Eduki publikatzailea

LIFE-IP NAdapta-CCk ureztatzeko uraren kudeaketa iraunkorrako prozesua aurkeztu du UAGNren ‘Nekazaritza-elkarrizketak’ hitzaldian

Marta Goñi Labat INTIAko teknikariak proiektuan ezarritako klima-aldaketara egokitzeko lana aurkeztu zuen.

09-01-2023


Joan den abenduan, Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasunaren (UAGN) ‘Nekazaritza- elkarrizketak? itzuli ziren, aurrez aurre, Iruñeko Gomen Fabrikan. Ekitaldian zehar, Marta Goñi Labat Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko (INTIA) I+G Proiektuetako eta LIFE-IP NAdapta-CC proiektuko teknikariak ‘Praktika berritzaileak NPB berrian’ izeneko hitzaldiaren barruan, ureztatzeko uraren kudeaketa iraunkorrari buruzko txosten bat aurkeztu zuen, LIFE-IP NAdapta-CCren nekazaritza arloan ezarritako ekintzen barruan.

“Lehen sektorea, tradizionalki, etengabeko berrikuntza batean bizi da: eskakizun berrietara, politika berrietara, behar berrietara egokitzen, eta, beraz, ez da berria egoera hau”, adierazi zuen Goñik. Gainera, klima-aldaketa bezalako erronka berriak azpimarratu zituen, baina garai hau bereizten duena iraultza teknologikoa dela nabarmendu zuen. “Datuen, informazioaren eta komunikazioaren aroan gaude. Batzuek diote landa-eremuko hirugarren iraultza dela, eta gure ustiategiei zer teknologia aplikatu behar dizkiegun argi eduki behar dugu”, INTIAren teknikak azaltzen zuenez.

Elkarrizketa konstruktiboa

Jardunaldian zehar, modu konstruktibo batean hitz egitea zen helburua, konponbideak bilatuz eta landa-eremuko profesionalen ekoizpena eta lana ahalik eta gehien optimizatzeko helburuarekin, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-iraunkortasunaren ikuspegitik. Izan ere, gaur egun, sektorea eraldaketa digitaleko testuinguru batean murgilduta dago, eta horrek talka egiten du produkzio-kostuen azpiko prezioak edo belaunaldien arteko erreleborik eza duen egoera honekin. Hala azaldu zuen Felix Bariain UAGNko presidenteak ekitaldiaren hasieran: “Gure erakundeak erabilgarriak izan daitezkeen eta, batez ere, gure afiliatuek eskatzen dituzten proiektuen aldeko apustu garbia egiten du. Jakin badakigu teknologiaren aplikaziorik gabe, edo ikerketari eta garapenari ahaleginik egin gabe, sektorearen etorkizuna are gehiago murrizten dela”.

“Herrialde hau 60.000 milioi baino gehiagoko balioan esportatzeko gai bada, 19.000 milioiko saldo positiboarekin, argi dago gauzak modu egokian egiten badakigula. Lehiakorrak eta iraunkorrak gara, baina kontuz, estatistikek kontrakoa diote, ez dago erreleborik eta despopulazioaren arazoa gero eta larriagoa da, beraz, iraunkortasun hori ez da ekoizlearengana iristen”, zioen Bariainek, eta bide erabakitzaileak ere ematen zituen: “Zergatik ez dira aukera horiek sektorera iristen? Aurrekontua, zalantzarik gabe, baina baita hezkuntza ere, nekazaritzari eta abeltzaintzari akusazio-sentimenduekin begiratzeari uztea, eta, jakina, sektoreari entzutea legeak egiteko eta aurrekontuak egiteko orduan”.

Hitzorduaren bigarren hitzaldia Iñaki Mendioroz UAGNko Sektore, Berrikuntza eta Proiektuen zuzendariaren eskutik eman zen, ‘UAGNren ezagutza sektorera transferitzeko ekimenen’ aurkezpenarekin. “Transferentziarik ez badago, berrikuntza horrek ez du zentzurik, ez baita aplikatzen”, zioen hasieran Mendiorozek. “Berrikuntza hori elikadura-katearen ikuspegitik ekarri behar da; produktuak lehen sektoretik igarotzen dira, eraldaketa- eta elaborazio-prozesu batetik, eta, azkenik, merkaturatze batetik; beraz, ekoizleak, eraldatzaileak, kooperatibak eta merkaturatzaileak ikuspegi komun baten inguruan elkartu behar gara. Premietan oinarritutako berrikuntza eta transferentzia aplikatu behar ditugu, modu horizontalean pentsatuta; hitz egitea eta esperientzia praktikoetatik abiatzea da kontua, eta aldaketa horren palanka izan behar dugu”, azaldu zuen.

Erronka konplexuak sektorearentzat

Hitzaldiak eta gero ‘Zergatik ez dira aukera horiek sektorera iristen’ deitutako mahi ingurua antolatu zen, eta hizlariak hauek izan ziren: Antonio Rodriguez, ANAITeko gerentea; Miguel Ángel Campo Bescos, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniaritza eta Biozientzien Goi Eskola Teknikoko irakaslea; David Navarro, nekazaria eta UAGNko Gazteen batzordekidea; Daniel Andión, INTIAko Nekazaritza Aholkularitzako koordinatzailea; eta Agurtzane Martínez Ortigosa, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusia.

“Nekazaritzako elikagaien sektoreak erronka konplexuei egin behar die aurre”, zioen hasieran Elisa Plumed Espainiako Nekazaritzako Elikagaien Kazetarien Elkarteko presidente eta solasaldiaren moderatzaileak. “Elikagai gehiago ekoizteko erronka dago, gero eta pertsona gehiago izango garelako munduan, 2050erako 10.000 milioi pertsona baino gehiago espero dira munduan; bestalde, klima-aldaketa daukagu eta gehiago ekoitzi behar da gutxiagorako, berotegi-gasaren emisioak murriztuz; eta gero NPB dugu, aplikatu beharrekoa eta garraioaz, iraunkortasunaz eta elikaduraz hitz egiten dena”, jarraitzen zuen. Informazio hori, eztabaidaren sarrera izan zen.

Juan Cruz Cigudosa García Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak arretaz entzun zuen mahai-ingurua, eta itxi egin zuen hitzordua, “berrikuntzaren eta sektorearen arteko konpromisoa itzulerarik gabeko bidea dela” adieraziz.

Kontseilariak hiru laguntza-mezu bidali zituen: “Lehenengoak prestakuntzarekin du zerikusia: belaunaldien arteko errelebu faltaz hitz egin da, Nafarroan talentua falta da, sektorean diharduten pertsona gehiago. Nola erakartzen da talentua? Bekekin”. Helarazi zuen bigarren mezua bizi-kalitatean oinarritu zen. “Herrialdean bizi-kalitate handiena duen lurraldean gaude, eta talentu hori erakartzeko eta atxikitzeko balioa eman behar zaio, azpiegituraren garrantzia ahaztu gabe: ezinezkoa da jendea konektibitaterik gabe, zuntzik gabe, herrietara bizitzera etortzea”. Eta hirugarren mezuarekin amaitu zuen: “berrikuntzarako eta funtsetarako sarbidea”.

LIFE-IP NAdapta-CC proiektuari buruzko gaurkotasun guztia ezagutu nahi baduzu, hileroko albiste-buletinera harpidetu zaitezke formulario hau betez.