Eduki publikatzailea

Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren Estrategia bultzatzen dute 2030 Agendaren esparruan

Planak LIFE-IP NAdapta-CCren C.5.1. ekintza jasotzen du, gehiegizko tenperaturak giza osasunean dituen ondorioak prebenitzeko eta datuak zaintzeko eta erregistratzeko tresnak hobetzeko.

08-03-2022


Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek lan-saio bat zuzendu zuen duela gutxi, eta, bertan, Foru Gobernuak, Osasun Departamentuak koordinatuta, eta inplikatutako toki eta gizarte erakundeek, 2017-2022 Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren Estrategiari berriro ekiteko urratsak eman zituzten, 2030 Agendaren eta Zahartze Osasungarriaren Hamarkadaren (2021-2030) helburuen esparruan.

Lehendakariak gogorarazi zuen helburua “pertsonen autonomia erraztea” dela, “haien eskubideak errespetatzen diren ingurune atsegin batean”. Ildo horretan, nabarmendu zuen Nafarroa dela “Espainian bizi-kalitate handiena duen erkidegoa”, eta estrategia horrek “pertsona politika publikoen erdigunean” jartzen duela, “Nafarroako herritarrek ahalik eta autonomia handiena izan dezaten, gizartera dezaten eta gizartearen parte aktiboa izan daitezen”.

Gehiegizko tenperaturak giza osasunean dituen ondorioen prebentzioa

Bilera Iruñean egin zen, eta Osasuneko Sailarteko Kontseiluaren ekintza-plana eguneratzea izan zuten hizpide. Organo hori zeharkako organoa da, osasuna Foru Administrazioko departamentu guztietan integratzeko, eta Osasunaren Mundu Erakundeak arlo horretan egindako gomendioei jarraitzen die. Plan horrek LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren C.5.1. ekintza jasotzen du, gehiegizko tenperaturak Nafarroako hiru eremu isoklimatikoetan dituen ondorioak prebenitzeko eta datuak zaintzeko eta erregistratzeko tresnak hobetzeko.

 

Dokumentu honen helburua Nafarroako biztanleriaren zahartzea ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta bizi-kalitate onenarekin gerta dadin sustatzea da, pertsonak ahalik eta denbora luzeenean aktibo, autonomo eta independente egon daitezen.

 

Ekintza plana 2022-2023

Saioan, aurretiazko ekintza-planean aurreikusitako ekintzak berrikusi zituzten, eta plana egokitzea planteatu zen, 2022-2023 plan honek adinekoen behar eta eskaera gehienak jaso ditzan.

Toki entitateek, Juan Carlos Castillo NUKFko presidenteak ordezkatuta, adinekoen beharrizan horiekiko gero eta sentsibilitate handiagoa adierazi zuten, eta, pandemiaren ia bi urteren ondoren, udal askok behar horiei erantzuteko ekimenak abiarazi dituzte, hala nola jubilotekak, atseden programak edo eguneko zentroei bultzada, besteak beste.

Egungo egoeraren ebaluaziotik eta planteatutako helburuetatik ondorioztatzen da zahartze aktiboari eutsi behar zaiola, biztanleria orokorraren, gutxiengo etnikoen eta, bereziki, desgaitasuna duten pertsonen zahartze-moduari. Ateratako ondorio nagusien artean, zahartzearekin eta horren patologiekin batera datorren galera funtzionala murrizteko ekintzak ezartzearen garrantzia nabarmentzen da, bai eta berreskuratu daitekeen galera funtzionala iraultzen saiatzea ere. Era berean, ondorioztatzen da zahartzeak galera funtzionala ekar dezakeela, baina inoiz ez eskubideak galtzea.

Estrategia

Nafarroako Zahartze Aktibo eta Osasungarriaren Estrategiaren helburua da biztanleria ahalik eta gaitasun funtzional handienarekin eta osasun eta bizi-kalitate onenarekin zahartzea sustatzea, pertsonak ahalik eta denbora luzeenean aktibo, autonomo eta independente egon daitezen.

Era berean, aurrera egin nahi du adinekoekin kohesionatuagoa eta adiskidetsuagoa izango den gizarte baten eraikuntzan, gainerako biztanleria-talde gazteenak ahaztu gabe.

Nafarroako Gobernuarentzat garrantzi handiko helburua da, aurreikuspenen arabera, hamabost urte barru gure erkidegoko biztanleen % 25ek 65 urte baino gehiago izango baititu, eta gaur egun, berriz, % 20k; gainera, 70.000 pertsona inguruk 80 urte baino gehiago izango dituzte, eta gaur egun 41.000 dira.

Ekintza-politika horiek ebidentzian oinarritzen dira: ingurune sozialak, ekonomikoak eta fisikoak osasun-sistemak berak adina edo gehiago eragiten dute herritarren osasun-egoeran.