Eduki publikatzailea

‘Larrialdi klimatikoa: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa’ kurtsoaren lehenengo jardunaldiaren balantzea

Lehenengo saio honetan honako hau nabarmendu zen: berotze globala mugatzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak berehala, azkar eta planeta-mailan murriztu beharko lirateke. Gainera, besteak beste, klima-aldaketarekin lotutako Nafarroako sektore-estrategiak eta ekintza-planak azaldu ziren.

27-09-2022


‘Larrialdi klimatikoa: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa’ kurtsoaren lehenengo jardunaldia pasa den asteazkenean, irailaren 21ean, ospatu zen. Lehen saio horrek planetaren tenperaturaren igoeran eta atmosferaren konposizioa aldarazi duen CO2 eta metanoaren kontzentrazio altuan jarri zuen fokua, eta, gainera, klima-aldaketaren aurkako arintze-ekintzei dagokienez, Nafarroaren ikuspegia hurbildu zuen.

Doako prestakuntza da, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren (LIFE-IP NAdapta-CCren bidez), Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) Nafarroako Ordezkaritzaren eta Tuterako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UNED) arteko lankidetza-hitzarmenaren fruitua.

Saioa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren, Pedro Zuazo Onagoitiaren, unibertsitatea zabaltzeko ikastaroaren aurkezpenarekin hasi zen. Hark hitzaldi labur bat egin zuen, eta adierazi zuen klima-aldaketara egokitzea ez dela soilik tresna eraginkorra; gainera, ezinbestekoa da horren arriskuak eta inpaktuak minimizatzeko. Ildo horretan, azaldu zuen Nafarroak, 2017an, LIFE-IP NAdapta-CC proiektu integratu europarra bultzatu zuela, klima-aldaketaren aurrean kalteberenak diren eremuetako jarduera sektorialak biltzen dituena, arrisku berriak identifikatzeko eta herritarrei eta gizarteari aplika dakizkiekeen neurriak proposatzeko.

‘Klima-aldaketa fenomeno global eta erregional gisa. Zer ikusten dugu Nafarroan?’

Peio Oriak, AEMETen Nafarroako lurralde ordezkariak, hasiera eman zion jardunaldiari ‘Klima aldaketa fenomeno global eta erregional gisa. Zer ikusten dugu Nafarroan?’ hitzaldiarekin.

Nabarmendu zuen jarduera ekonomiko-industrialaren ondorioz atmosferan CO2 eta metano kontzentrazioa etengabe handitu izanak atmosferaren konposizio kimikoa aldarazi duela. Berotegi-efektua esaten zaio horri. Horrela, Oriak adierazi zuenez, klima-aldaketa ulertzea atmosferako CO2 kontzentrazioaren eta maila globaleko batez besteko tenperaturaren arteko korrelazioa ulertzea da. Horretarako, euri-jasak, uholdeak, muturreko lehorteak, bero-boladak, Artikoko izotza urtzea, ozeanoen tenperaturaren igoera, itsas mailaren igoera eta nekazaritzari eragindako kalteak azaldu zituen.

Oriak adierazi zuen, halaber, bai Estatuan bai Nafarroan, argi eta garbi handitu direla bero-boladak eragiten dituzten egoeren egunak eta horien intentsitatea. Espainiako bero-errekorrak hotz-errekorrak baino hamar aldiz ohikoagoak direla adierazi zuen.

Nafarroan, 1950etik 1,3ºC igo da tenperatura; 30ºC-tik gorako egunen kopurua bikoitza izan da; 30ºC-ko tenperaturadun egunak aurreratu egin dira egutegian; muturreko prezipitazio egunak ugaritu egin dira; gero eta izozte gutxiago daude; eta neguan prezipitazioak gutxitu egiten dira.

Hala, Nafarroan, Iberiar Penintsulako beste eremu batzuetan eta Europan bezala, klimaren aldaketetan ondorioak oso argiak dira, eta adibide gisa jartzen da bero-boladen eta muturreko prezipitazio-gertaeren kopuruaren eta intentsitatearen hazkundea.

‘Antartikako tenperatura altuak klima-aldaketa antropogenikoari egoztea’

Sergi González-Herrerok, Elurra eta Abalantxak Ikertzeko Suitzako Institutukoak (SLF), ‘Antartikako tenperatura altuak klima-aldaketa antropogenikoari egoztea’ hitzaldia eman zuen. Globoaren eremu horretan tenperatura-aldakortasun handia dagoela adierazi zuen, batez ere Antartikako Penintsulan, 20 urtean behin hozte zikloak eta beroketa zikloak izaten baitira. Aldagarritasun hori SAM (Southern Anular Mode) bezalako patroi atmosferikoen mende dago. Hala, XX. mendearen bigarren erdian, SAM-a handitu egin da, eta, horren ondorioz, eremu antartiko kontinentala hoztu eta penintsulako eremu antartikoa berotu egin da, eta, oro har, Antartikako tenperaturaren batez bestekoa igo egin da. Klima-aldaketari egozten zaio.

