Eduki publikatzailea

Gómez kontseilaria eta Parlamentuko kideak Funesera joan dira uholdeen eragina murrizteko Ebro Resilience Estrategiaren helburuak bertatik bertara ezagutzeko

Halaber, LIFE Ebro Resilience proiektuaren esparruan ibai-espazioak berreskuratzeko neurri zehatzak, abian jarriak eta laster ezarriko direnak, ezagutu dituzte

30-03-2022


Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez eta Nafarroako Parlamentuko batzordekideak Funesen izan dira, Ebro Resilience Estrategiaren helburuak bertatik bertara ezagutzeko.

Ebro Resilience Estrategiak, Ebroko arroko Uholde Arriskuaren Kudeaketa Planaren barruan, uholdeen inpaktua murrizteko helburua du, ur masen eta ibaiertzetako habitaten egoera hobetzen laguntzeko Ebro ibaiaren 325 kilometro hartzen dituen eta Errioxa, Nafarroa eta Aragoiko 62 udalerritatik igarotzen den lurraldean. Horretarako, uholdeen aurreko prebentzio-, babes-, prestaketa- eta berreskuratze-neurriak jasotzen dira, baita ibai-ekosistemak hobetzeko neurriak ere.

Gaur egun, Nafarroan, Ebro Resilience Estrategiari dagokionez, landaredia exotikoa ezabatzeko lanak burutzen ari dira Tutera bezalako udalerrietan, besteak beste, edota Ebro ibaiaren morfologia egokitzeko eta ingurumena lehengoratzeko lanak El Ortigoso inguruan, Milagron, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Lan horietan, ibai-espazioko 12 hektarea berreskuratuko dira, gaur egun makaldi produktiboek eta beste landare batzuek hartuak, eta ingurumen aldetik lehengoratzeko, bertako landareen 21.000 ale landatuko dira.

Bisita Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak antolatu du honako hauen lankidetzarekin: Nafarroako Ingurumen Kudeaketa sozietate publikoa (NIK/GAN), Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (EKH) teknikariak, Nekazaritza Teknologiak eta Zerbitzuak SA (TRAGSA) estatu enpresa publikoa eta Funesko Udala. Bisitan zehar, parlamentarioek jada abian jarritako esku-hartzeak eta LIFE Ebro Resilience proiektuaren esparruan epe laburrera aurreikusitakoak ere ezagutu dituzte.

LIFE EBRO RESILIENCE jarduerak

Zehazki, LIFE Ebro Resilience P1 proiektuaren bidez, Estrategiako hiru jarduera garatzen dira Europar Batasuneko LIFE Programaren finantzaketaren bidez. Esku-hartze horiek Alfaron (Errioxa), Castejonen (Nafarroa) eta Aragoin, Fuentes de Ebron eta Osera de Ebron kokatzen dira. Errioxa eta Nafarroa arteko zatian Ebro ibaiaren hiru meandro berreskuratuko dira, egun ibai-eremu gisa ibilgutik deskonektatu daudenak; era horretan, ur-goraldien hustubidea erraztuko da eta ibai-habitaten 45 hektarea sortu. Horrela, uholde-arriskua hobetuko da 500 hektareako nekazaritza-finketan.

Aurreikusitako esku-hartzeekin uholde-arriskuaren kudeaketa eta ibaiak leheneratzea batzen dira, eta horien adibide eta ekintza pilotu gisa, parlamentarioak proiektuaren 3. Faseko obrak ikusten izan dira, Arga ibaiaren beheko zatiko meandroetan lotura hidrologikoa egiteko eta habitata hobetzeko, Funesen. 1. eta 2. Faseetan, uren kalitatea hobetzen aritu ziren Soto Sardillasko meandroan, uholdearen lautada berreskuratzen eta Arga eta Aragoi ibaien elkargunea hobetzen, bi ibaiak Ebro aldera batera irteteko aukera emanaz. 3. Fase hau, orain, Argaren ubidearen eta Soto Sardillasko meandroaren arteko lotura egiten oinarrituko da, meandroan bertan luzetarako jarraitutasuna berreskuratzeko eta Funes herriaren uholde-arriskua hobetzeko.

