Eduki publikatzailea

Nafarroako udalerrien laurdenak energia komunitate bat du edo hori eratzeko prozesuan ari dira

Itoiz Mariñelarenak, Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak, LIFE-IP NAdapta-CCtik egindako lana aipatu zuen bere hitzaldian.

25-01-2023


Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak Energia Erkidegoen Europako II. Kongresuaren irekiera ekitaldian parte hartu zuen atzo. Irekiera ekitaldian, Joan Groizard IDAEko zuzendari nagusiak ere parte hartu zuen, bertan Irujok nabarmendu zuenez “Nafarroako udalerrien laurdenak badute komunitate energetiko bat edo hori eratzeko prozesuan daude”.

“Komunitate energetikoak etengabe ari dira garatzen, eta Nafarroako Gobernutik gure eskura ditugun erreminta guztiak aplikatzen ari gara horiek bultzatzeko”, baieztatu zuen kontseilariak. Zehazki, Irujok zehaztu zuen bultzada hori 3 ardatzetatik ematen dela. “Alde batetik, Komunitate Energetikoak sustatzeko Foru Agindua dugu, araudi aitzindaria Estatuan. Bestetik, Next Generation funtsetatik eratorritako laguntzak daude, eta horiei Nafarroako kenkari fiskalak gehitu behar zaizkie. Eta, azkenik, udalerri, herritar eta enpresa guztien eskura dugu komunitate energetikoak bultzatzeko bulegoa”, azaldu zuen Irujok.

Figura berri honen gorakadarekin batera, autokontsumoaren gorakada daukagu Nafarroan. “2020an 31MW instalatuta izatetik, egun 94 MW izatera iritsi gara; alegia, %200 gehitu da soilik bi urteetan”, esan zuen kontseilariak, eta honela erantsi zuen: “Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuak (PNIEC) 2030erako markatutako 54 MW-en oso gainetik gaude”.

Kongresuaren irekieran, Joan Groizardek, Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuko (IDEA) zuzendari nagusiak, ere parte hartu zuen, eta trantsizio energetikoan autonomia-erkidegoek eta herriek duten garrantzia azpimarratu zuen. “Eredu energetiko baterako aldaketa lurraldetik sortu behar da”, ziurtatu zuen.

Komunitate energetikoen esparruaren barruan, Groizardek honako hauek nabarmendu zituen: “Next Generation funtsetatik datorren 100 milioi euroko zenbatekoa, IDAE mobilizatzen ari dena komunitate energetikoak bultzatzeko, erreferentzia izan daitezkeen bandera-proiektuak izateko helburuarekin”. “Dagoeneko onartu ditugu 74 proiektu deialdi honen barruan, eta 4 Nafarroakoak dira”, baieztatu zuen.

Azkenik, IDAEko zuzendari nagusiak Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak sortzeko deialdiaren balantzea egin nahi izan zuen. Eskaerak aurkezteko prozesua herenegun amaitu zen. “200 ekimen baino gehiago jaso ditugu, jarrita genuen aurrekontuaren ia bikoitza”, ziurtatu zuen.

Kongresua

Atzo, asteartea, eta gaur, asteazkena, Energia Komunitateen Europako Kongresuaren bigarren edizioa ospatu da Baluarteko Auditorioan, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak antolatuta. Edizio horretara 300 pertsona baino gehiago joan dira eredu energetiko berri horri buruz eztabaidatzeko eta arrakasta-kasuak ezagutzeko.

Lehen eguneko saioak honako hauetan oinarritu ziren: komunitate energetikoen erregulazioaren erronkari aurre egitea, horiek garatzearen aldeko esparruak nolakoa izan behar duen ezagutzea eta eredu horrek industriari zer-nolako aukerak eskaintzen dizkion jakitea.  

Bestalde, gaurko saioetan, aztergai izan dira gizarte-berrikuntza komunitate energetikoen barruan, finantzaketa publiko-pribatuko ereduak eta Estatuko eta Europako puntu ezberdinetako arrakasta-kasuak.