emaitza aipagarri ere.

Ostean, Estrella Miqueleiz Autoreren, Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuan (ISPLN) LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren osasun-arloko arduradunaren, txanda izan zen. Miqueleizek Osasun Sailak, ISPLNren bidez, proiektuaren barruan inplementatutako ekintza bakoitzaren azalpen sakonagoa egin zuen. Miqueleizek, bere hitzaldian, lan eta emaitza nabarmenetako batzuk aipatu zituen, hala nola: muturreko tenperaturei buruzko C5.1 eta C5.2 ekintzetan egindako prebentzio-kartelak; tigre eltxoaren (Aedes albopictus) liburuxka C5.5ean; airearen kalitatearen azterketa C5.3n; SAR-CoV-2ren jarraipena C5.4n; polena C5.6an; eta informazio-buletina.

Azkenik, Amelia Aguiar Bailok, ISPLNn LIFE-IP NAdapta-CC  proiektuaren osasun-arloko teknikariak, lan-eremuan muturreko tenperaturen arloan egindako lanarren aurkezpena egin zuen. 2019tik 2021era bitartean enpresetara egin zen bisita-kanpaina baten bidez egin zuten lana. Era berean, ISPLNek prestatu duen dokumentazioa eman zuen: "Orientazioak, tenperatura altuen eraginpean dauden langileen osasuna zaintzeko”. Gida hori bakarra da Estatuan, eta horren bidez orientabideak ezarri nahi dira tenperatura altuen eraginpean dauden langileen osasuna zaintzeko helburuarekin.

Jardunaldiari amaiera emateko, Enrique Echavarren Zozayaren eskutik NOUeko instalazioak bisitatu zituzten bertaratu zirenek.