Obren hirugarren fase honen aurrekontua 3,9 milioi eurokoa da, eta aurreko bi faseetan jada inbertitutako 8,3 milioiri batzen zaizkie. Esku-hartzean, Arga ibaia eta Soto Sardillasko meandroa berriro lotuko dira, bi ibilguen artean 370 metroko luzerako kanal naturalizatua eraikiko baita, Funesko industria-gunearen ondotik igaroko dena. Lotura horri esker, 300 m3/s-ko ur-goraldietan, ibaiko urak Soto Sardillasko meandrotik barrena zirkulatuko du, urak saneatuaz eta bi ibilguak berriro konektatuaz.

Ibilgu hori eraikitzearekin batera, lanen bidez meandroaren jarraitutasun longitudinala berreskuratuko da, egun dauden eragozpenak iragazkortuz uren zirkulazioa erraztearren. Obran zehar, bi zubi berri eraikiko dira: bat ibilgu berriaren sarreran eta bestea industriagunetik NA-6630 errepide alderako sarrera eta irteera errazteko. Zubi horiek eraikitzeko, bost metroko altuerako hormigoi aurrefabrikatuzko markoak erabiliko dira.

Arga behealdeko EDAR alderako egungo pasabidea ere eraitsiko da, Cubo industriagunearen alboan, eta aurrekoen tipologia bereko zubi batek ordezkatuko du. Azkenik, presa txiki bat eraikiko da Las Mesicasen, desbideratutako emaria gainaldean igaro ahal izateko.

Arga ibaiaren ezohiko uraldietan, urek ezkerretik egungo kanalizazioa gainditzen dutenean, 2021eko abenduan gertatu moduan, kanal berrian jasoko dira gainezka egindako urak, eta Arga ibai aldera eta Aragoi ibaiarekin bat egiten duen tokira bideratuko ditu, Soto Sardillasko meandroaren bidez, drainatzea erraztuaz eta uholdearen denbora eta azalera murriztuaz.

Argako meandroak berreskuratzeko jada egindako lanek eraginkorrak direla erakutsi dute, jardueraren helburuak bete dituztelako; hau da, Funes udalerrian uholde-arriskua murriztea eta habitatak hobetzea, ibaiari baldintza naturaletatik hurbil dauden baldintzak itzuliaz. Gainera, berriz naturalizatzeko prozesua nekazaritza-erabilerekin batera egin da.

Obrak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak sustatu ditu, EKH bidez, eta Klima Aldaketara Egokitzeko Ingurumena Bultzatzeko Planaren kontura (PIMA Adapta) finantzatzen dira. Funesko Udalak obretarako beharrezkoak diren lurren zati bat jarriz lagundu du, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, Udala konpentsatuko du makalak behar baino lehen moztuta eta lanen ingurumen-segimendua NIK-GAN enpresa publikoaren bidez eginaz.

Neurrien eraginkortasuna

Argako meandroak berreskuratzeko jada egindako lanek eraginkorrak direla erakutsi dute, jardueraren helburuak bete dituztelako; hau da, Funes udalerrian uholde-arriskua murriztea eta habitatak hobetzea, ibaiari baldintza naturaletatik gertu dauden baldintzak itzuliaz. Gainera, berriz naturalizatzeko prozesua nekazaritza-laboreekin bateragarri izanik egin da.

Bestalde, sortu diren hezeguneak eta Soto Sardillasko meandroa Arga ibaiarekin konektatzen duten besoak ibai-habitat egokien eremu bihurtu dira Europako bisoiaren presentziarako, Europan desagertzeko arrisku handiena duen ugaztunetako bat baita.

Halaber, Ebroko naiade autoktonoen 200 aletik gorako kolonia bat aurkitu da Soto Sardillasko meandroan.