Eduki publikatzailea

‘Larrialdi klimatikoa: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa' ikastaroaren bosgarren jardunaldiaren balantzea

Bosgarren hitzaldiaren izenburua "Urari egokitutako kudeaketa" izan zen, eta LIFE-IP NAdapta-CCren estrategia batzuk izan zituen ardatz, hala nola NILSAk eta GAN-NIKek egindakoak, bai eta Ebro Resilience estrategia ere.

23-12-2022


Larrialdi klimatikoa: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa’ ikastaroaren bosgarren jardunaldia joan den asteartean izan zen, 2022ko abenduaren 20an.

Doako prestakuntza horretan dagoeneko mila eta ehun pertsona baino gehiagok eman dute izena, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren (LIFE-IP NAdapta-CCren bidez), Meteorologiako Estatu Agentziaren (AEMET) Nafarroako Ordezkaritzaren eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UNED) Tuterako zentro elkartuaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza da.

Saioa hasteko, uraren eta klima-aldaketaren inguruko sarrera labur bat egin zuen Itziar Almárcegui Artiedak, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuko kideak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko teknikariak. Ondoren, lehenengo hitzaldiari ekin zitzaion. Jardunaldian, alerta goiztiarren programak eta drainatze jasangarriko hiri-sistemak (SUDS) eta Nafarroan uholdeen aurrean egin diren larrialdi-planak azaldu ziren; eta, azkenik, Ebro Resilience egokitzapen estrategia eta LIFE Ebro Resilience proiektua azaldu ziren.

Alerta goiztiarrak eta drainatze jasangarriko hiri-sistemak (SUDS)

Julen Fernández Sanz de Galdeano, NILSAko LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren arduraduna, 1988ko Ur Zikinen Saneamenduarwn inguruko Foru Legeari buruzko zertzeladak ematen hasi zen. Lege horren helburua ibai-ibilguetan ingurumenaren defentsa eta berreskurapena bermatzea zen, bai eta tokiko azpiegiturari dagokionez arazketa-zerbitzuen ezarpen eraginkorra gauzatzea ere, ibaien birsortzeko ahalmena osatzeko helburuarekin.

Ondoren, hondakin-urak arazteko prozesua azaldu zuen, dekantazio-prozesu baten bidez, ibaietara joan aurretik. Era berean, hondakin-urak tratatzeko instalazioetan sor daitezkeen ingurumen-larrialdien aurrean alerta goiztiarreko sistemak ere aztertu zituen, hala nola ‘kanpoaldeko/ohiko’ isurketen detekzioa. Txostengileak adierazi zuenez, horrelako ekipo eta alerta-sistemei esker, enpresen legez kanpoko isurketak detektatu ahal izan dira.

Euri-garaiko saneamendu-sistemen kudeaketari dagokionez, “ingurumenaren, teknikaren, eskumenen koordinazioaren eta ekonomiaren ikuspegitik oso arazo konplexua” dela adierazi zuen. Ildo horretan, saneamendu-sistemek (DSS) gainezka egitearen ondoriozko inpaktuak kontrolatzeko estrategia nagusiak hauek dira: egiturazkoak ez diren neurriak, SUDS (Drainatze Jasangarriko Hiri Sistema) garatzea, DSUren aurkako azpiegiturak eraikitzea, eta HUA diseinatu edo egokitzea euri-garaiko fluxuen kudeaketara.

LIFE-IP NAdapta-CCren esparruan, hiriko estolderia-sareak ere egokitu dira SUDS bidez. Horri esker, jariatze-ura gutxiago sortu da, emariak kudeatu dira uholde-arriskua murriztuz, uraren kalitatea babestu da eta lurpeko birkarga areagotu da.

Uholde-arriskuetarako larrialdi-planak

Javier Loizu Maeztuk, Nafarroako Ingurumen Kudeaketako LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren arduradunak (GAN-NIK), lehenik eta behin aipatu zuen Nafarroak uholde arrisku handia duten 25 eremu dituela, 102 udalerriri eragiten dieten 81 arrisku-tarterekin, horietako 45 uholde arrisku bereziarekin.

 

Horrela, bada, Nafarroako uholde-arriskuari aurre egiteko Larrialdi Plan Bereziak definitzen du 45 udalerri horiek nahitaez izan behar dutela Udal Plan bat uholde-larrialdia kudeatzeko, eta horrek egitura zehatz bat izan behar du (oinarriak, arriskuaren azterketa, egitura eta antolaketa, operatibitatea eta ezarpena, eta herritarrei aholkuak ematen dizkieten eranskinak, edukierei eta plubiometroei buruzko informazio-iturriak, kartografia eta mapak).