González-Herrerok Antartikako tenperaturarekin lotutako prentsa-titular batzuk erakutsi zituen bere hitzaldian, elkarren artean kontraesankorrak zirenak. Horregatik, ondorioztatu zuen Antartikako kontinentearen ezjakintasuna negazionismo klimatikoak erabiltzen duela, argudio sinplistetan oinarrituta. Eremu horretan egindako ikerketek, ordea, berretsi egiten dute tenperatura-igoerak klima-aldaketarekin zerikusi zuzena duela.  

‘IPCCren lana, klimaren modelizazioa eta Lur Sistemaren biki digitalak’

Francisco Doblas-Reyes, Barcelona Supercomputing Centerekoa (BSC), ‘IPCCren lana, klimaren modelizazioa eta Lur Sistemaren biki digitalak’ hitzaldia eman zuen. Nazio Batuen menpean dagoen erakunde bat da, eta txostenak egiten ditu herrialde kideentzat, bi printzipiotan oinarrituta: giza ekintzaren ondorioz klima-aldaketaren arriskuak, inpaktuak eta egokitzeko eta arintzeko aukerak ulertzea ahalbidetzen duen informazio zientifikoa ebaluatzea; eta politikaren ikuspegitik txosten neutralak egitea.

Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) txostenak ebaluatzeko prozesuan 14000 argitalpen zientifiko aztertzen dira. Horietatik ondoriozta daiteke klima beti aldatu izan dela, baina gaur egun gertatzen ari dena ezohikoa da (giza eskalan). “Zalantzarik gabe, gizakiaren ekintzak klima-aldaketa eragiten ari da, eta muturreko klima-gertaerak, hala nola bero-boladak, euri-jasak eta lehorteak, ohikoagoak eta larriagoak dira”, baieztatu zuen.

Izan ere, gizakiaren eraginak inoiz ez bezalako erritmoan berotu du klima azken 2.000 urteetan. Horrela, planetako gaur egungo CO2 kontzentrazioa gutxienez 2 milioi urteko altuena da; itsas mailaren igoera erritmo azkarragoan gertatzen da; Artikoko itsas izotzaren eremua duela 1.000 urtetik izan duen mailarik baxuenean dago; eta glaziarrak aurrekaririk gabeko atzerakadan daude.

Hitzaldia amaitzeko, Doblas-Reyesek adierazi zuen “berotze globala mugatzeko berotegi-efektuko gasen isuriak berehala, azkar eta planeta-eskalan murriztu beharko liratekeela, berotzea 1,5 ºC-ra mugatzeko”.

‘Klima-aldaketa arintzea: ikuspegia Nafarroatik’

Itziar Almárceguik eta Miguel Ángel González Morenok, LIFE-IP NAdapta-CC proiektuaren koordinazio-taldekoak eta Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko teknikariek, ‘Klima-aldaketa arintzea: ikuspegia Nafarroatik’ jorratu zuten.

Lehenik eta behin, 2018an onartutako Nafarroako klima-aldaketaren ibilbide-orrira,  HCCN-KLINAra, hurbilketa bat egin zuen Gonzálezek. Ondoren, berotegi-efektuko gasen isurien inbentarioa nola egiten den azaldu zuen. Inbentario horrek Nafarroan urtebetean atmosferara isuritako gasen kopurua jasotzen du, eta klima-aldaketaren aurrean isurketen arintzea nola monitorizatzen den, bai maila globalean, bai sektoreka.

Era berean, bi hizlariek Nafarroan gauzatzen ari diren eta klima-aldaketarekin zerikusia duten laguntza-programak eta kudeaketa-programak errepasatu zituzten, energia-sektorea, garraioak, lehen sektorea, ondarea, ura, etxebizitza eta hondakinak bezalako hainbat arlotatik.

Gainera, azaldu zutenez, Nafarroak baditu beste eskualde-estrategia batzuk, konpromiso klimatikoa dutenak eta, zehazki, arintzearekin zerikusia dutenak. Besteak beste: Nafarroa Berraktibatzeko Plana 2020-2030; Nafarroako espezializazio adimenduneko estrategia S4 2021-2027; Navarra Green, trantsizio ekologikoko estrategia; Nafarroako Lurralde Estrategia (ETN); Nafarroako Azpiegitura Berdearen Estrategia; Nafarroako Zahartze Aktibo eta Osasungarrirako Estrategia 2017-2022; eta Nafarroan ozono bidezko airearen kalitatea hobetzeko Plana.

Hurrengo jardunaldia

 

‘Larrialdi klimatikoa: egokitzapena klima-aldaketari aurre egiteko tresna eraginkor gisa’ kurtsoa hurrengo urriaren 25ean, asteartea, jarraituko da. Izen-ematea, bai saio horretarako, bai etorkizunerako, UNEDen web orriaren bidez egin daiteke oraindik.

Nahi duten eta oraindik izena eman ez duten pertsonentzat, doan egin dezakete honako esteka honetan:

Online matrikula