Eduki publikatzailea

Nafarroan klima-aldaketara egokitzeko LIFE-IP NAdapta-CCren aurrerapenak ‘Aragón Climate Week’-en aurkeztu dira

Ekitaldia urriaren 18tik 24ra bitartean izan zen eta Foru Komunitateak bi ponentziatan parte hartu zuen.

08-11-2022


Gaur egun bizi dugun larrialdi klimatikoaren aurrean, Aragoiko Gobernuko Klima Aldaketa eta Ingurumen Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak ‘Aragón Climate Week' antolatu zuen joan den urrian. Bertan astebetez hainbat ekitaldi izan ziren, gizartea klima-aldaketaren aurkako borrokan inplikatzeko eta mobilizatzeko.

Egipton egingo den COP 27ren hitzaurre gisa, eta joan den urriaren 24ko Klima Aldaketaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna kokatzeko, hainbat jarduera antolatu ziren, hala nola mintegiak, hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, erakusketak, jarduerak, eta abar. Guztiek klima-aldaketa zuten ardatz, baina hainbat gai landu ziren: Europako itun berdea eta nazioarteko testuingurua, IPCC txostenak, klima-aldaketara egokitzea, ekonomia zirkularra, komunikazioa eta tokiko ekintza klimatikoa.

Hitzorduak izaera irekia eta parte-hartzailea zuen udal, elkarte, ikastetxe, ikerketa-zentro edo erakundeentzat, eta 100 ekintza baino gehiago egin ziren Aragoiko geografia osoan. Ekintza guztien helburua zen herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea larrialdi klimatikoa gelditzearen garrantziaz. Hala ere, jardunaldi teknikoetarako lekua ere izan zen. Horrela, hiru egunez jarraian larrialdi klimatikoari buruzko hitzaldiak eta eztabaidak egin ziren, eta ‘Aragón Climate Week’-eko jardunaldi horietako bitan LIFE-IP NAdapta-CC-k ordezkatu zuen Nafarroa.

Nafarroako ponentziak klima-aldaketara egokitzeko planei buruzko jardunaldian

‘Aragón Climate Week'-en programaren bigarren jardunaldia Zaragozako Caixaforumean egin zen, eta lehenengo blokearen ardatz nagusia klima-aldaketara egokitzea izan zen. Lehen esku-hartzeak Espainiako Gobernuaren Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoaren eskutik, María Salazarrek ordezkatuta, 2021-2030 aldirako Egokitzapen Plan Nazionalaren oinarriak azaltzeko balio izan zuen, klima-krisiak planteatzen dituen egoera berrien aurrean jarduteko estrategia ezartzen duen dokumentua. Arintzetik egokitzera pasatzeko beharra azpimarratu zuen, izan ere, Espainia bezalako zonaldeak klima-aldaketak eragindako inpaktuen aurreko “puntu bero” gisa kalteberak direla egiaztatu da.

LIFE-IP NAdapta-CCren esku-hartzea proiektuaren koordinazio-taldeko eta Nafarroako Gobernuko Klima Aldaketaren Ataleko biologoak, Itziar Almarceguik, ordezkatu zuen. Foru Erkidegoan klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ingurumen-politiken laburpena egin zuen, baita LIFE-IP NAdapta-CC proiektuarena ere, bere oinarrizko sei arloekin, bai eta ekintza horizontalekin eta zeharkakoekin ere. Tokiko ekintza klimatikoan Nasuvinsa-Lursarea proiektuarekin egiten ari den lana nabarmendu zuen, hurrengo egunean hitzaldi batean aurkeztekoa zena.


 

Eva Garcíak, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokiko (OPCC-CTP) koordinatzaileak, bere aldetik, erakundeak klima-aldaketaren aurrean mugaz gaindiko lankidetzaren arloan garatzen dituen lanetan oinarritu zuen bere azalpena. Ondoren, Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroko (CITA) Ikerketa zuzendari Alberto Bernuések klima-aldaketaren aurrerapena agerian uzten duten adierazle nagusiak aztertu zituen, eta etorkizuneko klima-egoera berrien aurrean nekazaritzako elikagaien eredua aldatzeko beharra azpimarratu zuen.

Azken esku-hartzearen helburua, Gaztela eta Leongo Ondare Naturalaren Fundazioaren (PRAE) koordinatzailea den Antonio Aragonek burutua, Gaztela eta Leonen egiten ari den eskola-jolastokiak birnaturalizatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko proiektua azaltzea izan zen.

Tokiko ekintza klimatikoaren aukerak izan ziren nagusi hirugarren jardunaldian

Tokiko ekintza-planak eta klima-aldaketa izan ziren jardunaldien hirugarren eta azken saioko lehen blokearen ardatz, eta Nafarroak parte hartu zuen bertan.

Lehenengo hitzaldiaren protagonista Zaragozako Udala izan zen. María Luisa Campillos Ingurumen Zerbitzuko teknikariak 2030ean hiria klimaren aldetik neutroa bihurtzeko ibilbide-orria azaldu zuen, eta Jesús de la Osa zerbitzu bereko teknikariak eta ingurumen-hezkuntzan adituak Zaragozako 2022-2030 Klima Aldaketara Egokitzeko Plana zertan datzan azaldu zuen.


 

Aitor Garcíak, NASUVINSAKO Nafarroako Lurralde eta Jasangarritasunaren Agentziakoak (LURSAREA), Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin lotutako LIFE-IP NAdapta-CCren ekintzaren egoera errepasatu zuen. Haren hitzak, gakoak: “Nafarroako 95 udalerrik onartu dute jada beren ekintza-plana, klima-aldaketara egokitzeko, emisioak murrizteko eta pobrezia energetikoaren aurka borrokatzeko neurriekin. Eta horretan, toki-ekintzako taldeek eta garapen-bulegoek berebiziko garrantzia izan dute”.

Haren esku-hartzean Etor Larraiak lagundu zuen, NELS Sareko (Jasangarritasunerako Toki Erakundeen Nafarroako Elkartea) presidentea eta Atarrabiako zinegotzia. Bertan klima-aldaketaren aurkako tokiko ekintza-neurriak despolitizatzeko beharra indartu zuen, honako hau esanez: “Alderdien arteko eztabaidatik kanpo utzi behar ditugu klima-aldaketari buruzko politikak. Atarrabiako Udalean PACES aho batez onartu dugu bost talde politiko ezberdinen artean. Horrek bermatzen digu neurriek etorkizunean jarraituko dutela”.

Jardunaldian parte hartu zuten, halaber, ECODESeko Pablo Barrenecheak, ‘Ayuntamientos #PorElClima’ proiektuarekin; Jacako Udaleko zinegotzi Manuel Díezek, Jacako Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planaren ekintza-ildoak azaldu zituenak; eta Diego Bayonak, Aragoiko Gobernuko Baso Kudeaketako eta Natura Inguruneko zuzendari nagusiak, baso-kudeaketa iraunkorraz eta baso-antolamenduko planak klima-aldaketaren aurkako estrategia gisa sustatzeko beharraz hitz egiteko esku hartu zuenak.