Eduki publikatzailea

Mendillorriko ur-biltegietan 'Egokitzapena: klima-aldaketaren aurkako beste borroka' dibulgazio-erakusketa dago ikusgai.

Erakusketa LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan antolatu da, eta larunbat, igande eta jaiegunetan bisitatu daiteke uztailaren 31ra arte.

28-06-2022


Nafarroako Gobernuak Iruñerriko Mankomunitateari (MCP) utzi dio berriki ‘Egokitzapena: klima-aldaketaren aurkako beste borroka’ dibulgazio-erakusketa. Erakusketa uztailaren amaierara arte egongo da ikusgai Mendillorriko biltegietan, MCPk instalazio horietan duen erakusketa-espazioan.

Klima-aldaketara egokitzeko Europako LIFE-IP-NAdapta-CC proiektuaren esparruan egin da erakusketa, eta larunbat, igande eta jaiegunetan uztailaren 31ra arte egongo da zabalik.

Erakusketa abian jarri da gure gizarteari kliman gertatzen ari diren edo gerta daitezkeen aldaketetara egokitzen joatea zertan datzan jakinarazteko. Horrekin batera, Nafarroan klima-aldaketak eragindako baso-izurrite eta -gaixotasunen banaketaren dinamiketara eta aldaketetara egokitzea zertan datzan ere ikustarazi nahi da. Gainera, arintzearekin lotutako gaiak sartzen ditu.

Erakusketak LIFE SHARA proiektuko, OECC - Klima-aldaketaren Espainiako Bulegoko, Biodibertsitate Fundazioko, CENEAMeko eta Klima Aldaketaren Portugalgo Bulegoko materialak Nafarroara egokitu ditu.

Hogei bat panel ilustratuk osatzen dute, eta bertan, Nafarroari zuzenean eragiten dioten problematikei eta klima-aldaketarekin duten loturari buruzko informazioa aurki daiteke, hala nola prozesionariak (Thaumetopoea pityocampa) Nafarroako pinudietan duen eragin handiagoa, eta baita onddoak bezalako beste afekzio batzuena ere; azken horien ugaritzea muturreko fenomeno meteorologikoek bultza dezakete. Gainera, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) fruta-espezieak eta tokiko baratze-barietateak berreskuratzeko proiektuen berri ere ematen du erakusketak, eta uraren kudeaketa berri baten beharraz hausnartzen du.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko gaurkotasun osoa ezagutu nahi baduzu, albisteen hileroko buletinera harpidetu zaitezke formulario hau betez.