Eduki publikatzailea

Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuak energia-komunitateak arautzeko araudi aitzindaria bultzatu du

LIFE-IP NAdapta-CC, C6.7 ekintzaren bidez, Nafarroan energia-komunitateak sortzen laguntzeko eta akonpainatzeko lana egiten ari da.

18-03-2022


Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak berriki Nafarroako komunitate energetikoak arautzeko Foru Aginduaren proiektua aurkeztu du, informazio publiko gisa argitaratuko dena Nafarroako Gobernuaren Gardentasun Atarian parte-hartze prozesu bat hasteko.

Proiektuak Europako egungo araudia hartzen du oinarritzat, eta, besteak beste, energia-komunitateak eratzen laguntzeko bulegoak sortzea eta leihatila bakarra eta erregistro publikoa ezartzeko aukera jasotzen ditu. Helburua da herritarrei energia-komunitate bat eratzeko egin beharreko izapideak eta beharrezko dokumentazioa ezagutzen laguntzea eta energia berriztagarriaren ekoizpenean herritarren parte-hartzea sustatzea.

Irujo kontseilariaren esanetan “ohartzen gara komunitate energetikoen garapenarekin lotura duten hainbat alderdi estatuaren eskumenekoak direla, eta gure ustean Nafarroako Gobernutik propioak diren eskumenen artean dauden alderdiak arautzeko ekimena hartu ahal dugu, hala berme juridikoa mantenduz, eta bide batez, nolabaiteko lege hutsune bat estaliz”.

Gaineratu zuen, halaber, “2021eko abuztuan argitaratutako eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren esparruan egindako txostenean jasotako erronkei erantzutea dela helburua, Nafarroako energia-komunitateak arautzeko foru-aginduko proiektu bat egiteko, eta hori guztia partaidetza-prozesu baten bidez egitea, Nafarroako herritarrek beren ideiak eman ditzaten”.

Komunitate energetikoetarako babes jarduketak

Orain artean, Nafarroako Gobernuak komunitate energetikoak babesteko hainbat jarduketa garatu ditu. Alde batetik, 2021eko abuztuan Nasuvinsak lehen aipatutako komunitate energetikoen benchmarking –aren azterketa bat elaboratu zuen LIFE-IP NAdapta-CC programaren esparruan, C6.7 ekintzan, komunitate energetikoen egoeraren gainean, bere baitan hartuz alderatzeko azterketa bat eta bere garapenerako topatutako zailtasunak. Bestalde, laguntza teknikoa eman zaie hala eskatu duten hainbat toki-erakunderi. Europako proiektu beraren barruan, Garraldan Energia Komunitatearen proiektu bat gidatzen ari da, Garraldargi izenekoa, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan erreplikagarria izatea bilatzen duena. Era berean, Garesen eta Urroz-Hirian sortutako energia-komunitateei laguntza teknikoa eman zaie.

Era berean, joan den azaroan Energia Komunitateen Europako lehen Kongresua antolatu zen. Azkenik, gogoratu behar da Nafarroako Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legearen Proiektuak horiek babesteko neurriak jasotzen dituela, baita Kooperatibei buruzko Foru Legearen aldaketa bat ere.

 

Komunitate energetikoen figura

Komunitate energetikoak errentagarritasun finantzariorik bilatzen ez duten erakundeak dira; kontsumitzaileek sistema energetikoan parte-hartze aktiboa izan dezaten bultzatzeko eta errazteko eta energiaren kudeaketa hobetzeko eratzen dira, kideen parte-hartze ireki eta borondatezkoan oinarritutako gobernantza baten bidez. Era berean, lurraldearekin lotura duten bazkideek kontrolatzen dituzte, eta, beraz, ekartzen dituzten ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onurak zuzenean itzultzen dira osatzen diren ingurunera.

Energia-sektoreaz harago doa inpaktua, klima-aldaketaren eta energia-pobreziaren aurkako borrokan laguntzen baitute eta gizarte-hobekuntzak sustatzen baitituzte komunitatean; beraz, bereziki figura interesgarria dira erronka demografikoa duten udalerrientzat. Lurraldetik hurbil daudenez, haien puntu sentikorrak eta eskain ditzaketen abantailak ezagutzen dituzte, eta, aldi berean, tokiko jarduera dinamizatzen, enplegua sortzen eta biztanleria finkatzen laguntzen dute.

Estatuarekin jarduteko protokoloa, tokiko energia-komunitateak sustatzeko

Duela gutxi, Foru Gobernuak akordio bat egin zuen Estatuarekin jarduteko protokolo orokor bat sinatzea onartzeko, Nafarroan tokiko energia-komunitateak sustatzen laguntzeko. Testua Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuak eta Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) sinatuko dute.

IDAEk energia iturri berriztagarriekin sortzea, energia biltegiratzea eta eskaria kudeatzea sustatzeko jarduerak jorratu nahi ditu, bai eta eraginkortasun energetikoari buruzkoak ere, energia berriztagarriak integratzen laguntzeko, hori guztia tokiko komunitate energetikoak sustatzeko.

Bestalde, 2030erako Nafarroako Energia Planak, 2030erako Nafarroako Energia eta Ingurumen Estrategiaren barruan, ezartzen du arlo horretako politiken helburua autohornikuntzako tokiko proiektuak eta sare adimendunak sustatzea eta babestea izango dela, proiektu horietan auzo-erkidegoek eta eskualdeek parte hartuz. Sinatuko duten protokoloaren arabera, bi aldeek lankidetzan jardungo dute energiaren eta klima-aldaketaren arloko helburu nazionalak betetzen laguntzeko baliabideak aprobetxatzeko.

Foru Komunitatean egingo dituzten jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: tokiko energia-komunitateak sustatzea; tokiko energia-komunitateen proiektuak sortu eta garatzeko sustapen-jardueren diseinuan parte hartzea; tokiko energia-komunitateak eta horien finantzabide potentzialak garatzeko balizko proiektu pilotuak identifikatzea; eta elkarrekiko interesa duen beste edozein jarduera.

Energia-komunitateak LIFE-IP NAdapta-CCn

Aipatu bezala, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuan, C6.7 ekintzaren bidez, Nafarroan energia-komunitateak sortzen laguntzeko eta akonpainatzeko lan bat egiten ari da. Figura horren kasuan, trantsizio energetikoko ekintzez eta eredu energetikoa egokitzeaz ari gara. Ikuspegi orokorra da, eta eragina du bai arintzean, bai klima-aldaketara egokitzean. Pertsonen parte-hartzea ahalbidetu, bultzatu edo bultzatzea eredu berritzaileen bidez, hala nola tokiko energia-komunitateak, funtsezkoa da gizartea klima-aldaketara egokitzeko.