Eduki publikatzailea

Nafarroako hondakin-uretan SARS-CoV-2 birusaren presentzia monitorizatu duen ikerketa baten emaitzak aurkeztu dira

LIFE-IP NAdaptak parte hartu du ikerketa-lanean, eta pandemiaren bilakaerari buruzko informazioa eskaintzen du Arazuriko eta Tuterako Hondakin Uren Araztegietara iristen diren populazioen uretan.

11-04-2022


Azterlanaren emaitzak duela gutxi aurkeztu dira, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Navarra de Infraestructuras Locales (NILSA) egin dute. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) ere parte hartu du, datu epidemiologikoak eman ditu eta LIFE-IP NAdapta-CCko funtsekin finantzatu ditu, C.5.4 ekintzaren esparruan, dagozkion analisiak. Horiek Navarra de Servicios y Tecnologías -ek egin ditu (NASERTIC).

Horrela, lan honek agerian uzten du aztertutako bi estazioek itxuraz desberdinak diren portaerak erakutsi dituztela zenbait olatutan, eta laginak hartzean ikusitako aldakortasunak emaitzetan eragina duela dirudiela.

Era berean, Nafarroan COVID-19 gaitza diagnostikatutako kasuen jarraipena eta miaketa egiteko orduan, badirudi SARS-CoV-2 birusaren presentzia hondakin-uretan monitorizatzeak birusaren transmisioaren balizko hazkundearen alerta gisa balio dezakeela.

Ikerketa-lanaren helburuak

Azterlan honen helburu nagusiak izan dira, alde batetik, hondakin uretan SARS-CoV-2 material genetikoaren presentziaren eta hondakinak Arazuriko eta Tuterako Hondakin Uren Araztegian (HUA) isurtzen dituzten udalerrietako COVID-19 kasuen bilakaeraren arteko erlazioa aztertzea; bestetik, estatistika-ereduen erabilera aztertzea, osasun-arloko erabakiak hartzeko baliagarria eta osagarria izan daitekeen alerta goiztiarreko tresna gisa.

Ikerketa hau 2020ko maiatzean hasi zen, NILSAk gidatuta, eta NOPLOI eta NUPen, LIFE-IP NAdapta-CCko bazkideen, eta NASERTICen laguntza izan du.

Gogoratzekoa da, LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan, NILSA sozietate publikoa lanean ari dela, C.2.1 ekintzaren barruan, hondakin-urak tratatzeko instalazioetan gerta daitezkeen ingurumen-larrialdiei aurre egiteko alerta goiztiarreko sistema bat garatzeko. Eta ISPLN, berriz, C.5.4 ekintzan, klima-aldaketaren ondorioz sortzen ari diren arriskuen zaintza hobetzeko.

Ondorioak

Egindako analisiaren arabera, SARS-CoV-2ko material genetikoaren kurbaren bilakaerak lotura estua izan du pandemiaren bilakaerarekin eta kasu klinikoen etengabeko gehikuntza- eta murrizketa-oldeekin, baina material genetikoaren kurbaren aurre-hartzea ez da berdina izan pandemian zehar.

Arazuriko HUAren kasuan, kasu berrien kurbaren eta litroko RNAren kopia-kopuruaren kurbaren aldi baterako patroia antzekoak dira. Hala ere, bi serieen arteko korrelazio gurutzatua handiagoa da 2020/12/01 - 2021/06/16 aldian.

Zehazki, litroko RNAren kopia-kopuruaren serieak 12 egun inguruko epean diagnostikatutako kasu berrien serieari aurrea hartzen diola dirudi.

Portaera hori ez da ikusten 2021eko udan izandako igoera handian, bi serieak ia aldi berean hazten baitira, ezta azken olatuan ere, non material genetikoaren seriea asko aurreratzen den kasuen serieari.

Tuterako HUAren kasuan, bi kurben bilakaera (RNAren kopia-kopurua/litroko eta diagnostikatutako kasu berriak) desberdina da kontuan hartutako aldiaren arabera.

2021eko otsailetik aurrera, zehazki 2021/02/15etik 2021/09/16ra bitartean, litroko RNAren kopia-kopuruaren seriea 8-9 egunetan diagnostikatutako kasu berrien serieari aurreratu zaiola dirudi. Azken igoera handian aurrerapena askoz handiagoa da.

Horrela, bada, SARS-CoV-2 eredu estatistikoan oinarritutako RNAren kontzentrazio-kurban aldaketa esanguratsuak detektatzeak aldaketa bortitzak saihesten ditu, datuek berezko duten aldakortasun handiaren ondorioz.

Noizbait Nafarroan COVID-19 gaitza diagnostikatutako kasuen jarraipena eta miaketa orain arte bezain sakon egiteari utziko balitzaio, SARS-CoV-2 birusak hondakin-uretan duen presentzia monitorizatzeak kutsatutako herritarren artean birusaren transmisioa areagotu daitekeen alerta gisa balio lezake.

Lan honek agerian uzten du aztertutako bi estazioek itxuraz desberdinak diren portaerak erakutsi dituztela zenbait olatutan, eta laginak hartzean ikusitako aldakortasunak emaitzetan eragina duela dirudiela.