Eduki publikatzailea

Ingurumen Sailak laguntza deialdia egin du 2022an jabetza pribatuko mendietan basoak kudeatzeko planak egiteko, eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 23an amaituko da

LIFE-IP NAdapta-CC baso kalteberenen klima-aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzeko lanean ari da baso-kudeaketa jasangarria sustatuz, baso-antolamenduko eta -kudeaketako planetan egokitzapena kudeatzeko neurriak barne.

17-02-2022


Ingurumen Sailak 20.000 euroko laguntzak bideratu ditu basoak kudeatzeko planak egiteko 2022an. Deialdi honen helburua da titulartasun pribatuko bi mendiren edo gehiagoren plangintza-dokumentuak egitea bultzatzea, 2014-2020 aldirako Nafarroako Landa Garapenerako Programaren (LGP) lankidetza-neurrien barruan. Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratutako ebazpenaren arabera, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 23an amaituko da.

Zehazki, baso-azalera modu jasangarrian kudeatu nahi da, eta jabe pribatuen arteko elkarketa eta lankidetza bultzatu. Nafarroako Basogintza Planak helburu espezifiko gisa jasotzen ditu baso-sektorearentzat baso-ekosistemen egokitzapen-ahalmena eta ingurumen-balioa handitzea eta baso-plangintza sustatzea, plangintza hori funtsezkoa baita baso-ekosistemen kudeaketa iraunkorrerako, bai eta ekosistema horiek kontserbatzeko eta biodibertsitatea hobetzeko ere.

Era berean, deialdi honen bitartez, baso-berritzeak eta baso-lanak erraztu nahi dira, baso-aprobetxamenduak baso-bideak eraikiz eta mantenduz, beste balio batzuk indartuz, hala nola KBEetako habitaten kontserbazioa (Kontserbazio Bereziko Eremuak) edo aisialdirako erabilera.

Basoen klima-aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzea

LIFE-IP NAdapta-CCk baso kalteberenen klima-aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzeari begira ere planteatzen ditu hainbat alderdi, baso-kudeaketa jasangarria sustatuz, baso-antolamenduko eta -kudeaketako planetan egokitzapen-kudeaketako neurriak barne. Horrela, C3.1 ekintzan, proiektu integratuak baso-sistema kalteberenak identifikatzen eta kartografiatzen lan egiten du, ekintza-lehentasunak ezartzeko helburuarekin. Bestalde, C3.5 ekintzan baso-hazkundeko ereduen garapena eta aplikazioa aztertzen da klima-aldaketaren hainbat egoeratan, baso-masen produktibitatearen aldaketak ebaluatzeko.

Foru Komunitateko baso-sistemen iraunkortasuna eta hobekuntza bermatzea

Basogintzaren antolamenduaren helburua da Foru Komunitateko baso-sistemen iraunkortasuna eta hobekuntza bermatzea, horrek dakartzan onura zuzen eta zeharkako guztiekin: landa-populazioak finkatzea eta lanpostuak sortzea, baso-suteen prebentzioa, higaduraren aurkako borroka, material berriztagarrien erabilera, zura eta mendekotasun energetikoa murriztea... Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.

2018an, beste laguntza-lerro bat hasi zen, titulartasun pribatuko mendietan baso-kudeaketako planak edo tresna baliokideak egiteko, eragile pribatuen artean lehendik zeudenak berrikustea barne.