Plan horietako bakoitza idazteko, udalekin, udal-brigadetako arduradunekin eta udaltzaingoarekin koordinatzen da. Bigarrenik, herri bakoitzeko emari historikoen azterketa egiten da, eta emarien zirkulazio-denborak aztertzen dira. Hirugarrenik, planek kartografia eta mapak jasotzen dituzte, udalerri bakoitzeko isurialdeko arroak dokumentatzeko, ur-emaria neurtzeko estazioen eta plubiometroen kokapena kokatzeko, bai eta arriskugarritasun- eta arrisku-mapak ere. Jarraian, lau larrialdi-maila ezarri dira, 0tik 3ra, herritarrei jakinarazteko. Udal-planek herri bakoitzeko atalase hidrologikoak edo plubiometrikoak ere jasotzen dituzte, baita udal-arduradunek larrialdi-egoeran jarraitu behar dituzten jarduera-fitxak ere. Horietan egin beharreko jarduketak jasotzen dira.

Informazio hori guztia ingurune digital batera eraman da, LIFE-IP NAdapta-CCren finantzaketari esker. Udal-plan bakoitzak web-orri bat du, herritarrek udalerriari buruzko informazio guztia kontsultatzeko eta sms bidezko alerta-sisteman alta emateko.

Azkenik, plan bakoitza egin ondoren, udalerri bakoitzeko eragile interesdunekin prestakuntza- eta hedapen-saioak egiten dira.

 

Uholde-arriskuaren kudeaketa Ebroko erdiko tartean: Ebro Resilience Estrategia

 

David Gargantilla Cañerok, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) Ibilguetako Jarduketen Zerbitzuko buruak eta Ebro Resilience Estrategiaren koordinatzaileak, Ebro ibaiaren erdiko tarteak uholdeei dagokienez duen arazoa azaldu zien bertaratutakoei. Izan ere, ibai nagusietako ur-goraldietako urak erdiko tartean elkartzen dira, Logroñon eta Mequinenzako urtegian. Uholde-probabilitate handiko eremu gisa katalogatuta dago, eta, gehienbat, Arrisku Handiko Eremu gisa deklaratuta dago.

XXI. mendearen hasieran, aldaketa bat gertatu zen ibaien kudeaketaren ikuspegian, funtzionalitate hidrauliko eta ingurumen-funtzionalitate bikoitzaren arabera, ibaien hustubide-ahalmena eta ekosistemen babesa handituz, eta uholdeetara egokituz, saihestu gabe.

Hala, Ebroren arroan hainbat ekimen konbinatzen dira, hala nola Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana (UAKP), Ibaiak Leheneratzeko Estrategia Nazionala (ENRR), administrazioen arteko koordinazioa eta tokiko biztanleen parte-hartzea.

Testuinguru horretan sortu zen 2018an Ebro Resilience estrategia. Administrazioen eta beste eragile batzuen arteko lankidetza-esparrua izatea du helburu, Ebroko tarteko uholde-arriskuaren kudeaketan modu solidarioan eta koordinatuan lan egiteko. Haren xedea da uholdeek Ebro ibaiaren erdiko tarteko arrisku handieneko tarteetan duten eragina murrizteko jarduerak sustatzea, eta, horretarako, gure ibaien egoera hobetzen lagunduko duten neurriak ezartzea, herritarrek gertakari horiei erantzuteko duten gaitasuna hobetuz. Hala, azken helburua Ebroko erdiko tarte egoki bat lortzea da, non jarduera ekonomikoak eta herriguneak kontserbazio-egoera onean dagoen ibai batekin batera biziko diren, eta halabeharrezko uraldiek ez duten kalte nabarmenik eragingo.

Ebro Resiliencek uholdeen kudeaketa aldatu nahi du, egokitzapenean oinarritutako ibai-eredu berri bat ezarriz. Horretarako, uholde-arrisku handieneko ibaiaren 18 zati hautatu dira, eta bi jarduketa egin dira Alfaro eta Castejon, eta Osera de Ebro eta Fuentes de Ebro tarteetan, Life Ebro Resilience P1 proiektuaren barruan.

Hala, Ebro Resilience estrategia 3P+R estrategietan oinarritzen da (Prebentzioa, Babesa, Prestakuntza eta Berreskurapena). Doitasun handiko lurraren eredu digitalekin lan egiten da, LIDAR teknologia topografia klasikoarekin konbinatuz, ibilguaren ohearen batimetria gehituz; azken belaunaldiko modelizazio hidrauliko bidimentsionalak egiten dira; horrela diseinuko emarietarako simulazioak egitea lortzen da, garatutako ibai-ereduaren arabera. Horrela, ibaiaren funtzionamendua aztertzen da, antzemandako arazoen kausak bilatuz. Azkenik, hautemandako arazoen jatorria ebatzi behar du alternatiben proposamenak. Jarduketen konbinazio hori biztanleei erakusten zaie, parte hartzeko tailerretan eta kexa, iruzkin eta iritzietara irekitako tailerretan. Azkenik, esku-hartzea izapidetzen hasten da.